|
Metropoli Forala
Ezkontza
1997-04-11
Inork ez ditu gonbidatzen, baina haiei bost axola; ezkontza guztietan azaltzen dira Iragana eta Etorkizuna, oparirik gabe biak, eta ezkongaien ondoan aulki bana hartuta, edaten hasten dira, batak gertatutako guztia ahaztu nahi bailuen eta besteak datorrenari dion beldurra ezkutatzeko. Ez dute inoiz lortzen, ordea, eta askotan esan behar ez lituzketen gauzak aurpegiratzen dizkiete senar-emazte berriei. Duela zenbait aste izan nintzen ezkontza batean Iraganak, kopa asko edanda, hondartza batean ito zen senargai ohia gogorarazi zion emakumeari eta hau negarrez hasi zen. Denek uste zuten hunkiturik zegoela, zorionezko malkoak zirela, baina gero aitortu zidan gizon bat hurbildu zitzaiola vals bat dantzatzeko eskatuz eta baiezkoa ematera zihoala fantasmaren aurpegi bustia eta begirik gabeko zuloak ikusi zituela, uretatik atera zuten gorpua alegia. Oihukatzen saiatu zen hasieran, baina ez zitzaion deus atera, eta, amaginarrebaren harriduraz oharturik, lasaitu zenean, lurrean putzu bat besterik ez zuen ikusi. Ordurako senargaiarekin hizketan ari zen Iragana, Mexikotik amodiozko gutunak bidaltzen zizkion neska beltzaranari egindako traizioa oroitaraziz. Etorkizuna, bitartean, gainerako gonbidatuei inguratu zitzaien dibortzioen portzentaiaz eta familiaren desagerpenaz hitz eginez, baina inork ez zion kasurik egin eta denek tragotan segitu zuten. Momentu batean “gora nobioak” oihukatu zuen Etorkizunak eta irrifar maltzur bat antzeman nion. Dantzaldia bukatu baino lehentxeago elkarrekin dantzatu zuten biek eta sekulako eztabaida izan zuten: Etorkizunak esan zion Iraganari hobe zuela etxean geratzea eta ezkontza gehiagotara ez joatea, ezkonberrientzat garrantzizko gauza bakarra Etorkizuna zela, bera alegia, eta eztei bankete guztietan iragana deuseztatu egiten zela. Hori entzutean parrez hasi zen Iragana; begira —esan zuen ozenki—, nahi izanez gero pikutara bidal dezaket hemengo alaitasun guztia, aski da bien belarrira zerbait esatea eta festa tragedia bilakatuko da. Nik ere —erantzun zuen Etorkizunak— eman ahal diot bukaera ospakizun eder honi ezkondu berriei laster zer gertatuko zaien esanez gero, baina ez gaitezen zoritxar-igarleak izan eta goazen trago batzuk egitera. Zin dagit izan naizen ezkontza guztietan ikusi ditudala Iragana eta Etorkizuna, eta gainera inork baino gehiago jaten eta edaten dute, baina, dirudienez, ni naiz ikusten dituen bakarra —jakina, argazkietan eta bideoetan ez dira sekula azaltzen eta inoiz ez da tokirik falta—. Eroturik nagoela diote lagunek, eta horregatik ez dut gehiago hitz egin nahi honetaz, bestela ez bainaute ezkontza gehiagotara gonbidatuko.
Metropoli Forala |