|
Metropoli Forala
Lamerica ezinezkoa
1996-02-09
Lamerica filmean agertzen diren albaniarrak noraezean dabiltza, igande goiz batean infernuan barrena paseoan ibiliko bailiran. Greziako mugetara edo Italiara eraman ditzaketen itsasuntzietara hurbiltzen dira pauso lasaiaz, inolako presarik gabe, esku hutsik, galtzeko deus ez dutenen patxaraz, beren etxe aurretik etsaiaren gorpua ez dela sekula pasako dakitenen bakea aurpegian isladaturik. Ahal dutenean itsasuntzietara igotzen dira telebistak iragarritako lurralde miresgarrira iritsi nahian, baina ez zaie desio handirik ikusten, patuak agintzen diena egiten ariko bailiran mugitzen dira alde batetik bestera. Azkenean batzuk beren ametsetako Mendebaldera iritsiko dira, eta beste lurralde batzuetatik ailegatutakoekin bilduko dira Alexanderplatzen, Milanon edo Madrilgo kale zaharretan, eta beren aurpegietan ihesaldia hasi aurretik zuten harridura keinu berbera irakurriko dugu, beren buruari “hau al da dena?” galdetuko baliote bezala. Angelopoulos eta Gianni Amelio bezalako zinegileek modu ederrean azaldu digute Europako ekialdearen hondamendia, hasi baino egin ez duen peregrinazio krudel baten gogortasuna erakutsi digute, eta milurte bukaera hontako hamaika sarraski bezalaxe pantaila batean ikusi dugu garrantzi handirik eman gabe. Azken finean haiek infernutik datoz eta gu paradisuan bizi gara, baina piska bat pentsatzen hasiz gero, gobernua erori zela jakin bezain laster errepideetara telebistan ikusitako irudien bila atera zirenak eta gu ez gara horren ezberdinak. Egongelan eserita gauden bitartean gure gogoa noraezean dabil garbi agertzen ez zaigun zerbaiten atzetik, eta bideetako albaniarrak gure desorientazioaren metafora bat baino ez dira. Batzuetan ematen du denok goizalde batean erdi lotan telebistan ikusitako irudi berbera harrapatu nahi dugula eta errepidera ateratzen garenean eroritako mitoak eta suntsitutako utopiak besterik ez dugu aurkitzen. Ordezko mitoak ez dira inon ageri, ordea, eta batzuk itsasuntzietara igotzen diren bitartean besteok amets egiten dugu egongelako besaulkian bolumenik ez duen telebistari begira, nahiz eta jakin badakigun gure Lamerica partikularra, uholdeka datozen ekialdeko hiritarrena bezala, gero eta urrutiago dagoela.
Metropoli Forala |