|
Metropoli Forala
Mistika berria
1997-02-21
Edgar Allan Poe bezalako idazle handien poemak yuppientzako betaurrekoen publizitatean erabiltzen diren garai nahasi hauetan, zinea aspalditik galdutzat jotzen genuen mistizismoa berreskuratzen hasi dela dirudi, eta Breaking the waves filmearen arrakasta ez da joera horren adierazle bakarra. Esate baterako, Cosas que hacer en Denver cuando uno esta muerto edo Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto filmeetan —a zer-nolako titulu luzeak eta bietan heriotzaren aipamena— gaizkile mistikoak dira Andy Garciak eta Federico Luppik gorpuzten dituzten pertsonaiak, on puska bat den gangster atsegina lehena eta Jainkoaren mezu baten zain bizi den hiltzailea bigarrena. Eta zerrenda ez da hor bukatzen, El día de la bestia pelikularen gaia Jainkoaren eta Deabruaren arteko borroka amaigabea baita. Ez dira oraindik hamar urte pasa Berlingo harresia bota zutenetik eta materialismoaren arrasto guztiak, zientifikoak nahiz historikoak, zakarrontzian desagertu dira. Batzuek behin eta berriro esaten dute merkatua dela orain jainko bakarra, baina pelikula horiek agerian uzten dute hori ez dela egia eta laster berreskuratu ditugula lehengo aingeruak, kerubinak eta Pedro Boteroren sutegia. Hori bai, aro berrian klitxeak apurtzen ari gara behinik behin eta gaur egun mezara doazen guztiek ez dute mojak edo apaizak izan behar. Aipatutako filmeetan kontatzen zaigunaren arabera, eliza batzuetako sarreran armairu bat jarri beharko lukete lapurrek eta hiltzaileek armak utz ditzaten. Lehendik ere bagenekien arma saltzaile askok eta izugarrizko sarraskiak agindu dituzten jeneral batzuek otoitz egiten dutela egunero, baina orokorrean argiago zeuden diferentzia moralak, bazenekien non aurki zenitzakeen gaiztoak eta non onak. Sinkretismoa eta eklektizismoa nagusitu direnetik, berriz, ezkondu zintuen apaiza serial killer fededun bat izan daiteke edo laurogei urteko amona auzoko droga trafikanterik handiena. Edo alderantziz, goizaldean izkina batean labana ateratzen duen gazteak gobernuz kanpoko erakunde bateko bolondresa izan daiteke arratsaldez. Gaur goizean sekulako aurikularrak zeramatzan agure korbatadun bat ikusi dut eta bere ondotik pasatzean kaskoetatik ateratzen zen musika heavya zela ohartu naiz. Elizan sartu da aurikularrak kendu gabe. Argi dago mistiko berri hauen garaipenak manikeismoaren hondamena eragingo duela.
Metropoli Forala |