Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-20

 

1993-06-04

 

      Batzutan, burmuinak erabat saturaturik ditudanean, periodikuan ikuskizunen orrialdea bilatzen dut eta kontzertuen zerrenda irakurtzen dut goitik behera. Talde ezagunak direnean, kontu haundiz aukeratzen dut bat, eta bestela izen erakargarriena duena ikustera joaten naiz. Eskenatokitik hurbil samar jartzen saiatzen naiz eta deustan ez pentsatzen ahalegintzen naiz. Lehenengo akordeekin mugitzen hasten naiz eta sentitzen dut bateriak malenkonia pilatzen den burmuinaren zatia astintzen didala. Iraganak orduan ez nau torturatzen, bateriak ez dio kejarik ateratzen uzten eta beste kontzertu batzuen bateria majikoen soinua besterik ez da aditzen nire buruaren zati batean, zoriona besterik existitu ez bailitzan.

      Bajuak tristeziaren aldea zanpatzen du erritmikoki eta orduan difuminatu egiten zait errepide alu baten bihurgunean hildako adiskideren aurpegia. Badakit kontzertua bukatzean berriro agertuko dela eta gauean ametsetan azalduko zaidala, baina bizirik, eta ez odol putzu baten erdian. Adoleszente bat nintzenean bajista edo zestapuntista izan nahi nuela gogoratzen dut holakoetan eta pentsatzen dut beharbada jotzen ari diren kanta joandako laguna istripua izan zuen momentuan kotxearen radiokasetean zeraman berbera izan daitekeela.

      Kitarrarekin, aldiz, kontrako zerbait gertatu ohi zait. Gorrotoa, amorrua, biziagoak sentitzen ditut, eta haiekin batera frustrazioa, txikitu nahi nituzkeenak urruti baitaude. Horregatik, nire oinek lokalaren zolua kolpatzen dute akordeak segituz. Nire ingurura begiratzen dut eta gehienak ni bezalaxe ari dira intensitate desberdinez. Gauetan kiskalitako etxeak, goizaldeetan bahitutako gizonak edo bonben artean miss lehiaketa bat irabazi nahian areto triste batean paseatzen diren neska gazteak etorri dakizkit burura holakoetan. Lagunek esaten didate amets gehiegi egiten dudala, eta beharbada arrazoia dute, baina badaezpada nik gogor zapaltzen dut lurra kitarra isiltzen den arte.

      Ahotsek, azkenik, ondorio desberdinak izaten dituzte niregan, eta maiz aurreko sentsazio guztiak nahasten dira. Hitzek toki askotara eramaten naute, eta ulertzen ez dudanean abeslarien ahoari begiratzen diot. Behin ahots ederreko emakume bat aritu zen kantari eta diskotekako langileek aterarazi ninduten kontzertua bukatu eta bost ordu beranduago. Eskenatokian ez zegoen inor eta nik begira jarraitzen nuen ahozabalik. Orain, psikiatrikokoek ez gaituzte kontzertuetara eramaten, baina nik horman jarrita daukat emakume haren posterra.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak