Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Atzapar sendoak

 

1997-05-09

 

      Araitz haraneko belaze batean suertatu zitzaidan artzain harekin solastatzea, eta baita haren mintzoaz gozatzea ere. Ameriketan ibilia zen luzaro, ardiak zaintzen, eta biziki antzematen zitzaion han ikusi eta sentitutakoa oso barrenean zeramala oraindik. Izan ere, Balerdiren magaletik Pampara joandako artzain hura apartekoa zen hizketarako eta, bere jiteagatik —grinatsua zen gizaseme hura!—, Argentinara jo genuen eleen poderioz, eguzkia iluntze aldera makurtzen den ordu horretan. Berriketaren une batean, behin arditan zebilela tigre bat atera zitzaiola esan zidan, berari eraso egiteko asmoz, gainera. Bai to!, pentsatu nuen nire baitan. Nirekiko, Martin Fierroren zelai eta oihan zabaletan ez zen halako animaliarik; niretzat, tigrearen barrutia Asia besterik ez baitzen. Esan ere esan zidan, gorriak pasatu zituela tigrea uxatzeko ahaleginean, eskopeta erabili behar izan zuela, eta, finean, tiro hotsak uxatu zuela haren fortunarako. Artzainaren harropuzkeriak sesiorako gogoa piztu zidan: zirika ari zen nirekin, duda gabe. Akaso, puma edo beste piztiaren bat izan zitekeela ihardetsi nion nik. Baina, ezetz!, hura tigrea zela, bere begiekin aurrez aurre ikusitakoa, alegia. Gogoan dut oraindik solasaldi samur eta esanguratsu hura, besteak beste, tigrearen kokapenari buruzko nire ustea, erdia ustel zela konturatzerakoan: “Kontxo, eta benetan balego tigrerik Ameriketan?”

      Ez dut esanen Tigre ehizan liburua osatzen dituen hogei ataletatik zeinetan argitu dudan Aingeruk artzain hark nigan sortutako zalantza. Baina esan nahi dut, ozen gainera, zalantzarik gabe honakoan, kontaketa landu, ondo girotu eta tentsioz betea idatzi duela Epaltzak. Estuki lotzen zaio egilea baita lan honetan ere, oso berezkoa duen idazkerari. Hizkuntz erregistro aldetik, kasu, artista bat da Epaltza.

      Aingeruren Tigre ehizan azken liburuaren hizkera aurrekoen bide beretik doa, zorrotz eta joria. Zertxobait kamustu duela esango nuke, beti ere, berak zuzen jorratutako ildotik aldendu gabe eta, irakurlearen onerako. Idazten duelarik, exijitu egiten dio bere buruari. Bere lexiko, aditz joskera, mintzamolde ezberdinen erabilerak,... frogatzen dute ongi. Haren lanak ez dira arin irakurri behar, astiro baizik. Bere liburuak —Ur uherrak nahi dut gogora ekarri— lehenengo begi kolpetik aise sartzen ez direlako.

      Esku ahurrak nigana zuzentzen zituela, piztiaren atzaparrak bailiren, atxiki zait edadeko artzain haren irudia nire iruditegi pertsonalean; nola haizeak hitz bat edo beste eraman zuen mailoetatik haruntza, biok patxada ederrean aritzen ginen bitartean, adin kontu, jatorri eta protokoloaren beste arretarik gabe.

      Mailoetako kontalari harekin gertatu zitzaidan modura, baita hitz bat edo beste galdu dut ere tigrearen ehizean. Baina ez du axolarik, ehiziak merezi zuen eta.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak