www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaldunak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eskaldunac, Jean Martin Hiribarren (faksimilea). Auņamendi, 1971

 

aurrekoa hurrengoa

PILOTA JOKOA

 

    Perkain eta Azantza, Eskaldun herrian,

Aiphatzen dire, nola errege Franzian;

Eskarak diraueino, hoik bien izenak

Kausturen mendietan bethi oiharzunak.

Mende guziek dute bere pilotari;

Hobekien direnak mende huntan hari:

Kaskoina, Harriage, Belxor, Detxepare,

Kamio, Iribarren, Dihursubehere.

Lehenak orotarik hartza du iduri;

Bigarrenak gorphutzez ez zorrik nihori;

Hirugarrenak ditu espalda hazkarrak;

Laugarrena beztitzen bisaia ederrak;

Bortz eta seigarrena, aphezak baitire,

Hekin dohain ageriz ixilduren gare.

Hoik guziek badute gorphutzean indar;

Pilotari handiak zaintsu izan behar;

Edozeinek jo duke pilota puliki,

Bainan flakoak ez du iraunen luzeki.

 

    Asko partida dire irauten dutenak

Bethetzen dituztela udako egunak,

Batzuk ez bertzek amor nahi gabez eman,

Hastean baizen fresko iduri ariman.

Ez uste pilotari hoik saltzen direla,

Zezenen pikadore batzuek bezala:

Lehen premuak dire zenbeit herrietan;

Ethorki gustuz dire hedatzen pilotan;

Ez da negozio bat holako jokoa,

Bainan eskal-josteten lehenbizikoa;

Gorphutza da hartarat gazte lehiatzen;

Handi ala ttipiak baltsan nahastatzen,

Partida handi baten aiphamena aski,

Jende oro biltzeko baterat arinki;

Uzten dituzte lanak, gero egiteko,

Eta badohaz goizik plazen kausitzeko.

Lau aldetan hertsatuz jartzen dire oro;

Ez dute zeren handik mugitu aboro,

Ez galtzekotz tokia, laster atzemana,

Higitzen bada handik nihor gutiena.

 

    Agertzean launazka zortzi pilotari,

Gazteria emaiten irrintzirinari,

Irrintzirina baita bozkario gaina,

Eskaldunetan kanta ixitzen duena.

Laster kizkola denak dohaz ixilduaz,

Orroitzean jendea botaren oihuaz;

Gorphutzez ala gogoz plazan da emaiten,

Jan-edana ere da han deino ahanzten.

 

    Pilotari on denak lehen bota pika,

Hastetik jarrarazten bazterrak oihuka;

Erreferak badio bigarren botari

Pasoaz ihardesten, guziak bibari.

Trebesak orduan du lekhukotan menta;

Ez balitz pariatzen, hotz liteke besta;

Hartako ere behar, nola gastutako,

Nor nahik hirriskatu bi bortz liberako.

 

    Errex da ezagutzen zein-zeinentzat diren

Kintze galtze bakhotxak galtzaile histuren;

Ezin ixil oihutik irabaztailea,

Lausengatzen duela joko egilea.

 

    Ethortzen da orena, zeinetan pirpira

Hedatzen baita ixil barnez bira-bira:

Pilota dabil airez, ezin bara nihon,

Gibeletik egortzen, barne ezin egon,

Bortz, sei aldiz ethortzen eskularruz joa,

Aphaletik duela ziztuan hegoa;

Altxatzen da zerurat, hortz adar bezala,

Arkurik ederrena egiten duela;

Buru guziek betan diote beiratzen,

Ezker-eskuan direla harekin itzultzen;

Gibelekoak badu aldia jotzeko,

Hura begi guziek dute bilhatuko;

Erreferan sartzean urrundik pilota,

Hegiek berritz harat bere tarrapata;

Zortzi pilotariak oinen puntan dire,

Pilotari segitu beharrak baitire;

Ethortzean pilota eder besoari,

Frixtan egorriren da beherekoari,

Airea harraraziz ethorri bideaz,

Nonbait sarthu den arte haustaile kolpeaz.

 

    Kintze akhabatzetan, bolatzen xiztuak;

Gizonen tresna orok iduri piztuak:

Maipolis, gaphelu, makhila, gerriko,

Bozkarioz airetan, orok ibiliko.

Iguzkiak jotzen du bere minenean;

Arthoa erre luke harriak gainean;

Halere nihork handik biderik egiten;

Gaphelua eskuan Anjelus erraten;

Othoitz saindu horrekin ez akhabo joko;

Nihoiz baizen hazkarki pilotan lothuko,

Lau juiek dioteino ilhundu duela,

Itsasoan ekhia ungi sarthu dela.

 

    Jaun hoiek berek dute juiatzen hauzia,

Zenbeit kintze denean goibel ehortzia;

Biltzen dire guziak plazaren erdirat,

Gapheluak eskuan, nola biltzarrerat;

Hekin errana nihork ez duke ezezta;

Hek mintzatu artean, gelditzen pilota;

Ez dukete paria, batzuen ez bertzen,

Intresak duelakotz gizona itsutzen.

 

    Herriek emaitean herriei partida,

Bakhotxaren esteka herri aldeko da;

Españolak badire kontra Fransesaren,

Bihotz guzietan da su erresumaren.

Irabazi dutenak, errege agertzen;

Ehun biba diote zintzurrek egortzen:

Nola ziren Grezian bestako nausiak

Trionfan eramanak populu guziak,

Hala pilotaria, irabazi badu,

Gazteriak etxerat kantaz segitzen du.

 

    Pilotan gehienik gorphutza zalutzen,

Hango lasterketarik osasuna sortzen;

Pilotari ez denak, hainitz edo guti,

Ezagun dohanean zenbeit mendi goiti;

Arina den bezala muthil Eskalduna,

Pilotak harentzat du gustu gehiena.

Lehenago izan da erregen josteta,

Orai du segitzaile populuen aita;

Ungien du pilotak zer den erakusten;

Beira ere jarria handi du ematen:

Iduri kasik dela senador bilkhuia,

Urrun da nihork duken halako arbuia.

Ez du bere gustua ixurtzen odola;

Zaintzen ditu lagunak lekhuko dagola;

Nihon ez da gaizkitik beiratzen hobeki;

Pilotan hari denak badu lanik aski;

Aho zikhina balu, utzia liteke;

Bertzen herrunzkaz kanpo, egon behar luke;

Ez da inguru ere zilhegi gaizkia;

Bakhotxak itxikitzen bere izaria,

Asaldan beharriak eman gabetarik,

Eta lizunkeriak gordez begitarik.

Nor nahi badohake pilota jokorat,

Hala nola baidohaz jende pasaiarat;

Dena den Eskalduna, han ungi agertzen;

Han herrunka guziek betan distiatzen;

Jaun handienek dute juie karga hartu;

Etxeko jaunak oro dire nahastatu;

Gazteria berex da, oihu egiteko,

Edo pilotarien tresna beiratzeko.

 

    Herriz kanpoko jendek badute makhila;

Hargatik herritarra ihes ez dohala:

Ez du nihor makhilak, eskal-herrietan,

Behin ere izitzen, ungiko bidetan,

Eta gaizki dohanak hain on du ikusi

Makhila, nola bertze haltzairu itsusi.

Ibiltzen dire kanak, baieta puñalak;

Zer du hain izigarri Eskaldun makhilak?

Hura dute ezpata, hura bere harma

Guziz gora maitea, salbatuz arima;

Hura dute bidean lekhaio bezala;

Gauaz diote zaintzen zizailu gibela;

Zakhurra begiratzen, asiki menetik;

Atheratzen zangoa erreken artetik;

Maipolis zarpetan urre badabila,

Iduri du makhilak haren garda dela;

Biaian du arropa dilindan ibiltzen,

Hitz batez, Eskalduna makhilak beztitzen

Nola dire huzartak, zamari gainean,

Airosago agtiertzen, ezen ez lurrean,

Hala Eskaldun semei, makhila eskuan,

Ez iduritzen beldur nihoren munduan.

Ez da hekin makhila herrestan ardura,

Egiten duelakotz beso aphaindura:

Mizpiraz egina da, baratzeko haurra,

Erdiraino kroxkekin, lerdena beharra,

Aphaintzeko azala, khendua labean;

Kisuan gorritua, soto bazterrean;

Bortz erri trebesetan, larrua gainetik;

Bi erri trebes kobre horitan azpitik.

 

aurrekoa hurrengoa