Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-7

 

1992-06-05

 

      Urrutitik ikusi ditut Negu Gorriak, nahasketa mahaia baino atzeragotik, eta horrek zahartzen ari naizela frogatzen duela pentsatu dut —obsesio bat bihurtzen ari da hau, psikoanalistari kontatu beharko diot, baina aurretik dietarioan apuntatuko dut: alzheimer alu honek laster izorratuko nau—. Krapula bat naizela diote lagun batzuk, eta pentsatzen dute horregatik gustatzen zaizkidala gazteak. Nik badakit hori zahartzaroaren beste seinale bat dela eta Anaitan aiton bat sentitu naiz. Komunetara jeitsi naizenean ateetan pilatzen ziren neskato-mutikoen ilarak ikusi ditudanean etxeko sofan kaskoak jarrita Ruper Ordorikak abesten dituen poemetako bat aditzeko desioa nabaritu dut, ziur aski Atxaga eta Sarrionandiaren hitzek hainbestetan galtzen dudan intimidadea berreskuratzen laguntzen didatelako.

      Zahartzen ari naiz, bai —psikoanalistarena apuntatu al dut dietarioan?— eta horregatik nahiago ditut garai batean rock and rollaren historian beren adreilua jarri zuten talde anglosaxoi zahartu batzuen kontzertuak, ondoan berrehun lagun besterik ez dudalarik.

      Komunetik atera baino lehen La Habana ondoan dagoen Guanabacoa herriko irudiak etorri zaizkit gogora —zaharra ezezik nostaljiko bat bihurtzen ari nauk, ezin diat hola segitu—. Negu Gorriak lau ikurriņa mugituz azento estraino batez “beste bat Fermin” oihukatzen duten kubano talde baten aurrean jotzen ari dira.

      Anaitaren pistara jeitsi naiz eta aurrerago jarri naiz. Bapatean nire andregaiari Negu Gorriak ez zaizkiola gustatzen oroitu naiz. Horrek ez nau gehiegi harritzen, baina lehengoan Ruper ez duela gogoko esan zidan eta sutan jarri nintzen. Etxera iristean Benito Lertxundi edo Txomin Artolaren diskaren bat jartzen badu dibortziatu egingo naiz, komaidios!

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak