|
Metropoli Forala
Carlaren abestia hil dute
1996-10-11
Duela zenbait hilabete, zine areto berriak zabaldu behar zituztela-eta, kalitatezko zinearen aldeko apostua egin behar zutela zioten metropoli foral honetako egunkari eta irrati guztietan arduradunek, badakizue, “gutxiengo zabal” bati gustatzen zaizkion filmeak ekarri behar zituzten eta gainera kasu askotan jatorrizko bertsioak izango zirela azpimarratzen zuten. Denok pozik hasieran, baina piskanaka-piskanaka konturatu ginen ondoko hirietara joaten segitu beharko genukeela Under-ground bezalako filmeak ikusi ahal izateko, gure kartelerak ez baitzuen gauza handirik eskaintzen. Jakina, esaten genion geure buruari, negozio bat jartzen duenak dirua egiteko eskubide osoa dauka, eta seguru Nerudaren postariari etekin handiagoak ateratzen dizkiotela Kusturicaren pelikula barrokoei edo Angelopoulosen lirismoari baino. Hiri honetako kronista batek aspaldian zioen bezala, inoiz ez diegu nahikoa eskertu gure kudeatzaile kulturalei turismoaren alde egindako lana, haiei esker ezagutzen ari baikara beste toki batzuetako aretoak, antzokiak eta kiroldegiak. Etsita nengoen, bada, baina ez nuen espero areto horietan Ken Loach zinegilearen lan baten hilketa ikustea. Carla's song hil egin dute, erahil, asesinatu, eta horretarako erabili duten bidea bikoizketa izan da. Zuzendariari irakurria genion ingelesez apenas ez zekien neska nikaraguar bat bilatu zuela errealismo handiagoa lortzearren, baina Iruņean Loach-en nahiak ez du deustarako balio izan. Hasi bezain pronto filmea absurdoan erortzen da, patetismoan. Emakumeak oligofrenikoa bailitzan hitz egiten du Glasgowen, gazteleraz, jakina, eta eskoziarrak, gaztelera garbian mintzatu arren, ez dio ulertzen. Antzeko zerbait gertatzen da Nikaraguan daudenean, eskoziarrak espainieraz adierazten dio zerbait nekazari bati eta neskak dena errepikatzen du (itzulpena egiten ari dela sinetsi behar dugu). Zinera sartzean jatorrizko bertsiorik ez ote zegoen galdetu genuen, eta ateratzean amorruz pentsatu genuen seiehun pezeta galdu genituela miresten dugun zuzendari baten lana nola hil duten ikusteko. Zer esango zukeen Ken Loach-ek bere filmea metropoli foralean ikusiko balu? Non dago kalitatezko zinea zaintzeko borondatea? Gauza bera egingo al dute John Sayles-en Lone star filmearen hizkuntz eta kultura nahasketa liluragarria sos gehiago irabaziko dutelakoan bikoizketaren bidez ezabatuz? Nahi duten diru guztia egin dezatela, baina ez diezagutela adarrik jo. Hainbeste kostatzen zaie Ken Loach-en pelikularen izpiritua gordetzen duen kopia bat ekartzea? Negozioa ongi doakie eta azken finean gu lau katu berezi eta arraro besterik ez gara, baina Loach-ek ez du egin diotena merezi. Ezta ikusleok ere.
Metropoli Forala |