Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Azken zalantzak

 

1998-06-05

 

      Sua dena inguratzen ari zen, eta kotxera iristean beranduegi izanen zela pentsatu zuen. Ez zekien nora joan, irratietan dena berdintsu zegoela esaten ari ziren, New Yorketik Himalaiara, baina gero eta zailagoa zen irratiren bat harrapatzea; bietako bat, edo bere kotxeko aparailua izorratuta zegoen edo emisora gehienak suntsituta zeuden harrez gero. Dena bapatean hasia zen. Esnatu zenean izugarrizko beroa zegoen, ohikoa baino askoz ere bero zakarragoa, eta momentu batez udan holakoak gertatzea normala iruditu bazitzaion ere, leihotik sartzen zen argitasun bereziak laster azaldu zion horrek guztiak ez zuela zerikusirik eguraldiarekin. Mundua sutan dago, entzun zuen irratia piztu eta berehala. Esataria bere betiko doinu profesionalaz hitz egiten ari zen, kazetari alu horiek ez zuten sekula ikasiko berriei emozio piska bat ematen; eskerrak futbola erretransmititzen zutenak oso bestelakoak ziren. Dutxa bat hartu behar zuela bururatu zitzaion lehenbizi, izerditan blai zegoen, zikin sentitzen zen, eta munduaren bukaera iristear baldin bazegoen hobe zen apainduta egotea, hala irakatsi zioten behinik behin, edozein egoeratan formak gorde behar direla. Txorrota ireki zuen, baina ez zen urik atera. Hodi guztiak txikituta egongo ziren, ama lurra labe garai erraidoi bat baino ez zen eta. Egia aitortu behar bazuen, leihotik ikusten zuen ikuskizunak bazuen edertasun puntu bat. Sutondoan garrei begira emandako gauez oroitu zen eta Els Comediants taldearen joko piroteknikoak etorri zitzaizkion burura. Mundua azken finean Valentziakoak bezalako falla bat besterik ez zen, mundua falla handi bat eta bera babesik gabeko ninot itsusi bat. Zigarro bat piztu zuen, azkena, esan zion bere buruari ironia pitin batez. Kalera atera zen, jendea lasterka zihoan noraezean, denak, bazter batean negarrez ari zen ume txikia izan ezik. Gogoan oso gordeta zuen zerbait oroitarazi zion umearen negarrak, bakardadearenganako beldurra sentitu zuen lehenbiziko aldia. Absurdoa zen dena, zertarako balio zioten orain irakurritako liburu guztiek, zertarako urteetan osatutako bibliografia luzeek, zertarako jakinminak, zertarako zorionaren atzetik emandako pauso baldarrek. Negarrez hasi zen bera ere. Suak inguraturik zegoen eta ez zekien zergatik egiten zuen negar, pikutara zihoan zibilizazio batengatik, hiltzen ari ziren guztiengatik, Marianengatik, lagunengatik, etxean utzitako gauzengatik edo bere buruagatik. Hondamendian ere ezin zituen zalantzak alde batera utzi, madarikazio bat zen. Azeleratu egin zuen, beharbada horrela bere duda guztiak atzean geratuko zirelakoan, eta orduan, infernuaren erdian, hotzikara bortitz batek astindu zizkion erraiak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak