|
Metropoli Forala
Hannover
1995-08-11
Edertasuna bilatzen dugu etengabe, bazter guztietan. Hasieran uste dugu armonian aurkitzen dela, lasaitasunean, orekan, baina laster ohartzen gara itsaso bareak aspergarriak direla, bakearen azpian ez dagoela deus ere eta zoriontsuak izateko ekaitzak behar ditugula. Orduan kaosean murgildu nahi dugu, gogoratzen gara mundua leherketa —kontrolatua ote?— baten ondorioa izan zela eta kalera ateratzen gara ordena ostikoka haustera, dena nahastera, gure izpiritua libreagoa izango delakoan. Zurrunbiloan errazagoa izango da inoiz lapurtu ziguten askatasuna berreskuratzea, esaten diogu gure buruari, eta liluraturik geratzen gara paisaia postindustrialetako bortizkeria argitzen duten ekaitz elektrikoen aurrean. Bukolismoaren garaiak bukatu dira, munduko lore guztiak usteldu dira, oihukatzen du lagunak pospolua piztuz. Ez da konturatu dena sutan dagoela aspalditik, bera jaio baino lehenagotik, eta bere ekintza alferrikakoa izango dela, ezin da erre suntsiturik dagoena. Iraultza ezina da, soilik errebelioa geratzen da, abesten zuten Hertzainek. Eta errebelioa ere espejismo bat, amets bat besterik ez bada? Orduan kiskalitako kaleetatik aterako gara eta burua makurtuta beste nonbaitera joango gara, azkenean edertasuna aurkituko dugu, dio neska beltzaran batek ke poteen artean lasterka egiten dugun bitartean. Instant batez begiratu diot eta iruditu zait beharbada aurpegi horretan aurkitu dudala erantzuna —engainatu ziguten eta haizean ez zegoen deus—, baina kaleska batean sartu da eta sugarretan desagertzen ikusi dut. Suzko kaleetan ere ez dago etorkizunik, edertasuna beste edozein gauza bezalaxe erretzen da eta ametsa laburra izaten da. Azkenean argazki bat besterik ez da geratzen gu han izan ginela esan dezagun. Zerbait galdetzen badigute edertasunaren bila genbiltzala erantzungo dugu malenkoniaz. Zurrunbiloaren erdian aldegin zigun ia eskuetan genuela eta orain ulertu dugu ez dugula sekula harrapatuko, gehienez bere islada ikusiko dugula norbaiten begietan edo horman zintzilikaturiko koadroren batean.
Metropoli Forala |