|
Metropoli Forala
MF-17
1993-03-12
Tabernan muermora lotzen gaituen soka ikustezinez aritu gara segurtasuna, askatasuna eta antzeko hitz rinbonbanteak esanez, baina azkenean denok dakigu hartutako zerbezak ez dituztela gure ametsek ordaintzen. “Eromen pitin bat aski da” dio “Psicosis-en” pertsonaietako batek, eta pelikula ikusi ondoren kale hutsetan barrena etxera nindoala —emakumearen eguna da, baina dirudienez ez dira ospakizunetarako orduak— urrats batzuen hots metalikoa aditu dut. Bi metrotako trabesti bat doa nire aurretik, eta hurbiltzean malenkoniaz kantatzen ari dela ohartu naiz, gaueroko kopek egun argitan izkutuan dagoen errealitatea deskubritu baliote bezala. Hanka luzeak begiratu dizkiot eta gero beste nonbaitera begira aurreratu dut. Askotan pentsatu dut goizaldean leihoetan argi ugari eta siluetak somatzeak hiriaren osasun mentala adierazten duela, eta gaur dena itzalita dago, trabestia eta biok ezik lotan daude denak, seinale txar bat da. Agian etxeren batean Leonard Coheren “The future” kanta entzuten ari dira, ni nire walkmanean entzuten ari naizen bezala, eta etorkizunak iraganak ukatu diena ekarriko duela imajinatzen ari dira nahiz eta batzuk hilketaz beteriko panorama beltz bat besterik ez iragarri. Zeinek daki, beharbada gizonezkoak nekatuegi daude emakumeen egunean lagunari gosaria eraman diotelako edo erne daude umea negarrez noiz hasiko zai, ezin dute beraz musikarik jarri. Auto bat pasatu da abiada haundiaz eta bere estereoko bakalao nazkagarriaren oihartzuna bazter guztietan sentitu da. Seguru nago nire atzetik doan trabestia biraoka hasi dela. Etxera iristean pintada berri bat ikusi dut, “Izar beltza”; zerua begiratu dut eta ez da inon ageri. Ilunegi zegoen, eta zabor poltsa batean sartu dut oina. focsakoak ez dira oraindik pasa, anbulantzia bat da kalean dagoen ibilgailu bakarra, eta ez dakit nire bila ote datorren. Ni hartzera badator, azkar ibili dadila, ordu gutxi barru fitxatu behar baitut. Eromen pitin bat aski da, bai, baina hilabete honetan kotxearen asegurua ordaindu behar dut. Hurrengoan agian.
Metropoli Forala |