www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaldunak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eskaldunac, Jean Martin Hiribarren (faksimilea). Auņamendi, 1971

 

aurrekoa  

ABERESTASUNA

 

    Idi, behi, zezena, bada Pirenetan;

Zaldi seguragorik ez da bazterretan.

Laborari on denek arthatzen idiak,

Garraio, iraultzetan, bethi jarrekiak,

Ausnarreko sotoan, pausetako mugan,

Ez badire etzanak, edo buruz asean.

Behi gorriak ere hainitzek baituzte;

Bretoinek jende xehe ixil hazten dute,

Khentzen zaiotelarik xahala pikoko,

Eta gazitzen ere esnea gasnako.

Etxe alde hainitzek arthalde badute;

Ehun bat buruz gora gutik nahi dute,

Ez da bethi izaiten beiratzeko ora;

Haren beharra heldu, toki arabera.

Uda oro badaude ardiak menditan;

Neguan nahi dute behere hautetan.

Heldu zaizkote gaitzak, noizetik noizerat;

Murruka daramatza herio biderat.

Bustiadura dute izurrite handi,

Nola inzpura, udan, idor dena geldi.

Artzain onak ez ditu kanporat largatzen,

Ikus arte ihintza osoki suntsitzen;

Itzala nahi dute bero handietan;

Hirriskuak badire bazka gurietan:

Han erituei zaite, ur xorta batean,

Ammoniak ematen, kuilida heinean.

Moxteko denboretan nahi da kontua,

Beroa bezala, da hotz hirriskutsua.

Ez dire bizkarrean xuritzen ileak;

Ondorio tzarra du hola bustitzeak.

Ez da bertzekin uzten klabela duena;

Edanarazten zaio izer dukeiena;

Arras on du irina ur hainizkorekin,

Eta lephoan ere, zedoina arthekin.

Zaragarraren kontra, hainitz ez denean,

Haztatzea hoberen, eta, azkenean,

Terebentina eta segoa baltsatuz,

Hedatzea gainean, ilea trozatuz;

Handi denean gaitza, ilea pikatzen,

Eta lixiba ura mekeki ixurtzen,

Behatzekin delarik lehertzen tokia,

Gorderik deraukana gaitzen ithurria.

Aho zabal badago ardia bidetan,

Arrapoa jarian, odol sudurretan,

Hatsak nekhez ematen, gorrisko begiak;

Ideki behar zaizko odol ithurriak.

 

    Gibelak zaizkotzite maizenik usteltzen,

Inzpuretako urez direnei asetzen;

Orduan maiz gaitza da hainitz hedatua,

Guziek dutelakotz edan ur galdua:

Segitu behar dire, erremediotzat,

Janari idor, gazi, onak guzientzat.

 

    Artzainek badute lan bildotsak sortzean,

Nola negua bada bere borthitzean;

Bainan ere badire denbora udako,

Ez dituztenak jaunek bethi beretako.

Huna zer duen batek nigarrez aithortu,

Artzainkoa uzterat denean lerratu:

 

    «Ene antxu gaxoak bebar ditut utzi;

Badire orotarat ehun eta zortzi;

Ora gaizoa sarri ez dut ikusiren;

Kaikurat gehiago esne ez deitziren.

 

    »Itzalean erdara, haizea ferekan,

Bortz lo eginik nago sorropil panttokan;

Bizia naramakan nihongo aisenik;

Ez du Napoleonek halako egunik.

 

    »Ihizelairat ginen zazpi-zortzi biltzen,

Bi sos jokan emanik ederki jostatzen,

Larrun paretan alha zirela ardiak,

Gure begien bixtan ageri guziak.

 

    »Unhatzean pilotan, harroka gainetik

Beira ematen ginen, ederren aldetik:

Begietan gintuen Laphurdi guzia,

Linho landa iduri, itsaso garbia.

 

    »Sobra fresko zenean neguko haizea,

Errex zen bertze alde urrats egitea,

Ikus eko hedatzen, ehun haranetan,

Espaniako herri jauntziak beltzetan.

 

    »Oihartzunak etziren oren bat ixiltzen;

Gure irrintzirinek zituzten harrotzen;

Menta zuen xirolak; menditik mendirat,

Egortzen ziren kantak lagun beharrirat.

 

    »Ttaloa eta gasna, marrakuku gaiak,

Sendatzen dituztenak sabeleko baiak;

Etxola alhasean etziren eskasten;

Deusei baino hobeki indar zarioten.

 

    »Ithurri-ederretan, ur garbi edari,

Ez baitu buru minik ematen nihori;

Airetan garbiena, bulharren hazteko;

Bethi barnea ungi, denaren jateko.

 

    »Aita, ama, haurridek, guziak dozena,

Serresen daramate bizi arraiena;

Diru guti sakelan, bainan nihoiz eri,

Inbidiarik gabe nihoren onari.

 

    »Astean behin gasna ekhartzen nioten;

Hek asteko irina zautedan ematen;

Partiada guzian amar zioela,

Lagun tzar orotarik beira nindadila.»

