|
Metropoli Forala
MF-15
1993-01-15
Beheko dendako alarmak esnatzen nauenean, leihora hurbiltzen naiz eta goizaldean kalean dabiltzan pertsonaien erretrato robotak egiten saiatzen naiz aurpegi horiek gero ametsetan azalduko zaizkidala jakin arren. Ordu hauetan hiriak beste itxura bat hartzen du eta batzutan beste nonbaiten egongo bainintzan sentitzen naiz, agian alarmak erabat esnatu ez nauelako eta ametsa eta errealitatea bereizten dituen muga horretan nabil ohartu gabe. Hasiera batean, zarata nire belarrietara iritsi denean, aterpe antiaereorantz lasterka ateratzea izan da burura etorri zaidan lehenengo erreakzioa —“Hazañas bélicas” izeneko tebeo gehiegi irakurri nituen txikitan nonbait—, baina berehala oroitu naiz Lehenengo Munduan bizi naizela, hiri paketsu eta harro batean, eta oraindik inork ez duela munduaren amaiera iragarri. Alarma alu horietako bat bakarrik izan zitekeen, eta gainera ez zirudien isiltzeko asmorik zuenik. Horregatik, altxatu naiz, zigarro bat piztu dut eta kalean dabiltzan pertsonen fitxa mentalak egiteari ekin diot alarmarena munipei salatzea txorrada bat dela pentsatuz. Gizon bat pasatu da zialdoka leihoaren aurretik. Ez da harritzekoa izaten ordu honetan mozkortiren bat ikustea, baina honi zerbait arraroa antzeman diot. Sanchez Ostizen “Las pirañas” nobelaren protagonista etorri zait momentu batez gogora eta irrifartsu esan diot nire buruari iruinsheme harroputz guztiek irakurri beharko luketela antidoto gisa. Agian beren burua ere aurkitu lezakete orrialdeetan. Bapatean gizona, foko bat bailitzan farola baten azpian jarriz, jiratu egin da, neri begira gelditu da —hala iruditu zait behinik behin— eta besoak mugituz por culo hartzera bidaltzeko keinua egin du. Alarmaren hotsa estridenteagoa egin da eta orduantxe lehenengo bonbaren eztanda sentitu dut. “Hau putada, gaur gauean ezin izango diat lorik hartu”, pentsatuz, “Denbora galduaren bila” obraren tomo guztiak hartu ditut eta aterpera abiatu naiz erantzungailu automatikoa martxan jarri ondoren.
Metropoli Forala |