Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Diseinuak errealismo zikina hil du

 

1997-10-24

 

      Diseinuak errealismo zikinak behar dituen kokapenak eta dekoratuak desagertarazi nahi ditu. Gero eta toki desolatu gutxiago geratzen ari zaizkigu, orden arkitektoniko berriak garbitasuna ezarri du eta lehengo burdin herdoilduen lekuan titanioa eta graffitirik gabeko harri argitsuak azaldu dira. Gure hiriek kirofano bat dirudite azken aldi honetan, baina geometria ederretako asepsia eta esterilizazioa ez dira oraindik gure arimetara iritsi, nahiz eta batzuek gizakiaren gogoa eta ingurua bat datozela uste; hala balitz, titaniozko bihotzak eta askoz ere forma aerodinamikoagoak izanen genituzke honez gero. Ez da horrela gertatzen, ordea, eta metropoli guztietako kaleetatik kendu duten lokatza izpirituetan pilatu ote den galdetzen diogu geure buruari. Azkenean, telebistari begiratzean ohartu egiten gara zaborra, energia bezalaxe, ez dela sortzen eta ez dela deuseztatzen ere, aldatu, bilakatu egiten da, besterik ez. Duela gutxira arte karriketan topa genezakeen ustelkeria hodi katodikotan sartu dute gu museo erraldoi bihurtu den mundu honetan barrena lasai ederrean ibil gaitezen, pasiorik gabe, sumindurarik gabe, Giorgio de Chiricoren paisaje metafisikoetan sartuta bageunde bezala. Arte lanez inguraturik egonen gara laster. Dagoeneko koadroak, estatuak, eraikinak eta bideo-pantailak nonahi ikusten hasi gara, sormen artistikoaren gailurrera iristen ari omen gara, eta hala ere hotza somatzen dugu, emozioak izozturik daudela ematen du eta inguruan ez dago batere egurrik sua piztu eta berotzeko, abandonaturiko lantegi zaharretan egin ohi genuen bezala, hiriak instalazio birtualak bihurtu aurretik, sufrimendua, miseria, alaitasuna, gabeziak, itsuskeria, festa, heriotza, zaratak eta degradazioa algodoi zuriz estaltzen ez ziren garaian. Beharbada orduan hiriak ez ziren hain garbiak, hain dotoreak, hain ederrak, baina askok beren sustraiak aurki zitzaketen bertan garapenaren hondarren artean; orain, berriz, diseinuaren marrazkien eta objetuen azpian gero eta zailago zaie haurrei, ordenadorearekin eta telebistarekin aspertzen direnean, lorezainek eta urbanistek planifikatu gabeko zelai batean jostatzea. Gurasoek hiri berriaz hitz egiten dietenean, harro egon beharko luketela esaten dietenean, burua makurtzen dute umeek eta hiri barneko toki basatietan ibili ahal izan ziren gurasoenganako inbidia izkutatzen saiatzen dira.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak