|
Metropoli Forala
Top-modela
1997-12-19
Kartoia pixka bat mugitu zuen egunsentian eta elurra ari zuela ikusi zuenean kaguendioska hasi zen. Ardo tetrabrika hutsik zegoen gainera, eta bazekien hotzak eta ordu hartan hiriko bazter guztietara hedatzen ziren zaratek loa galeraziko ziotela. Lagunari aurreko gaueko koinak pitin bat geldituko balitzaio sikiera. Eskua luzatu zuen eta ez zuen ez lagunik ezta botilarik ere aurkitu. Non egonen ote zen alua? Zergatik utzi zuen bakarrik goiz hotzean? Akaso ez zion zakila miazkatu lo gelditu zen arte? Altxatu beharra zegoen, udaltzainak berehala iritsiko ziren eta bere aterpe zikin hartatik botako zuten edo, are okerrago, monjetara eramanen zuten berriro, eta, jakina, monjekin ez zegoen edaterik. Jaiki zenean listu gorri bat eta kolore bereko hainbat muki bota zituen kartoi gainera, plastikozko poltsa hartu zuen eta plazara atera zen. Barnean zerbaitek adierazten zion bere azken negua zela, eta egia esan ez zitzaion gehiegi inporta; ardo pixka bat lortzea, berriz, ezinbestekoa zen. Eskua urraturik ez zegoen poltsiko bakarrean sartu zuen eta txanpon pare bat topatu zituenean, saltoka hasteko gogoa sentitu zuen, baina artrosia krudela zen. Eguneko lehenengo tetrabrika hustu ondoren hobeki sentitu zen, askoz hobeki, eta ausarta. Bazekien nola bukatu ohi ziren bere ausardiak, baina berdin zitzaion, egun berezia zen. Gosaltzen ari ziren ejekutiboz beteriko kafetegi batean sartu zen eta bapatean zeramatzan estalki guztiak kendu zituen, gorputz zimurtua erakutsiz. Eskua alura eraman zuen eta desafioa egin zien bezero guztiei: “Nahi izanen zenukete, bai, zuen zakil zikinak zulo honetan sartu, baina ez duzue horretarako kategoriarik: nik Balenciagaren jantziak eraman ditut, Rainieroren aurrean desfilatu dut eta maitalerik aberatsenak izan nituen zuek bezalako putakume batek kale gorrian utzi ninduen arte”. Barreak entzun ziren. Ez zuen deus gehiagorik esateko astirik izan. Biluzik bota zuten kalera bere trapuekin batera. Jende guztia begira zuen. Denda bateko kristalean ikusi zuen bere burua eta iruditu zitzaion azken desfilea egin behar zuela erretiratu aurretik. Autopistako zubira joan zen eta barandara igo baino lehen Balenciagaren arropaz jantzitako gazte eder bat agertzen zen argazkiak atera zituen. Barre egin zuen eta pareta txikiaren ertzetik ibiltzen hasi zen, harro, seguro bere buruaz, top modelek egiten duten bezala. Autopistaren bi aldeetako afitxeetatik, arrakastaren tontor iheskorretik, Claudia Schifferrek, Naomi Campbellek eta Eva Herzigovak irribarretsu begiratzen zioten. Txaloak eta argazkilarien flashak sentitu zituen.
Metropoli Forala |