Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-16

 

1993-02-12

 

      Exekutatutakoen erretratoak egiten dituela dio borreroak, horrela ziur dago haien arimek ez dutela ihes eginen, koadro baten mugetan ixten ditu badaezpada ere, heriotzaren korredorean itxoin behar izan duten denbora guztia eta elektrodoen deskarga nahikoa izan ez bailiran. Preso batek, berriz, aulkian esertzen direnean barrenean ezer geratzen ez zaien txorimaloak besterik ez direla azaltzen du eta orduan are krudelagoa iruditzen zaizu botoia zapaltzen duen funtzionariaren vudu artistikoa.

      Heriotzaren korredoreko biztanleak beren iraganari lotuta bizi dira, esperantzarik gabeko toki betean aurkitzen dira, etorkizuna ondoko gelan bukatzen da, eta gainera, azken momentuan, metalezko kaskoa jarri eta besoak lotzen dizkieten bitartean, ihes egiteko azken posibilitatea lapurtu nahi dien espiritistarentzat posatu behar dute. Agian ez dago izpiriturik, gizakiak ez du arimarik eta borreroa alferrik gastatzen ari da pintura tuboak eta koadroak. Edo, zeinek daki, beharbada egia da izpiritua entzerraturik geratzen dela eta koadroa beste kartzela bat bihurtzen dela, betirako presondegia.

      Beste erreportai batean hiltzaile multiple gehienak pertsona azkarrak direla diote psikiatrek eta adituek. Batzuk nobelistak egin dira, eta hori betiko ahanzturan ez erortzeko bide bakarrenetako bat izan daiteke. Beren biktimek bizirik diraute mendeku elektrikoa eskatzen duten familiartekoengan eta lagunengan, eta ziur aski hiltzaileen gogoan ere. Ez dakit zein izanen den txispazoaren aurretik burura etorriko zaien azken irudia edo pentsamendua. Beharbada beren arima betirako pintura batean hertsirik geratuko dela jakingo du orduko eta inoiz maite izan zuen hildakoren baten aurpegi goxoa ikusi beharrean, zulo beltz batean sartuko da inoiz ez ateratzeko. Eta borreroak parre eginen du.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak