|
Metropoli Forala
Goizalde herdoilduak
1997-09-05
Istripu ikaragarriak izan dituzten kotxe herdoilduz beterik daude goizaldeak, baina argazkilariei auto bakarra interesatzen zaie, instant bat lehenago luxuzko bizimoduaren ikurra zen Mercedes bat, ondoren desguaze batean marka guztietako utilitarioekin elkartuko dena. Azken tabernetako argiak itzali direnean flash-en txanda hasi da kale bakartietan eta ikusle asko, etxera bueltatzen ziren gautxoriak edo besterik gabe logalerik ez eta paseatzera atera diren senar-emazte aspertuak ikuskizunik gabeko heriotza hurbilagoez, hilkutxa bihurturiko kotxe merkeagoez oroitu dira, biharamunean irudiak telebistan ikusiko dituzten askori gertatuko zaien bezala. Pretilaren gainean senargaiari musua ematen ari zitzaion neskatoa negarrez hasi da bat-batean, bihurritutako burdin-zati batzuen artetik atera zuten lehengusu maitearen irudiak gogora etorri zaizkionean. Paris gizarte mediatikoaren biltokia da beste gau batez, eta komunikabideetan sekula aterako ez direnek beren betiko isiltasunari eutsiko diote orain ere munduaren aurrean. Zertarako hitz egin, zertarako oihukatu inork ez badie kasurik egin behar. Aljeriako sarraskiek bi minutuko informazioa baino ez dute merezi, ez dute glamour nahikoa, eta gehienez estatistika batean sartuko dira, lurpean jarritako lehergailu txiki horien biktimak bezalaxe. Haiengatik ez du inork negarrik egingo Buckingham Jauregiko ateetan, ezta loreak daramatzan punk itxurako neska gazteak ere; nola aldatzen diren gauzak, kamarada, hemendik gutxira aldizkari arrosak irakurriko dira gaztetxeetan eta fanzineak ahaztu beharreko iragan baten arrastoak baino ez dira izanen. Gauza hauetan guztietan pentsatzen ari nintzen Sena ibaiaren ondoan. Flash-en argiek itsutu egiten ninduten eta zure eskua bilatu nuen, baina ez zegoen libre, argazki kamera txiki horietako bat zeneraman, beharbada erabili ahal izanez gero aberastuko zinela pentsatuz. Ez zizuten utzi, ordea, poliziak urduri zeuden, argi gorriak eta urdinak gero eta ugariago ziren, eta azkenean alde egitea erabaki genuen. Orduan galdetu zenidan zer egin nahi nuen. Ez zegoen aukera gehiegirik, zure etxera ala nire zulora, filme amerikarretan bezala. Bagenekien suntsitutako kotxez beterik egonen zirela bide guztiak goizalde herdoilduan.
Metropoli Forala |