|
Metropoli Forala
MF-23
1993-09-03
Goytisolori bezala, neri ere betidanik gustatu zaizkit nahasketa handia duten lekuak, arraza guztiak ikus daitezkeen azokak eta kultura desberdinek elkarri mesedeak eta prestamoak egiten dizkioten guneak. Duela zenbait urte bazirudien zorionez horretara gindoazela, gizartearen zati handi batek mundua hobetzeko posibilitateak zeudela uste zuen eta utopiak errealitate bihurtuko zirelakoan lasai ibiltzen ginen kotxe zaharretan etorkizunerantz, baina azken bolada honetan gertatukoak oihal beltz bat zabaldu du paisaian eta errepideak moztuta daude. Ertzeetan eserita, lokamuts baten erdian gaudela pentsatzen dugu sarritan eta begiak igurtzen ditugu dena desagertuko delakoan, baina ez, hor daude Bosniako hilketak, gerra bat baino gehiago, garai baten bukaera markatzen duen “garbiketa etnikoa”, hor dago, laku baten erdian, europear zibilizatuen begirada inespresiboen aurrean itotzen ari den neskato marokkiarra, hor daude gobernuak biharamunean muga desolatu batean jarriko dituen inmigranteak, hor daude berak baino aberatsagoak direlako ijitoak herritik bota nahi dituzten biztanleak, eta hor dago, azken finean, gure gorpua. Irudi horiek ez dira nolanahi ezabatzen, burmuinetan grabaturik gertatzen dira betirako eta gure nahiak eta desioak estaltzen dituzte, indargabetu. Izuak ez digu mugitzen uzten eta karreteraren ertzetik gorpuen desfilea begiratzen dugu gure buruaren zai. Bosnia, Rotterdam, Tarifa edo Berlin ondoan ditugu, hurrengo bihurgunean, eta kontuz ibiltzen ez bagara irentsiko gaituzte, dena kolore bakarrekoa izango da, aspergarria, eta nazka sentituko dugu gure buruaz. Europaren mitoa bere burua hiltzera doa, pistola garunean jarri du eta nahikoa da skinhead ergel baten kolpe bat kontinente oso bat mila zatitan leher dadin.
Metropoli Forala |