|
Metropoli Forala
MF-10
1992-08-28
Poesia idazten saiatu naiz behin baino gehiagotan, baina oporren hurbiltasunak niregan piztu ohi dituen Simbad marinelaren irudi infantilekin ametsetan hasten naizenean telebistari begiratzen badiot boligrafoa, koadernoa eta burumuina mahai gainera botatzen ditut heriotzaren aztarnek egongela betetzen duten bitartean. Orduan, poesia idatzi beharrean duela zenbait urte 2CV batean zeharkatu nituen hiri horietan egiten ari diren txikizioaren berri eman beharko nukeela —testimonio hitzak konnotazio handiegiak ditu agnostiko-ateoontzat— eta zodiac txiki batean eta plastiko laranjez estalirik bale untziren baten aurrean jarri beharko nukeela pentsatzen dut sarritan. Telediarioa bukatzen denean, telenobelak minimalismora kondenatuak gaudela gogoratzen dit. Aurretik bururatutako heroizidadeak umekeria bat besterik iruditzen ez zaizkidanez, koadernoa jasotzen eta bertso neurtuak asmatzeari ekiten diot, baina berehala jartzen dute beste informatibo bat eta idatzitako guztia ezabatzen dut, hainbeste gorpuk lirika egiteko gogo guztia kentzen dit eta. Beharbada horregatik narradorez betetzen ari zaigu mundua eta poetak, baleak bailiran, desagertzeko zorian daude.
Metropoli Forala |