Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-25

 

1993-11-05

 

      Udazkena ohizkoa baino tristeago suertatzen ari zaigu, macartismoa berriro nagusitzen ari da —disimulatu nahian gauchismoaren mozorroa jantzi badu ere—, sorgin ehiza garaia zabaldu dute ofizialki eta gure ondoan zeudenak eraman dituztela ohartzen garenean isilean edaten ditugu malkoak inor poztu ez dadin. Humprey Bogarten lagunak ere eraman zituzten, eta gure bakardadea antzekoa izan daitekeela pentsatzean zigarro bat piztu dut eta sonbreroa jantzita kaleetara atera naiz adiskideen bila. Desolazioak ez nau ustekabean harrapatu, egun hauetan jende gehiena ideologien hiletetan egoten baita eta konfidente siniestroak besterik ez dira ikusten plazetan usoei ogia emanez.

      Onenak joaten direla esan ohi da holakoetan. Ez dakit beti egia den ala ez, baina omenalditxo bat behinik behin zor diegu. Gu baino hobeak direla dudarik ez dago, eta horregatik kendu dituzte gure ondotik parra egiten ez dakitenek, beren konziliabuloetan sentitzen duten inbidia eta gorrotoa izkutatzen saiatzen direnek. Gero guregana etorriko ote diren galdetzen diogu gure buruari; ni ez nago Bertold Bretch bezain seguro, nire ezjakintasunak, nire mediokritateak ez dute holako ahaleginik merezi, baina agian ez dira horretaz ohartuko. Bitartean nire kopa altxatu dut eta lehengo garaiez oroitu naiz nostaljiaz eta era berean pozez, bai baitakit azkenean Luchino Viscontiren pertsonaiak bezalakoak garela, fisikoki garaitu gaituzte, baina irabazle moralak gara, eta gauregun hori ez da gutxi. Gainera, amorrua guk baino askoz hobeki adierazi duen Pablo Antoņanaren nobela batean titulua hartuz, ez gaude bakarrik, adiskideak ondoan ditugu; haiek, berriz, aliatu koiunturalak besterik ez dute, edozein momentutan bakarrik utziko dituztenak.

      Humprey kamararen aurrean trufatu zen bera eta bere lagunak hondoratu nahi zituztenez, eta guri metaforak geldituko zaizkigu beti gure burua defendatzeko eta inkisidore berriak salatzeko. Baina egun batean metaforak alde batera utzi ahal izango ditugu, sorgin guztiok mahai baten inguruan bilduko gara eta parre egingo dugu goizera arte, horixe baita haiek gehien izorratzen dituena.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak