Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Zoriona hementxe zegoen

 

1998-04-10

 

      Denbora pasa ahala, ohartu egiten gara zoriona hurbil egon daitekeela eta bere bila egin ditugun kilometro guztiak, aberasgarriak izan badira ere, alferrikakoak direla, askotan zangoak eta arima nekatzeko baino ez dutela balio. Garai batean pentsatzen genuen zoriona eta distantzia gauza bera zirela, eta barnean nolabaiteko poza sentitu nahi bagenuen Nepal edo Thailandiarako bidea hartu behar genuen, lur haietan alaitasunaren fruituak errazago ateratzen zirelakoan. Asko ihesaren ahaleginean desagertu ziren betirako; aurrera segitu genuenok motxila bat baino ez genuen behar, argonauten antzera mugitzea ezinbesteko zeregin bakarra zen, etengabeko bidaian omen zegoen estasia eta road-moviak maitatzen ikasi genuen. Kerouac-en liburuak ere adiskide izan genituen autoestopean emandako ordu luzeetan eta inoiz Europa eta Asia kotxe zahar batean gurutzatuko genituela amets egin genuen. Granateak erosi genituen Rajastaneko desertuan, monje budistekin espiritualitateari buruz hitz egin genuen Dharamsalan te baten inguruan eta Hego Amerikako oihanetako tribu desberdinen hizkuntzak bereizten ikasi genuen. Stanleyren arrastoa ere segitu nahi izan genuen eta hareazko lautada infinitoetan barrena galdu ginen Paris-Dakar batetik ihesi. Esperientzia, Bizitza, Jakinduria, Maiuskulaz Idazten Diren Gauza Handi Horietako Asko hartzen ari omen ginen, ikasten, mundua gure eskuetan zegoen, gure oinetan. Historian zehar Marco Polorengandik hasita gizon askok izan duten desioa gauzatzen ari ginen, Corto Maltese berriak ginen, harri filosofala aurkitzea besterik ez zitzaigun falta. Orduan, zergatik ez ginen zoriontsu? Bidaietatik bueltan arkupeetan esertzen ginen eta norberak bere istorioak kontatzen zituen. Batzuetan negar pixka bat ere egiten genuen turismoa bidaiarien filosofia guztia —filosofia bat genuela uste genuen guk behintzat— hiltzen ari zelako, baina laster animatzen ginen hurrengo abenturak prestatuz. Bapatean nekea, kristoren nekea, nabaritu genuen arte. Egun batean ohartu ginen hilabeteak generamatzala hiritik, auzotik atera gabe, eta zoriontsuak ginela txandala jantzita parkearen inguruan paseo luzeak ematen. Aspaldiko abenturetatik bizirik atera ginen asko auzo berean bizi gara eta igandero elkartu ohi gara txandala, plaierak eta eguzkirako betaurrekoak jantzita betiko karriketan barrena buelta bat emateko bermuta hartu baino lehen. Zoriontsuak izateko besterik ez dugula behar erabaki dugu, eta batzuetan harritu egiten gara hainbeste urtetan ondo-ondoan genuen zoriontasuna ikusi ez genuelako.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak