|
Metropoli Forala
MF-11
1992-09-25
Ez dakit arteak gaur egun errealitatea aldatzeko balio ahal izan duen ala ez, baina egunerokotasunetik alde egiten laguntzen digu eta, beraz, gauzak ikusteko eta interpretatzeko modu asko daudenez, askok “beren” errealitatea eraldatu dela pentsatu dezakete arte lan baten aurrean. Zine areto batean sarturik pasatu ditut azken hamar egun hauek eta, egia esan, ez dakit ze arraio gertatu den munduan. Egunkariak egunero erosi arren, zinemaldiari buruzko berriak besterik ez nituen irakurtzen eta nire inguruko lagunek pelikulez baino ez zuten hitz egiten. Badakit bitartean Sarajevon hostiaka zebiltzala, pezeta aldapan behera zihoala eta politikoak Europaz ari zirela ixildu gabe, baina hori ez zen niretzat esistitzen. Horregatik, gero eta konbentzituago nago arteak —eta exajeratzen ari naiz, aurtengo pelikula gehienei ezin bait zaie izen hori eman— batez ere itotzen gaituen mundu batetik alde egiteko balio duela. Agian kasu batzutan zerbait irauli dezake, baina gehienetan itsuskeriak menderatutako inguru bati edertasun pixka bat aportatzen dio, eta hori ez da gutxi. Zenbaitetan, gainera, erreflexiora bultzatzen gaitu, eta orduan arriskua somatzen dute agintariek. Istorio batzuk gaizki ateratzen zaizkigunean, agobiatzen garenean, etxean sartzen gara eta liburu zaharrak hartzen ditugu, zinearen aterpea bilatzen dugu eta eszenatoki batera hurbiltzen gara kitarren musikak gure burumuinaren bazter guztiak betetzen dituen arte. Nolabait drogaturik ibili gara egun hauetan Donostian, baina inork ez dit oraindik esan ihesbide hori artifiziala edo naturala den.
Metropoli Forala |