 

    Alfer omena dute artzain gehienek;

Hekin bidea guti hartzen Eskaldunek;

Herritar deusik denak, herria husturen;

Aski alferra bada, gordeko bederen.

Bere etsaia dute neguko otsoa,

Hotzez bezenbat gosez, zabala ahoa.

Ardi zenbeit zirindu jaten axeriak,

Bainan hainitz hobeak zaizko oilokiak;

Arrano erregea jausten da menditik,

Haragia beleak usnatu ordutik.

 

    Ihizi gaxto guti da Eskal-herritan;

Ager ahala dire suntsitzen orotan;

Edozein Franziako hegaldunik bada;

Haragi on bahia, xarpota gaindi da.

Marmalotarik hasiz lersunetaraino,

Baliteke zer erran, urthek dirauteino:

Ihizi gaxtoenek, haragi ustela

Utzi duten ordutik, higinduz bezala,

Gauaz eta egunaz marmalo sortzen da;

Har, uli, xixaria, ilumini bada;

Ez dute deus hek uzten izurrite bide;

Hezur mami guziak dituzte axkide.

Sortzen dire non nahi putzu usteldutan,

Lan bera egiteko, ontasun bidetan.

Jainkoak hala nahiz, bertzeak badire,

Zeinen eginbideak begitar baitire:

Hetan batzuk erroak dituzte iresten,

Bertzek berritz ostoak bazterretik jaten;

Batek sobra den ura xurpatzen adarrei;

Bertzeak gaindi dena izarturen lorei.

 

    Zuhamu zaharretan, bere muthurrekin,

Eginak taratelu haltzairu gisekin,

Hari dire luzeki pipia zainharrak

Iharrarazten arras dirauten ginharrak,

Lurrerat joan eta, usteldurik berriz,

Lagun dezaten sortzen landare ongarriz.

 

    Oihanean haritzak gora dakhar buru,

Ehunka marmaloak baditu inguru:

Hanneton, Kaprikornek, erroa zilhatzen;

Lepture, Soperdesek axala dainatzen;

Tenthredek adarretan, Cinipsek ostotan,

Arroltzeak egiten bere ohatzetan.

Ehun bati ostoek bizia haziren;

Papillun, Fanelentzat, hek berak askiren;

Charanzon eta Bruchek herrausten hezkurrak;

Haritzak hola dire bortz hazi beharrak.

 

    Uda hasteko haizek, bere hats ephelaz,

Egitean baratze lurraren axalaz,

Sortzen dire marmalo, gordeak ohetan,

hedatzeko pesiaz iguzki bidetan.

Iduri primadera bere bazkaria,

Lilietarat dute bere ixuria,

Iresten belhar puntta, sorthu arabera,

Sakhailatzen bottoina, oraino samurra.

Badituzte palenka, bere gisakoak,

Haizkora, trukes eta lanza dainuzkoak.

Ikustean hekien osteak elgetan,

Mahasti, udaretze eta sagarditan,

Iduri dute ogi eta gereziak,

Gizonaren janari orduz bereziak,

Errenkura direla, ixiltasunean,

Zeren diren holako harmaden menean.

Bada orduan ditu, zeruko Jainkoak

Sorrarazten ihizi araberakoak:

Iguzkiko aldetik, haize hegaletan,

Heldu dire xoriak ehun koloretan,

Asmu xoilaz segituz behar den bidea,

Urruntzeko herritan marmalo heldea;

Iduri airetako marinel direla,

Murruka sortzen dire kanta daritela;

Besta zaiote berei sartzeko eguna;

Bakhotxak hautatzen du toki dohakona:

Landa, baratze, mendi, ur bazter ustela,

Marmalo guzieri gudu diotela;

Ulia bilhatzen du airean enadak;

Zuhamutan okhilak egiten biradak,

Dohalarik itzuliz adar puntaraino,

Haitz zorriei mokoka, asmatzen dueino;

Lur aldeko uliak, itzal hautuetan,

Errexinolak ditu klikatzen artetan.

 

    Batzuk bertzei eginez legea horrela,

Eskal-herria kausten ungi den bezala;

Hoik guziak ikusten gizon Eskaldunak,

Mendetan Pireneak bere dituenak;

Bere haran ederrek, bizia ematen;

Oihanetan egurra ez nihoiz eskasten.

Ez ahal du sekulan jauna ahantziko,

Edo ezagutzari bidea herstuko!

Zuhaitzak adarra du beheiti plegatzen,

Jainkoari duela homaia bihurtzen:

Othe ditezke bada nihongo belhaunak,

Khurrarazi gabeak jaunaren izenak?

Arthaldek mendietan, morthuan lehoinak,

Badituzte zeruko bere laudamenak;

Eta gizon ahoak ikusi beharko,

Ideki ez direnak Jauna kantatzeko?

Harrokaren basoa bethi da bethetzen,

Haren gaia zilharrak elgea freskatzen:

Gizonaren bihotza, amodioz agor,

Egon othe diteke zeruari gogor?

 

    Egia zare, Jauna, bidea, bizia;

Gida zazu zeronek Eskaldun guzia:

Luze diozu eman bizia menditan,

Balinba izanen da zurea mendetan!

 

HALABIZ

aurrekoa