|
Metropoli Forala
Kanpaneroa
1998-11-20
Kanpaneroa esaten diote denek. Urteak daramatza elizako dorrean eta ez dirudi jaisteko asmorik duenik. Lantegiko arazoak zirela eta, aspaldian igo zen hara beste lagun batzuekin, pankarta paratu zuten eta hilabete pare batez eutsi zioten beren erreibindikazioari. Azkenean, nagusiek amore eman zuten, langile guztiak itzul zitezkeen lanera eta beren eskubideak errespetatuko zizkieten. Denen harridurarako, gero Kanpaneroa izanen zenak ezetz esan zuen, ez zuela arranoen ikuspegia galdu nahi —uso zikinena izanen zela erantzun zioten batzuek— eta behean baino askoz hobeki bizi zela dorre hartan, deustaz arduratu gabe, kaleetan dabiltzanei begira. Lagunak jaitsi eta fabrikara bueltatu zirenean orrialde asko bete ziren hiriko egunkarietan Kanpaneroaren erabakia zela eta. Alkateak udaltzainak bidali zituen, gobernadoreak bere poliziak, baina ez zuten lortu gizona bere txokotik botatzea. Hurbiltzen zitzaizkion bakoitzean bere burua botako zuela oihukatzen zuen, eta, jakina, inor ez zen harrapatzera ausartzen. Gainera, kalterik egiten ez duten zoro gehienen antzera, jendearen begikotasuna bereganatu zuen. Askok agurtu egiten dute egunero dorrearen azpitik pasatzean, hi, Kanpanero sudur bero, zer moduzko eguraldia zegok hor goian. “Local hero” ere deitu izan zuten kronikaren batean. Hasierako ohiturei jarraikiz, pankarta bat jartzen du astero dorreko kanpaiaren ondoan, baina hasieran ez bezala, erreibindikapena aldatu egiten da: baleak, prostituten eskubideak, alferren defentsa, arratoien bizitzaren aldeko mezuak edo kotxeen aurkako leloak. Aupa Saramago! zioen pankarta bat ere jarri zuen duela gutxi. Inork ez daki nondik ateratzen dituen jakiak, arropa garbia, jendeari begiratzeaz aspertzen denean irakurtzen dituen liburu eta egunkari guztiak, edo bere testu harrigarriak pintatzeko erabiltzen dituen espraiak. Kanpaneroaren aldeko koordinadora bat sortu dela diote batzuek, goizaldean izugarrizko mugimendua egoten dela elizaren aurrean, baina agintariek ezin izan dute deus aurkitu. Urte hauetan goitik ikusi dituen gauzetan oinarriturik, Soziologia tratatu bat idazten ari dela ere esan didate. Lehen udal plazan argazkiak egiten zituzten turista guztiak dorrearen inguruetara joaten dira orain eta objetibo egokia ez badute arazo franko izaten dute argazkian haiek behean eta Kanpaneroa goian enkuadratzeko. Udal talde batek eliza, Kanpaneroa barne, interes kulturaleko ondasuna deklaratzeko eskatu du. Nahi gabe, hiriaren sinbolo bilakatu da hogeita batgarren mendeko aszeta hiritar hau, eta ni beldur naiz dorretik desagertzen denean hondamendi ikaragarri baten abisua ez ote den izanen.
Metropoli Forala |