Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Lehengaia

 

1997-06-13

 

      Al Pacino, gorraren bisera atzerantz jarrita eta arropa zabalez jantzirik —New Yorkeko estiloa, Auzmendi gringo batek sortua nonbait—, ume batekin jolasean dago bere jazkera bezain neoyorkinoa den zementuzko basket-zelai batean (zelaia nolabait esatearren) eta baloia saskian sartzen saiatzen den bitartean offeko ahots sakon batek ametsak zerez eginda ote dauden galdetzen dio bere buruari-ikusleari. Zuzendari-aktoreak eszenatoki batean eta pertsonaia baten barren-barrenean bilatuko du ondoren bakarrik ametsak sortzeko balio duen materia berezia, lehengaia, eta, metropoli foral honetan gutxitan gertatzen dena, oraingoan behingoz beren ahots propioez hitz egiten entzun ahal diegu ametsaren eta pertsonaiaren bila abiatzen direnei. Oholez egindako ametsak, haragizko ametsak, txaloek putzu beltzetik ateratzen dituztenak.

      Alabaina, gainerako guztiei hasiera ematen diena, paper batean sortu zen duela mende asko, Rikardo III.a paperezko izaki gaizto bat besterik ez zen aktore talde batek istorioa taularatzea erabaki zuen arte. Orduan kate bat egin zuten eta sormenaren ametsa materia desberdinez osatzen hasi ziren denak historian zehar, komiko zaharrak eta Al Pacino, John Gielgud eta Vanessa Redgrave, Orson Welles eta auzoko antzerki eskolako talderik xumeena, izkinako mimoa eta muntaia bakoitzean milioiak gastatzen dituzten zentro dramatiko ofizialak. Hori bai, denek zekiten, denek dakite, jatorria paper batzuetan zegoela, dagoela, antzerki obra batean, gidoi batean, idazleak bakardadean sortutako lerroetan, dialogoetan, egoeretan. Hala izan da elektronikaren tirania ezarri den arte; orain jende gehienak hodi katodikoetan bilatzen ditu ametsen materia eta egia, ume batek baino gehiagok hautsi du telebista bere esku txikiekin errealitatea eta magia batera harrapa zitzakeelakoan eta koloretako kable batzuk baino ez ditu aurkitu. Bukatu berri den Liburu Azokan Gaztelu plaza monitore txikiz beterik irudikatu nuen eta eszena futurista ez zitzaidan batere gustatu, ez telebistak, bideoak eta elektronika gorrotatzen ditudalako, ez, baizik eta bertan ametsak sortzeko materiarik ez litzatekeelako izanen. Blade Runner ere paperezkoa eta zeluloidezkoa izan zen 625 lerroetara pasa aurretik, eta hori oso ongi daki New Yorkeko kaleetan noizean behin baloia saski batean sartzen saiatzen den Al Pacino jaunak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak