Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-12

 

1992-10-16

 

      Modaren esklaboak eroturik ibiliko dira egun hauetan. Armairu guztiak yupientzako arropez beterik zituztenean, galtza urratuak eta alkondara zikinak inposatzen hasi omen dira Hollywood-en, eta, jakina, modek berehala gurutzatzen dute Atlantikoa.

      Dutxarik ez hartzea, ez garbitzea ere defendatzen ari dira famatu asko. Beharbada kosmetikoak fabrikatzen dituzten enpresak beldur izanen dira eta dagoeneko kontraofensibaren bat prestatzen ariko dira. Zeinek daki, agian look berriari dagokion lurrinen bat eginen dute zabortegiren batetik ateratako esentziekin edo hortzak belzten dituen dentifriko bat asmatuko dute.

      Estilo berri honek indarra hartuko balu irudi parregarriak ikusiko genituzke gure kaleetan. Bagabundoek osatuko lituzkete bankoen administrazio kontseiluak, ministroek hautsitako alkondarak jantziko lituzkete korbataren ordez foulard zikin bat jarriz. Cindy Crawford-ek zorriak erakutsiko lituzke modelo paseetan eta Armani-k pixez egindako koloniak komertzializatu beharko lituzke.

      Badakit guzti hau exajerazio bat dela eta gehienetan horren kontserbadorea den gizarte hau ez dela horren urrutira iritsiko. Hala ere, joera hauek nolabaiteko eragina izanen dute, ideologiak bazterrean gelditu omen diren garai hauetan estetikari gero eta garrantzi haundia ematen bait zaio. Batzuen ustez punkiek utzitako herentziak bizirik dirau, beste batzuentzat guzti hau gauregun nagusitu den gusto txarraren adibide adierazgarri bat besterik ez da eta zenbaitek berri hauek egunkarien orrialdeak betetzeko txorradak direla esaten dute. Nik ez dakit zer izango ote den, baina lisatu gabeko arropa askoz ere lasaiago eraman dezaket orain, batere lotsatu gabe.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak