|
Metropoli Forala
Cindy Sherman argazkilaria Santa Marian
1994-06-03
Cindy Sherman argazkilari iparamerikarra kameraren bi aldeetan jartzen da eta atzean dagoenean bere lana egiten duen edozein bezalakoa da, argia neurtu, enkuadreak aukeratu, itzalak bilatu, kontrasteak areagotu, adierazi nahi duena prestazen du azken finean, baina beste aldera pasatzen denean hamaika pertsonaia bilatzen da: senarraren erasoa jasan berri duen etxekoandrea, ondoko izkinako prostituta, berrogeita hamarretako zine izarra, Bronxeko jonkia, zikinkeriaren erdian bizi den eskale desahuziatua, limousina batetik ateratzen den kantari glamouretsua, edota bizitza leihotik begiratzen duen filosofari bokazionala edo suizida potentziala. Argazki guzti hauek ikustean pentsatu dut beharbada egia dela Borgesen errelato askotan errepikatzen den teoria bat, gizon bat gizon guztiak dela edo emakume bat emakume guztiak, pertsona batengan munduko gizaki oro sartzen dela, alegia. Horrela, Garzon jauna epailea litzateke, bai, baina aldi berean kokaina garraiatzen duen narkotrafikantea ere izan liteke, edo Afrikako herri batean gaisoak sendatzen ari den misiolariak kontu korrente sekretoak izan litzake Suitzan, eta azken Pullilzer saria irabazi zuen argazkilarik ez zekien bere autorretratoa egiten ari zenik, bera zela putrearen aurrean erortzear zegoen umea, edo agian bazekien eta testamentu grafikoa utzi nahi izan zigun. Oso pertsonaia diferenteak dira Cindy Shermanenak; halaere argazki guztietan elementu amankomun bat soma daiteke, berak zioenez hasiera batean ikusi ez zuena, heriotza. Ez da gehiegi nabarmentzen eta bakarrik giro ustelduen argazki serietara iristean ohartzen gara izkina batean dagoela. Ondoren konturatuko gara atmosfera berberak inguratzen duela top-modela. Ongi prestatutako fikziozko irudiak besterik ez direla esango du baten batek, baina nik oso antzekoa den zerbait ikusi dut Mario Rubioren atzean eta Tuzlako emakume musulman baten inguruan. Juan Carlos Onettik aspaldian erreparatu zuen heriotzean, toki guztietan ikusten hasi zen eta horregatik sartu zen ohean. Cindy Shermanek Santa Maria hiria erretratatu du bere argazkietan oharkabean, eta hor denok azaltzen gara, guziok gara Cindy Sherman eta noraezean gabiltza gure irudia etengabe multiplikatu eta deformatzen duen ispilu baten aurrean, munduan, Santa Marian.
Metropoli Forala |