|
Metropoli Forala
MF-27
1993-12-31
Duela urte asko, edozein huskeria izugarrizko aurkikuntza iruditzen zaizun garaian nengoela, Marrakech-en pasa nuen gabon zaharra nire adiskide gehienak metropoli foralean utzita. Hamaikak aldean kale desertuetan barna genbiltzan eta urte berria hoteleko gelan Ceutan erositako whiskya edanez pasa beharko genuela susmatzen hasiak ginen. Halako batean, ate bat ireki zen eta agure batek zerbait hartzera gonbidatu gintuen bere frantses traketsean. Hasiera batean zer esan ez genekiela geratu ginen, baina elkarri begiratu ondoren sartzea erabaki genuen han geunden lagunok. Lurrean eseri ginen eta aitona hizketan hasi zen. Lehenbizi, barkamena eskatuz edo, Marrokon urte berria ospatzeko ohiturarik ez zegoela esan zigun —egutegi arabearen diferentziei buruz ere hitz egin zuen—, baina ez genuen kezkatu beharrik. Berak gordeta zeukan aspaldian egindako likore bat eta erretzekoa ez zen falta etxe hartan. Basoak bete zizkigun eta nargile bat piztu zuen. Txanda iritsi zitzaidanean, piska bat besterik ez nuen erre, baina zorabiatu nintzen. Gelako guztiak desagertu ziren eta amildegi baten ertzean ikusi nuen nire burua. Baloi bat bezalako harri handi bat zetorren nireganantz, amildegirantz, aldapan behera, eta ondoan nuela salto egin nuen alde batera. Orduan ohartu nintzen mundua zela amildegian behera zihoan harria eta negarrez hasi nintzen, nik ere nire burua bota behar nuela pentsatuz. Amets gaizto hartatik atera nintzenean, agurea ikusi nuen nire ondoan. Likorez beteriko baso bat pasa zidan horrek ametsetan ikusitakoa ahazten lagunduko zidala esanez. “Iniziatuen taldean sartu zara —esan zidan—, beste askok bezala zuk ere badakizu mundua amildegi beltz baterantz doala; ez dakigu zenbat falta zaion ertzera iristeko, baina malda ezin da askoz luzeagoa izan. Hori ahazteko, alde batetik, eta, bestetik, urte berri batera iritsi ahal izan garela ospatzeko, mozkortu egiten gara mundu guztiko iniziatuok gabon zaharrean. Ez larritu, asko dira etxe honetatik pasa diren zure metropoli foral horretako lagunak eta sekretoa ongi gordetzen jakin izan dute orain arte. Gauza bat besterik ez dizut eskatu behar orain, hemendik aurrera, bizi zaren bitartean eta aurretik mundua amildegira iristen ez bada, gabon zaharrean har zazu urtero kopa bat nire oroimenez”. Geroztik, metropoli foralean nahiz horren ospe handirik ez duten hirietan, nire kopa altxatzen dut urtero Marrakecheko agurea gogoan dudala eta mundua gero eta abiada handiagoan doala nabaritzen dut nire barrenean; hala ere, lasai nago nire inguruko guztiek mundua bukatzera bailihoan edaten dutelako. Ni bezalako iniziatuak dira, bakardadetik salbatzen gaituen talde bateko partaideak sentitzen gara.
Metropoli Forala |