Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Liburuaren Eguna

 

1996-04-26

 

      Egun batez animatuago daude liburudendak, ez tabernak edo hiperrak arratsaldeko zazpietan bezain beteta, baina bai normalean baino jende gehiagorekin. Adiskide batez oroitu naiz nobedadeen artean begiratzen ari nintzela: Borges-en liburutegi erraldoiekin amets egiten zuen eta orduak ematen zituen irakurtzen; dena gutxi iruditzen zitzaion, ordea. Obsesionaturik zegoen, uste zuen liburu perfektoa aurkitu aurretik hilko zela eta horrek loa galarazten zion. Azkenean erabaki bat hartu zuen: jende gehiena egun bakar batez gogoratzen bazen liburuez, berak alderantziz egingo zuen, egun bakar batez besterik ez zen aterako kalera, Liburuaren Egunean hain zuzen, lagunak ikusteko eta urtean zehar hartu gabe utzitako pote guztiak edateko. Ederki prestatu zuen dena: diru behar handirik ez zuen, bere gurasoek hilabetero kopuru bat pasatzen baitzioten bankutik, beheko dendatik igotzen zizkioten behar zituen jaki eskasak eta liburudendakoek sobre handi batzuetan bidaltzen zizkioten eskatzen zituen liburuak. Ateratzen zen egunean, Liburuaren Egunean, koadrilako guztiok harriturik begiratzen genion hasieran, “hi burutik jota hago, nola bizi haiteke neskarik gabe, lagunik gabe, sexurik gabe, deus ere gabe?”, galdetzen genion, baina berak oso serio erantzuten zuen: “Liburuetan dena dago, eta ez dut besterik behar”. Neri Paul Austeren Fantasmak istorioko pertsonaia bakartia zetorkidan burura ikusten nuen bakoitzean, baina Liburuaren Eguna Parrandaren Eguna ere bazenez bosgarren whiskyrako ez genion besterik galdetzen eta lasai uzten genuen urte guztian libre zuen egun bakarrean. Goiz batean bere etxera joan nintzen bisita bat egitera, baina ez zidan atea ere ireki. “Joan hadi, badakik ez zaidala gustatzen Liburuaren Egunean ez bada inor ikustea, irakurtzeko denbora behar diat”. Triste samar geratu nintzen, txikitatik oso lagun onak baikinen, eta ospa egin nuen. Iaz gertatu zen, Liburuaren Eguna pasatu ondoren.

      Geroztik ez dugu haren berririk izan. Aste honetan ospatu den Liburuaren Egunean bere zain geunden denok, baina ez zen azaldu. Ez naiz ausartzen bere etxera joaten. Beharbada hilik dago bere liburu guztien artean, edo Interneten sartu da eta orain Liburuaren Egunean ere ez du ateratzeko astirik. Zeinek daki. Okerrena da ez dugula inoiz literaturaz hitz egin.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak