Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Liburu bat patrikan

 

1997-01-24

 

      Ruandan hil dituzten kooperanteetako batek Walt Whitmanen poesia liburu bat eramaten omen zuen toki guztietara. Emakume hark bertsoen boterean sinesten zuen, dudarik gabe, bazekien egoerarik zailenean ere olerki baten edertasunak salba gaitzakeela, nahiz eta, tamalez, gorputz baten kontra botatako balak ezin geldiarazi. Hamaika heriotza ikusi ondoren, ehundaka zauri sendatu ondoren, erizaina bazter batean eseriko zen iluntzean eta atseginez irakurriko zituen berriro, ozenki agian, natura eta gizakiari buruzko gogoetak, seguru aski buruz ezagutuko zituen poema asko eta beharbada behin baino gehiagotan saiatuko zen hutu nahiz tutsi bati zati txikiren bat itzultzen. Hainbestetan irakurrita, liburua guztiz zahartuta egonen zen, gure patrikan eta gogoan luzez eramaten ditugun orrialde guztiak bezalaxe. Hala ere, horiexek izaten dira gehien maite ditugun objetuak, txunditurik utzi gintuen poema liburu hura, penak ahantzarazten dizkigun binilozko disko zaharra edo aspaldian urratutako galtza bakeroak. Inoiz ez zaigu bururatuko liburuaren edizio berria erostea, diskoa cd formatoan eskuratzea edo bakeroak konpontzea, traizio txiki bat izanen litzateke, eta erizainarentzat ere liburua Whitmanen poesia batzuk baino askoz gehiago izanen zen, talisman baten moduko zerbait, baina horrelako talismanek ez dute babes handirik ematen basakeriaren aurrean, eta eskuetan kalashnikov bat daramaten gehienek ez dakite deus poesiaren indarraz. Nazioarteko bileretan agintariek oreka geopolitikoaz hitz egiten zuten bitartean, estatuek eta merkatariek armen negozioaren etekinak aztertzen zituzten bitartean, erizain batek dena ematen zuen deus ez dutenen alde eta iluntzean, nekatuta, dispentsario txiki bateko sarreran esertzen zen poeta iparramerikar baten hitzak errezitatzeko. Komunikabideak berriro hasi dira dagoeneko ahantzirik zituzten Afrikako gatazkez mintzatzen, analisi sakonak irakur daitezke egunkarietan eta politikoek kooperanteen lana goraipatu dute. Nik Walt Whitmanen liburu zahar bat hartu dut apaletik, poema batzuk irakurri ditut erizain ezezagun baten omenez eta lurperatzen dutenean bere liburua patrikan eramanen ote duen galdetu diot nire buruari.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak