www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaldunak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eskaldunac, Jean Martin Hiribarren (faksimilea). Auņamendi, 1971

 

aurrekoa hurrengoa

LAPHURDI

 

    Seigarren mendea zen eskas bortz urtheren,

Laphurdin hedatzean Eskaldun lerroen.

Sasi zen han artean Baiona inguru,

Ematen dugularik barne Hiriburu.

 

    Azkenik behar bada Laphurdi kantatu,

Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu,

Ez gaitz delakotz hanbat kanten emaitea,

Bainan minbera baita egia maitea.

 

    Laphurdi Franzian da, Eskaldun herria,

Gure aitek zioten khendu elhorria;

Hek kasatu laphurra han zena gordetzen,

Bazterrak zituela ikharaz bethetzen.

Mugarri lau aldean ditu itsasoa,

Ihuri, Mendiondo eta Bidasoa:

Urezko hiru bide eta herrixka bat,

Mugarritako onak zer nahi bezenbat.

 

    Kaskoinen ingurutik edo iguzkitik

Baionarat lerratzen Ihuri Bardoiztik,

Biduzekin bidean delarik nahasten,

Edo bat dutelarik Ahurtin egiten.

 

    Bidasoa da sortzen mendebal aldean,

Espainia duela berexten jaustean.

Hegoan Mendiondok lurrez du atheka,

Ez baita berehala joanen trunbilka.

Itsaso handia da hedatzen negutik,

Herria beiratzeko lasterken menetik.

Hola ditu Laphurdik hegalak hedatzen,

Kaskoin, Nafar, Español dituela jotzen.

 

    Lehenago izan zen Erroma handia

Hastapenean arras ohoin mindegia,

Bainan garbitu zuen ethorki lan onez:

Laphurdiko ohoina etzen Eskaldunez.

Tzarkeria duenak bizian laneko,

Laphurdin orai ere ezin higatuko;

Lehenago gaxtoak estali baditu,

Nihork hekin itzalak hain higuin ez ditu.

Nihongo haurrak ez du buru zuhurrago,

Elgerkeriei beira hainitz guti dago.

Ez ditu segituren herri horren haurrak

Jaiura gaxtotako muthil gazte tzarrak,

Haltoa du arima, aitoren bihotza;

Ez du beldur beroa, hain guti izotza:

Gose edo egarriz ezin beratua,

Lan gehienetako da gizon hautua.

Gorphutzeko indarrez dohatua ungi,

Ez beldurrik halturan ikustea argi;

Zaintsu eta arina, ihardukitzeko

Ez du oinezkoetan parerik kaustuko.

Pilotako jokoan agertzen denean,

Galtzak eta athorra bakharrik soinean,

Atzetik bildu jendek egiten aithorra

Gazte lerdena dela muthil Laphurtarra.

Bozkorioa ez du sobera largatzen,

Nigar eta hirrien badaki neurtzen.

Ageri baduela beruna buruan;

Begiratuagorik ez da inguruan.

Herrunkari batere diona beiratzen,

Nihongo ostatutan ez da arlotatzen.

Ez luke begitarte edanez sobera,

Bide on segitzeko aski hori bera.

Herrixka zenbeit bada naski bazterretan

Eman ez ditekenik bertzen izaritan;

Gehienez mintzo naiz: haitzak baduela

Guziek badakite non nahi itzala.

Laphurtarrek ez dute maite estekarik:

Halere legek hetan ez jazar beharrik.

Nihoren oinetarat ez dire erortzen,

Fagorea ez dute ahuzpez bilhatzen.

Handi ala ttipiak artexenak dire,

Maitagarriak ere, hantatzen badire.

Ez dute jan nahiko eskaile ogia,

Irabaz badukete bere janaria;

Alferrei ez diote ekhartzen agurrik,

Lanak ez du baxatzen aitoren semerik;

Gizonari darraiko zerbeit egitea,

Eskuak gurutzatuz ez on egotea.

Gehienek etxea berek erabiltzen,

Ontasun arabera muthil dela hartzen.

Othe diteken nago nihon langilerik,

Lan dorphe  egiteko, hain mehe bizirik.

 

    Hoita hamabortz herrik Laphurdi egiten;

Bakhotxak bere oldez argi erakusten.

Aphezpikua dago Baiona hirian;

Ikhasi du Eskara, atzea Franzian:

Hartako Lacroix jauna Eskaldunek maite,

Bere mihian hori mintzatzen zaiote,

Erakutsiz guziei Eskaldun mintzoa

Ez dela uste bezen ikhasten gaxtoa.

Kaskoinek darasate, zazpi urthe bethez,

Debrua egon zela deus ikhasi gabez:

Munduko mintzoetan ez da hain garbirik;

Ez eta behar bada hain gai handikorik.

Damurik ez direla herritako jaunak

Bere mintzo ederra arthatzen dutenak!

Ezagutu mihitan naski zaharrena

Ez liteke utz nola atzo sorthu dena;

Ez ginezake ikus, setioz bezala,

Erdarak orotarik hertsatzen duela,

Erran gabe berritan mintzatzen hasiei,

Utz dezoten bizia zaharren mihiei.

 

    Laphurtarrek badute dohain berezia,

Ez dute nihoiz izan buru nahasia;

Ez dire bizi tripa ungi bethetzeko,

Beharra jaten dute xoilki bizitzeko,

Hekin kanpoak berak zer diren erraten,

Berun gabeko joiak ez hala egoten.

Giristinotasunak hetan du haltura;

Ez dute bizi nahi abren arabera;

Jainkoganik dutela sinhesten ethorki;

Ungiaren bidetan egoten gogorki;

Ez dire oro garbi egun guzietan,

Bainan aithorzen dute erorikoetan.

Etzaiote ahalke zeru bilhatzea,

Gauezko ethorkizun, hekintzat hiltzea;

Geroko esperantzak gehien arintzen

Lurreko trebesian gaizki dena heitzen.

Zoro behar gizona ez badu ikusten

Geroaren usteak zer duen egiten:

Duenari hark dio beiratzen urrea,

Eta ez duenari agintzen berea.

Ez duke nihork sinhets, ez bada zerurik,

Aberatsak dukela lurrean bakerik.

Guziak dire beraz behar egiaren,

Ungi iragateko bere biziaren.

 

    Xume ala handiek Laphurdin sinhesten,

Zerurat beiratzea nihork ez sobresten;

Hortik heldu frankeza guzien oneko,

Eta, ezpata gabe, bakea herriko:

Balukete bazterrek bihotz altxagarri,

Bakeak behar balu gizon galtzagorri!

Izitzen badu ere ezpatak frikuna,

Ez du hark sorrarazten berthute maitena,

Zeinak, aginduz bati zeruko saria,

Beiratzen baitu bertzei lurreko hirria.

 

    Hiru mendi badire, atheka bezala

Laphurdi hegoatik beiratzen dutela,

Begiei baitiote besta erakusten,

Nihor hekin gainerat denean higaten.

Hasparnez goiti dago Ursuia ederra,

Zabaltzen duelarik othezko bizkarra.

Hedoiei pasaioan idekiz uria,

Gaindiz dago mendetan haren ithurria.

Mundarrain Itsatsutik duenak higaten,

Mendi arraia dela gora du erraten;

Ez bada ere Zesar nihoiz han kanpatu,

Etzitekela gaizki behar da aithortu.

Bizpahiru mendixka, bulharrak iduri,

Larrunek aitzinean baditu ageri;

Nola hekin gainetik higan behar baita,

Larre urrun deitzen da mendiaren punta.

Aspaldi lurrean da Larrungo kapera,

Ahanzten has¡ ere ermittau denbora:

Ez dire gehiago inguru herria

Higaten adiraziz kantaz litaniak.

Badire hor-hemenka harrasi ondarrak,

Suntsituz daramatza emeki denborak;

Eginak izan ziren zenbeit gerlatetan,

Gerizeak ageri harloza azpitan.

Gainetik ageri da Laphurdi guzia,

Nehondik ez baituke hanbat arraizia:

Herri xurik dituzte haranak bethetzen,

Zilhar bezala urek artez distiatzen.

 

    Zenbeiten arabera, lau uren gaindia

Laphurdik izatu du ozaita handia;

Lau uren erdia hainitzek hautatzen;

Bertzek larren iphurdi dute murduskatzen.

Bainan hibaiak dire lauez gehiago;

Mendiz ere Laphurdi ur hesiz ez dago;

Larretan balu berritz behar den iphurdi,

Araberan sabelak ez luke non geldi.

 

aurrekoa hurrengoa