|
Metropoli Forala
MF-24
1993-10-01
Paretaren erdian zegoen eta nahikoa falta zitzaion tontorrera iristeko. Soka mosketoi baten zulotik pasa zuen eta eskuaz kopetako izerdia kendu zuen. Orduan hotzikara batek astindu zuen eta momentu batez airean barrena zihoala iruditu zitzaion. Begiak itxi zituen eta, nonbaiten irakurria zuenez, bere bizitza osoaren errepaso azkarra egiten saiatu zen —gero galdetuko zion bere buruari zertarako balio dieten hiltzera doazenei enpresa baten balantzeen moduan egiten diren erretrospektiba horiek—, baina begiak ireki zituenean lehengo toki berean zegoen, iltzetik zintzilik eta ongi aseguratua. Hala ere, dena aldatua zegoen: ez zen txoririk ikusten, ehundaka metrotara zegoen errepidean ez zebilen kotxerik eta herrian denak hilda zeudela zirudien. Isiltasunak ikaratu zuen, ez zen batere normala gertatzen ari zena: ederki ezagutzen zuen tokia eta gehienetan hamaika soinu desberdin entzuten zituen eskalatzen ari zen bitartean, batzutan konzentrazioa ere galerazten ziotenak. Istripu edo eraso nuklear baten posibilitatea bururatu zitzaion lehenbizi, baina holakorik gertatzekotan arrastoren bat izango zatekeen, berak ere nabaritu beharko zukeen, eta airea beti bezain garbi zegoen, hau da, nahiko zikin metropoli foraleko tximiniek botatako kearen ondorioz. Ez zen mugitzen ausartzen nahiz eta zigarro bat erretzeko kriston gogoa izan. Agian hilda zegoela eta pareta merezi zuten linboa edo infernua izan zitekeela esan zion bere buruari; eternitatea han pasatu behar ote zuen? Asperraldi galanta. Bizirik zegoen ala ez konprobatzeko esku batez gorputz osoa zeharkatu zuen eta poltsiko batean “walkman-a” aurkitu zuen. Kontu handiz aurikularrak jarri zituen, “play” botoia sakatu zuen eta bapatean dena normaltasunera itzuli zen. Foko batzuen argiak itsutu zuen eta milaka lagun txaloka hasi ziren behean. Berak agurtu zituen, kasetaren bolumena igo zuen eta kitarren akorde metalikoak entzutzen goruntza segitu zuen gloria, ohorea eta zai zeukan txanpain botilaren bila.
Metropoli Forala |