|
Metropoli Forala
Parkean lasterka
1995-09-08
Gauean parkean lasterka egiten dutenen artean batzuk patxadaz ibiltzen dira, geratzen zaizkien kilometroetan edo etxera itzultzean hartuko duten dutxan baino pentsatzen ez dutenak; beste batzuek, berriz, azkarrago egiten dute korrika, hortzak estutuz, lasterketa infinito batean beren burua deuseztatu nahi balute bezala, eta berehala antzematen zaie zerbaitetik ihes egiten ari direla, istorio ilun batetik, inoiz maite izan zuten pertsonarengandik edo sekula onartu ez duten iraganetik. Hauek ez dira behin ere etxera itzultzen, gau osoa ematen dute lasterka, egun osoa, eta biharamunean berriro topatzen dituzu parkean, gero eta nekatuago, gero eta isolatuago, gero eta itxaropen gutxiagorekin, lehertu arte dantza egiten zuten neska-mutiko haiek bezala. Gauzak gaizki ateratzen zaizkigunean lasterka ateratzea da bururatzen zaigun lehenengo gauza, atzera begira gabe, baina gero, dena garbiago ikus dezakegunean, ulertzen dugu lasterketa horrek heriotzara eramango gaituela. Astean behin eroritako korrikalariak lurperatzen dituzte parkean eta paseoan dabiltzan atso-agureek triste begiratzen dute, hain gazteak dira denak, baina lasterka segitzen dutenak ttu eginez pasatzen dira hilobien ondotik eta biraoka hasiko lirateke gogoan beren istorio tristea, beren frakasoa, beren desilusioa eta emakume baten aurpegia baino zerbait gehiago izango balute. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zergatik ez duten beren burua hiltzen eta kitto. Orain, parkean hainbeste gauetan ibili ondoren, uste dut badakidala zein den erantzuna: beste bizimodu bat aurkitu dute, filosofia bat. Turkiako derbitxeek bezala uste dute etengabeko mugimenduekin nolabaiteko purifikazioa lortuko dutela, beren ezbeharraren arrazoietatik urrunduko direla. Ez dira konturatzen denbora guztian bueltaka ari direla parkean, eta erdian pobrezia, abandonatu zituzten emakumeak, haiek beste batzuei inposatutako indarkeria eta beraiei inposatu zietena, beren bizitzako gezur guztiak, eta erotzeko beldurra daudela haiei begira. Guzti hau ikusi dut parkean pasa ditudan gauetan eta inoiz ez itzultzea erabaki dut, badaezpada ere.
Metropoli Forala |