Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-6

 

1992-05-08

 

      Beltz batek harri bat bota du eskaparatearen kontra. Ondoan “Welcome to LA” irakur daiteke kartel batean, ongi etorriak urteetan zehar bildutako amorrua azkenean lehertu den hiri erraldoira, ongi etorriak kilometro karratu batzutan ekonomiak berezi dituen hiru edo lau mundu desberdinak erakusten dituen metropolira.

      Mendebaldeko familiek afaltzen duten bitartean ikusi dituzte irudiak sukaldeko telebista txikian eta ez dute batere harridurarik adierazi, igandeko partiduaz mintzatzen segitu dute eta aitak gatza pasatzeko eskatu dio alaba gazteenari. Urruti dago Los Angeles, amerikanoen problemak dira. Ez dakite beheko izkinean skin-head batzuk arabe bati sekulako jipoia ematen ari zaizkiola eta Cadiz aldean hamasei etorkin ilegal zekartzan txalupa bat hondoratu dela entzun aurretik zapping egin dute beste kanal batean jartzen duten pelikula ikusteko.

      Eskerrak hemen beltz gutxi dauden esan dute batzuk egongelako sofan eserita, eta whisky zurrupada luze bat hartu dute. Beldur diete arrotzei, begiak ixten dituzte kanpoko kulturen aurrean —askotan baita bertakoari ere— eta ziur sentitzen dira harresiaren barnean, ez dira konturatzen zirrikituak toki guztietan agertzen ari direla.

      Mestizajea etorkizuna dela sinistu nahi dut, konbentziturik nago ez zaigula beste irtenbiderik geratzen, eta gizartearen sektore batzuk defendatzen duten isolamenduak suizidio kolektibo batera garamatzala uste dut. Juan Goytisolo edo Hanif Kureishi bezalako idazleek, Negu Gorriak, Mano Negra, Peter Gabriel eta beste zenbait musikok argi eta garbi adierazten digute elkarren beharra daukagula, baina hala ere Europa guztian kontrako mezua zabaltzena ari da, gaur Los Angelesen txikitu duten eskaparatea bihar munduarekin gertatu daitekeenaren premonizio bat izan daitekeela ulertu gabe.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak