|
Metropoli Forala
MF-8
1992-07-03
Malditismoaren garaiak betirako joanak zirela zirudienean, modan jarri ari omen da berriro ere, eta galtzaileak egunkarietako orrialdeak betetzen hasi dira yuppien heriotza iragarriz. Errealitatea ziklikoa dela baieztatzen digute industria kulturalaren gidariek eta hala ere ez dugu behin ere asmaten zer etorriko den ondoren, argi eta garbi frogatu dugu ez dugula adibinoak izateko gaitasunik eta Ekialdeko errejimenen suntsidurak ustekabean harrapatu gintuen bezalaxe, Historiak gehiagotan utziko gaitu harriturik. Horregatik, garai batean gogo haundiz egiten genituen interpretazio traszendentalak bertan behera utzi ditugu eta gure etorkizunaren muga gustatzen zaigun neska hura konkistatuko dugun egunean ezarri dugu. Batzutan desioak eta errealitatea nahasten ditugu eta gure belaunaldiak galdu zuen 68ko maiatzarekin amets egiten dugun bitartean, telebistako irudiek erabat abandonatzen ez gaituen pesimismoa itzultzen digute. Dylan, Jim Morrison, Johnny Thunders eta beste askoren diskei hautsa kentzen diegu —Tom Waits-enak ez ditugu inoiz gorde—, baina ez ditugu jartzen, Sony black trinitonetik ateratzen den ametrailadoreen hotsak kitarrak eta baterien erritmoak estaltzen bait ditu. Malditoak itzultzen ari dira, mitoen posterrak aldatzen ditugu pareetan eta poza apur bat nabaritzen da giroan, baina badakigu alde berean arriskutsua dela. Ispiluaren aurrean jartzen garenean galtzaile aurpegia dugula konturatzen gara eta horrek ez luke problema bat izan behar arazo bat ez bagenu: ez dugu garaipena behin ere ezagutu eta ezin dugu konparaziorik egin. Malditoak itzultzen badira modan egongo gara behintzat, nahiz eta koloretako paperetan ez atera.
Metropoli Forala |