Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Geltokia

 

1994-08-05

 

      Urrutiko tren geltoki batean ulertu nuen aspaldian zerua eta infernua elkarren ondoan daudela: dirua kendu ondoren labana sartzen badizute erraietan infernuan zaude; vodka trago batera gonbidatzen bazaituzte, berriz, zerura iritsi zaitezke minutu gutxi batzutan. Geltokiak mundutik at geratzen dira goizaldeetan, mundu sekretu bat osatzen dute eta kanpoan taxistak ateratzen diren gorpuei eta mozkortiei begira egoten dira, sartzen ausartu gabe. Paul Asteren liburu batean deskribatzen den herrialde arrotz bezain ezagunean banengo bezala sartu nintzen goizalde batean geltokian. Taxistak zerbait esan zuen bere hizkuntzan eta doluminak ematen ari zitzaidala zirudien. Atea zeharkatu eta berehala hamar tipok inguratu ninduten. Beldurturik, labana bilatu nuen patrikan, baina txiskeroa besterik ez nuen aurkitu. “Jainkoarengan sinisten al duzu?” galdetu zidan buruan batere ilerik ez zuen tipo batek. Hasiera batean zer esan ez nekiela geratu nintzen, nire inguruan begiratu nuen ihesbide bat aurkitu nahian edo, eta orduan Juliette Binoche iruditu zitzaidan emakume bat ikusi nuen urrutian. Bai, erantzun nuen, eta gizonak petaka bat atera zuen poltsikotik eta luzatu zidan. Gainerakoen parrak entzun nituen, eta bero ikaragarria sentitu nuen eztarrian ezezik nire larru guztian. Inguruko guztien ahoetatik sugarrak ateratzen ari ziren. “Tronpatu egin haiz, zeruaren bila etorri haiz eta betirako sufrimendua aurkitu duk”. Ez nuen emakumea ikusten eta pentsatu nuen egia esaten ari zirela, ez nintzela behin ere aterako handik. Trenen ordutegiari begiratu nion, “Infernua: 6,9 eta 11etan (expresoa). Oharra: zerurako trenak ez dira gehiagotan aterako, eta aukera garaiz aprobetxatu ez duena izorra dadila”. Petaka eskatu nion berriro burusoilari eta zurrutada luzea hartu nuen. Konortea galdu nuen eta esnatu nintzenean parrez ari ziren guztiak. “Inozente, inozente”, oihukatzen ari ziren umeak bailiran bazter batera seinalatuz. Telebista kamara pare bat zeuden eta langileak ere parrez lehertzen ari ziren. Altxatu nintzen, deus esan gabe tabernara joan nintzen, botila bat vodka eskatu nuen eta geltokitik atera nintzen. Beste egun batean hartuko nuen infernurako trena. Lehengo taxistak aluzinaturik begiratu zidan eta ulertu ez nion zerbait esan ondoren labankada bat sartu zidan bihotzean. Erori aurretik, “welcome” irakurri ahal izan nuen geltokiko atearen gainean.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak