Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-19

 

1993-05-07

 

      Almeriako kostaldeko taberna batean, akelarre batean bildurik egonen bailiran, basoak frenetikoki husten dituzten berrogei bat lagunek eta piskanaka piskanaka solasaldien abiada azkartuz doa. Denak euskaraz ari dira, elebakarra deklaratu liteke txiringitoa, baina ez dakit Andaluziako Juntak horrelako aldarrikapenik onartuko lukeen. Oskorriren diska baten titulua parodiatuz “Almerian euskaraz” taldearen sorrerako lehengo pausuak eman litezke eta hondartza bakartietan manifestaldiak antolatu.

      Almerian pasatako egunetan idazle judu baten teoriak irakurri ditut eta zerbeza batzuk hartu ondoren proposatzen duen “diasporismoa”, hau da, Palestina utzi eta gerra mundialaren aurretik bizi ziren tokietara itzuli Europan barrena sakabanatuz, euskaldunentzat ere soluziobide ona izan litekeela pentsatu dut. Arazo bakarra zera da, ez garela juduak aina tokitan ibili, baina uste dut azkenean ez genukeela bakoitzak gehien gustatzen zaion bizilekua aurkitzeko problemarik izanen. Lantegiak ixten ari diren momentu batean, gainera, gero eta gauza gutxiagok lotzen gaituzte sorterrira (gaur egun jende askok egiten dio bere buruari Ruper Ordorikaren galdera berbera). Badakit batzuk fribolotzat hartuko nautela, baina gure herri berrietan sekulako euskal festak antolatu ditzakegula pentsatzen dudan bakoitzean emozionatu egiten naiz. Agian egunen batean, kitarra baten laguntzaz eta Iparragirreren izpiritua nireganatuz, nire herrimina haizeratuko dut Librevilleko kale kantoi batean, eta noizean behin eskutitzak idatziko dizkiot nire buruari gutunazalean nire Euskadiko helbidea jarriz. Horrela, inoiz itzultzen banaiz bete betea aurkituko dut buzoia, han karterorik gelditua bada behintzat.

      Dena dela, nire dudak ere baditut. Esaten dute itzultzea dela bidaiaren onena, eta sinesten ez badut ere, badaezpada ere behin behineko diasporismoa defendatuko dut, hau da, norbera nahi duen arte egon dadila diasporan. Bitartekoak izanen bagenitu beharbada hutsik geldituko litzaiguke izkina.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak