Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-4

 

1992-03-06

 

      Nostalgiako garaiak direla dirudi. Apokaliptikoak bukatu dira, gehienak desagertu dira, eta gelditzen direnak oso zaharrak dira, iraganaz hitzegiten besterik ez dakitenak. Garaipena integratuena da, besteak kejatu egiten dira eta hobeak izan omen ziren urteez oroitzen dira, ez dute inolako berpizkunderik etorriko denik uste eta zuribeltzeko pelikuletan errefuxiatzen dira, noizpait legendarioak izan ziren musikoen disko raiatuak entzuten dituzte, eta Mario Conde telebistan azaltzen den bakoitzean komunera joaten dira egongelako kilim-a ez zikintzeko.

      Haiek ere agertzen dira telebistan eta ia negarrez kontatzen digute nola bildu zuten dirua Rolling-en kontzertura joateko. Droga eta sexua deskubritu zituzten eta berrogeita hamar urtetako apokaliptiko ohi batek, irabazleen artean daudenetako batek —ez dira denak galtzaileak, jakina—, onenak Lou Reed-ek orduan hain maite zuen alde arriskutsuak zulora eraman zituela dio. Nik sinetsi egiten diot, bera baino —askoz?— gazteagoa izan arren, besteok sorteatzen ibiliak garen amildegietan erori diren lagun askoren funeraletan izana naiz. Gau euritsuetan tonto samarra jartzen naiz eta argi guztiak itzalita beraiengan pentsatzen dut minutu gutxi batzuez, goma zulaturik duen kafetera italianoan kafea egiten den bitartean, gure apokaliptikotasuna edo gure integrazioa dudatan jarriz.

      Erresistitzen segitzen dugu ziur aski, baina urteak aurrera doaz eta eusteko gaitasuna ere galtzen ari gara ilearekin batera. Batzuk iadanik ez dira mugitzen sofatik beautifulekoak pantailaratzen direnean eta beste batzuk kostotik isostarrera pasatu dira. Nik, euria ari ez duen gauetan, Miles Davisen disko bat entzuten dut kaskoak jarrita eta Edward G. Robinson azaltzen den edozein pelikularen bideoa jartzen dut telebistaren bolumena kenduta. Horrela askoz hobeki lo egiten dut, nire buruari apokaliptikoa ala integratua naizen galdetu gabe.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak