www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaldunak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eskaldunac, Jean Martin Hiribarren (faksimilea). Auņamendi, 1971

 

aurrekoa hurrengoa

ERRIENTSAK

 

    Gizonak behar dire lege egiteko,

Halaber lan dorphetan ihardukitzeko;

Bainan emaztek ere badituzte lanak,

Gauza ungi pisatuz, ez naski xumenak,

Hekin eztitasunak behar du zehatu

Gizon gogor laguntzat dutena hautatu,

Arraizia hedatuz egun ilhunetan,

Etsia hartu gabe oren makhurretan.

Emazteak ez badu berthute eztia,

Ez badaki moldatzen mokhor den nausia

Biziko erreketan ez dezake argi;

Etsitzeko ere du izatea ungi.

Behar du beraz izan hainitz jakitate,

Bainan oroz gainetik, zeruko berthuta

Gauza beharrena da harentza eskola

Eskas horrek gastatzen hainitzi ola.

Gizonak deusik ez du etxean balio;

Haurren ungi haztea ama bati zaio;

Hura dute aldean lehen jaiuretan,

Haren rniraila hurbil, urrats guzietan.

Amak balin badire zikhin eta galdu,

Itxura baizik hetan ungiak ez badu,

Nola beira letzake kanpoko dohainak,

Oren guziz lekhuko, begiz lituzkenak?

Eta gizon tzar batzuk, berthuten etsaiak,

Bantatzean herrien lohiko pasaiak,

Zer beharko du egin emazte flakoak,

Ez baditu ekhartzen zimendu sendoak?

 

    Emazteak badire, herri guzietan,

Eskola emateko bizien goizetan.

Hainitzek katixima hotzki erakusten;

Deusere arimentzat kasik eragiten;

Higuinarazten ere egia Saindua,

Oihuz eta bortxata burutan sarthua.

Heki liteke bada etxatzea hazi,

Bihotza dutenean behin irabazi;

Heki, lotzea haurrei halako plegura,

Non ez baitute nihoiz emanen beldurra,

Hortakotz eskoletan lan handia dute,

Bere eginbidea bethetzen badute;

Hekin meneko dire geroko bideak,

Egin behar dituzte etxeko andreak.

 

    Behar dute bihotza lurretik altxatu,

Bere nekhen saria gorago bilhatu:

Gizon ala emazte, eskola emailek,

Maiz grina gehiago ezen nekhazalek;

Esker gaxtoz dituzte hainitzek pagatzen;

Artharik handienak deus guti kondatzen;

Bizitzeko beharra sobresten zaiote;

Haur askok errenkuraz baxatzen dituzte.

 

    Maita beza Jainkoa eskola nausiak;

Hark diotza emanen lanaren sariak;

Etxek distiatzean hazi eraginez,

Bihotza gozatzen da urthetako lanez;

Hartako Jainkogatik, jasan behar lanak,

Mendetako ungia bilhatzen duenak;

Ez du lana egiten xoilki begientzat;

Agertzen da hargatik non nahi mirailtzat.

 

    Nola baita gaztean plegatzen arbola,

Hala du handitzean agertzen hegala;

Makhur utzia bada, makhur du ematen;

Gauza on guti hartaz segidan egiten.

Errienten lana da gizonen lantzea;

Emaztena, neskatxen ungi itzultzea;

Hartakotz behar dute berthuten India,

Hedatzeko bertzetan dutenen gaindia.

Hainitzek balukete aski borondate;

Berthuten hedatzea atsegin lukete;

Bainan zeren gutiek dituzten laguntzen,

Gehienek luzerat kharra dute galtzen.

Izpirituko lana, gutik prezatua,

Hain da haltoa, nola lurretik zerua;

Nausiek behar dute hori ezagutu;

Lurreko trabengatik, ez nihoiz izitu.

 

    Basa-herri hainitzek ez nahi serorak,

Erranez dituztela egiten señorak:

Ezagutza balute, ez litezke mintza;

Ez da urgulu bahi seroraren hitza;

Nihork ez du hobeki ihintz eragiten,

Arimako beharrak hala erakusten;

Bere eginbidetan gidatuz zeruak,

Ez detzakete egin aireko buruak.

 

    Orai arte iraun du Eskaldun fedeak;

Nausitzen hari dire axola gabeak;

Apostoluen suak iduri hil dela;

Zenbeitek ez sinhesten Jainkorik badela:

Arima hautatuak, ungi hedatzeko,

Errientsen oren da, erne egoteko;

Zenbeitek kasik dute serora balio,

Hedatzeko lanpetan behar den olio;

Pizten dute zeruan eskolen argia,

Eta donuz hedatzen berthuten hazia.

 

    Non errientsa onak, han neskatxa onak;

Bihotzek erakusten eman zaizkotenak;

Nausien bozkario, ikustea haurrak

Segitzen erakutsi zaizten hitz zuhurrak.

Heki esker ama bat izaten da ona,

Bere ondokoekin zerurat dohana.

Mintzatzen balituzte amak herrietan,

Ager liteke ungi menderen mendetan;

Hainitz dute amekin segur eginkidin;

Bakharka ez dukete egin ahal bardin.

Emanez beraz balsan ungiko nahia,

Bilha bezate orok zorion bahia.

 

aurrekoa hurrengoa