Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Desolazioa pantailan

 

1995-03-17

 

      Filme batean erabateko desolazioa ikusi dut eta orain arte amesgaiztoetan baino agertzen ez zitzaidan paisaia mentala guztiz erreala izan daitekeela ulertu dut. Desertua baino askoz ere gogorragoa da, basamortuan edertasuna nonnahi aurki baitaiteke, eguzki izpi batean, ihes egiten duen pizti batengan edota nahita bilatutako bakardadean. Vitali Kanievskik deskribatzen duen gerra ondoko Siberian, berriz, ez dago edertasunik txikienerako tokirik; hala ere, mutil protagonistak ez du amore ematen. Ez dakit nolakoa izango den Daniel Kalparsoro donostiarraren lehenengo luzemetraia (aspalditik berandu iristen zaizkigu 40 Printzipaletan ez dauden filmeak, iristen baldin badira), baina kritikariek diotenez bortizkeria eta zibilizazio industrialaren arrastoak nagusi dira “Salto al vacío” pelikulan. Odola litroka isuri arren, ez dut uste “Una vida independiente” bezain gogorra izango denik. Duela urte asko ohitu nintzen sexu eta biolentziaz beteriko sekuentziak ikusten, baina pertsonaien barne desolazioarekin ez naiz behin ere ohituko, ederki baitakit haiei gertatzen zaiena bihar nire arazoa izan daitekeela eta estutasun berbera da Siberiako mutikoarena eta Exotika izeneko areto batean emakume eder biluziek inguraturik egonagatik bere fantasmak baztertu ezin dituen Haziendako funtzionarioarena. Inoiz ez naiz topatu nire bizimodua dirutan tasatu behar duen aseguru etxeko langile batekin edo filme pornoak sailkatzen dituen emakume batekin, baina Atom Egoyan zuzendariaren pertsonaiak hurbil sentitzen ditut, istorio errealak kontatzen ari zaizkit eta Kanievskik bezala desolazioa begien aurrean jartzen didate. Horregatik gustatzen zaizkit pelikula horiek, eta beharbada horrexegatik dituzte horren ikusle gutxi.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak