Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Kazetari zaharrak

 

1999-05-14

 

      Clint Eastwooden azken filma ikusi ondoren, Jose Antonio Iturri maisuak metropoli foral honetako egunkari batean idatzitako zutabea oraindik gogoan dudala, kazetari zaharren bila abiatu naiz tabernaz taberna. Dena alferrik ordea, desagertu egin dira. Garai batean erredakzioan ez bazeuden —eta ez ziren bertan luzez egoten, zerbaitek etengabe kalera bultzatuko balitu bezala—, bagenekien tabernaren batetik hurbil ibiliko zirela, horiek izaten baitira informaziorik onenak lortzeko tokirik aproposenak, batez ere jendeak zaborra etxetik atera eta bidenabar pote bat hartzera doan orduan, edo agian tanatorioan izanen zirela hildakoren baten senideei galdezka ahalik eta istoriorik bortitzena lortzeko ahaleginetan. Aspaldian gertatzen ziren horrelakoak. Duela urte asko, beste historiko bati irakurri diodanez, erredakzioetara iristen hasi ziren ume pijoek izuturik beharbada, ospa egin zuten eta hiriko taberna guztiak hustu ondoren lurrak irentsi zituen, deabruak azken urteetan galdutako poker jokaldi guztien errebantxa hartu nahi izan balu bezala. Batzuek uste dute albiste inposibleren baten atzetik joan zirela eta orain, erromantizismoaren atzaparretan erorita, munduan galdutako borroka guztien errepasoa egiten ari direla nonbaiten. Beste lekuko batzuek, berriz, zenbait kazetari zahar enpresa handien kontseiluetan eta boterearen eserlekuetan agertu direla diote, baina horiek ez zaizkit interesatzen; nik besteak aurkitu nahi ditut, mahaiaren kajoi batean whisky botila gordetzen zutenak, lana bukatu ondoren etxerako bidean Tom Waitsen kaset zaharra jartzen zutenak eta gaur egun politikoki batere zuzenak ez diren madarikazioen artean poema pare bat bota zezaketenak. Kazetari zahar horiek hamaika master zituzten umeak iristen hasi zirenean kapela jantzi eta “oraintxe gatoz” esan zuten beren betiko dotoreziaz entzun nahi izan zietenentzat. Geroztik, ohore handiz “gizarteratu” direnak alde batera utzita, inork ez ditu ikusi. Orain ez dago kazetari zaharrik egunkarietan, eta guk, gaurko periodikua leitu beharrean, hemeroteketan bilatzen dugu gaurkotasunaren emozioa, pulitzer saririk gabeko zauri idatzia. Gogoan ditugu Eastwooden pertsonaiak bezala, batzuek zorionez izan ditugun maisuek bezala, Interneten aroa iritsi baino lehenago informazioa eta bizitza kaleko nahiz tabernetako web-guneetan bilatzen zekiten eroak. Egun batean ilobei kontatuko diet ni kazetari zaharrak ezagutu zituzten azken mohikanoetako bat izan nintzela eta haiek harriduraz begiratuko didate. Baina, ba al dago inon kazetari zaharrik?, galdetuko dute.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak