Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Ilunpeen bihotzean

 

1999-07-16

 

      Eguzkia egunero ateratzen da, baita Iruņean ere, The sun also rises, hau da, festa, besta, jaia eta abar kristona da, baina uztailaren hamabosta iristen denean badirudi batzuentzat dena bukatzen dela, festaren ondorengo depresioak harrapatzen ditu eta, Hemingwayren lanak alde batera utzita, Joseph Conraden ilunpeen bihotzean sartzen dira bete-betean, pasiloaren beste aldean Marlon Brandoren aurpegia duen borrero bat zain dutelarik. Gogorrak dira San Ferminen ondoko momentuak, ikaragarriak, batez ere astebetez gaztaroaren egunik onenetara itzultzeko aukera zutela sentitu dutenentzat. Peter Punkek errealitaterik gordinena aurkitu du etxean uztailaren hamabostean, bat-batean konturatu da bi ume dituela eta aspirinak aspaldian agortu zirela. Apokalipsis nau. Aurrean urtebete barru beste sanfermin batzuetan itsasoratuko diren hilabete amaigabeak daude, eta afarien eskailerak —urtarrilaren lehena, otsailaren bia eta gainerakoak— ez du apenas oinazea arinduko. Bat baino gehiago ikusi ditut nik bazter batean negarrez egunerokotasunari berriro heldu behar diotelako, parrandak oroitzapen atsegin eta aldi berean mingotsak besterik ez direlako, egun askotan ez dutelako beste diana bat dantzatuko —dantzatzearena zerbait esateagatik—. Ni tipo gogorra nauk, baina goizeko zazpiak laurden gutxitan Pamplonesaren musika entzuten dudanean negarrez hasten nauk haur bat bezala, esan zidan lehengoan bi metroko gizon serio batek, eta ongi dakit momentu hauetan ere negarrez ariko dela komunean seme-alabek ikus ez dezaten. Kaleak kristalez eta zaborraz bete dira egun hauetan, baina gatazkaren ondorengo benetako paisajea sanferminzaleen barrenean dago, agian urte osoan berriro hartuko ez duten alkohol overdosiak eragindako irudien arrastoetan, goizalde fresko batean airean harrapatutako begirada baten oroitzapenean, lo faltak sortarazitako aluzinazioetan. Hemingway aldarrikatzen dugu urtero festak iristen direnean; hala ere, hobekien ulertu gintuen idazlea Joseph Conrad da, eta berarekin batera Francis Ford Coppola zinegilea, haiek kontatu baitziguten nolakoa den festaren ondorengoa, zer gertatzen den gainerako hirurehun eta berrogeita hamasei egunetan. Ibaian gora joan behar dugu arrisku guztiei aurre eginez, azkenean burua moztuko digun Marlon Brando batekin topatzeko. Ongi etorri ilunpeen bihotzera, lagunok.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak