www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaldunak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eskaldunac, Jean Martin Hiribarren (faksimilea). Auņamendi, 1971

 

aurrekoa hurrengoa

IBERIA

 

    Nihork ez du munduan Eskaldun adina;

Bakharra da mendetan bera egon dena;

Nahastean bertzeak bere pasaietan,

Odola hark du garbi beiratu zainetan.

 

    Populu zaharrena, hari ohorea;

Ez da haren halturan nihongo jendea;

Nihoiz, nihoiz ez galdu aita Eskaldunak;

Ondoren ondo bethi utzi erdaldunak.

 

    Sei mila urthe badu gizonen hasteak;

Suntsi zituen kasik oro iholdeak:

Hama-sei mende eta bertze erditsuan,

Urezko zigorrada hedatu munduan.

 

    Handie lau ehun eta berrogoi urthetan,

Gizonak eman ziren lan sobra zorotan

Dorre bat zuten hasi, harat ihesteko,

Uholde berri zenbeit zenean hasiko.

 

    Han arte mintzo bera guziek segitu;

Egia horrek froga segurenak ditu:

Nor nahik ikuskidin liburu saindutan,

Ithurri garbienak mende guzietan.

 

    Babelgo populua Jainkoak nahasi;

Ezin akhaba ahal lan zuena hasi;

Banatu behar izan alde orotarat,

Suntsitu diren mila herri egiterat.

 

    Urrunago gan gabe, zer da Iberia?

Uholdetik lekhora hautatu herria:

Herri edo tokia hola izendatu

Populuak berritan zuena hautatu.

 

    Higanez bada goiti menden eskalera,

Denek erakusten, kondatuz denbora,

Nondik den eskalduna herriz herri jausten,

Berbera jar bidetan delarik egoten.

 

    Populu ithurria iguzki aldea;

Han seinale Eskaldun lehen egotea;

Sennaartik lekhora kausten Armenia

Garraiatu duena izen Iberia.

 

    Hango mendi, ur, eta haranen izenak,

Denbora zaharretan, oro Eskaldunak;

Han egon ahal ziren hats hartzen bezala

Urtheak Pirenetan Iberia zela.

 

    Errex da, ikustea, eskaldun hazia

Nonbait han izan dela lehen arthikia;

Ez dute ariarik bertze nihorekin:

Hun, Tartaro, Esklabon, Zinbre, Teutonekin.

 

    Mintzoak erakhusten, adin frogatzeko,

Ez duela ethorki negu alderdiko;

Horrek darama urrun, Jesu-Kristoz gora,

Mendez mende altxatuz haren sor denbora.

 

    Pirenen inguruan eta non nahi den,

Populuek Iduri atzoko haurriden;

Kokotsean bizarra doidoia sorthua;

Bere aiten izena ez ezagutua.

 

    Hamabortz ehun urthe doiean duela,

Munduan nihork jakin Fransesik bazela;

Europako jendea betantsu agertu;

Bastarten iduriko, aitarik ez kaustu.

 

    Ez dire bathaiatu etxen izenekin;

Guziak sorthu dire larru berriekin:

Rusiano, Alaman, Franses, Españolak;

Nahi bezin garbiak dauzkaten odolak.

 

    Iberiarrak badu Pirenetan dela,

Armeniako izen bera dakharkela,

Errexki hiru mila urthe iraganik;

Ez da hemen erraten deus segur ez denik.

 

    Aise du gehiago; hori dut ematen,

Errex baita hortarik gorago higaten;

Orduan jarria zen lan hainitz eginik,

Eta lan hek frogatzen mende iraganik.

 

    Humbolt eta Ampero dire jakinetan;

Sinheste har diteke hekin erranetan;

Hainitz dute ikusi, hainitz irakurtu;

Hekin hitzak zimendu hoberenak ditu.

 

    Hek dute adirazten Iberiar zela

Europan lehen sorthu, populu bezala;

Hura dute kausitu Pirenen gainean,

Nihoren iduriko, zahar seinalean.

 

    Zeltak han agertzean denbora goretan,

Iberiarrak nausi bi mendi aldetan;

Herriak bazituzten, batean bizitzen:

Ez gaztelu, ez hiri, egun batez sortzen.

 

    Erresuma handia lehea Iberia;

Haren izenean zen oro Españia.

Hedatzen ere zela Franzia alderat,

Noraino ez zilegi zuzen erraterat.

 

    Mendeak behar ziren, orduko denboran

Herrixka egiteko zituzten haizkoran;

Non zen orai bezala hargin, karpinterik.

Ezagutzen othe zen ere haltzairurik?

 

    Denboraren bortxaz zen fagoa aphaintzen;

Herrietan txarrenek mendeak galdetzen;

Hauk guziak erraten, sinhetsarazteko

Iberiar izate dohala gorasko.

 

    Orai dukela mende hoita hama-hiru,

Hekin jende guzia jarri zen bi buru;

Bat ilkhi zen harmetan Korseko alderat,

Eta haren inguru ziren lurretarat.

 

    Desterrutik Senekok erraten amari

Korsek Iberiarra zutela iduri,

Seinalatuz berthute, aire bisaiako,

Oinetik bururaino zituzten soineko.

 

    Asko hitz hekienik zuenean aitzen,

Aria handiena zioten kausitzen:

Batzuk ala bertzeak, hark uste zirela,

Europa guziaren arbaso bezala.

 

    Erraten balu nihork Enperadorea

Eta altxatu duen tronurat andrea,

Biak odol beretik ilkhitzen direla,

Hainitzek beiraturen zoro bat bezala.

 

    Jainkoak ez du behar jasan holakorik,

Franzia bi aldetan Eskaldun jarririk,

Mila urthen buruan, Parisko hirian,

Bere haur ikusteko, erregen alkhian!

 

    Eskaldunen mintzoa, arras berezia,

Ezditeke zerutik atzo eroria;

Aldeko mihitarik batere iduri;

Zein zeinen ume diren hek orok ageri.

 

    Balinbada oraino sinhets ez dukenik

Eskaldunen sortzea Europan lehenik,

Eskarak menditarat nondik nola jo du?

Noiz eta nongo herri mendetan hustu du?

 

    Dugun Iberriarra segi egintzetan;

Ikus nolako aitak gintuen mendetan:

Estrabonek erraten jakinak zirela,

Izpirituko lanak maite zituztela.

 

    Mintzo da liburuez, eginak pikotan,

Kantatzen zituztenak bere aldapetan;

Bazuzten orhoitzapen zaharrak handizki,

Koplen karako lege maiteak osoki.

 

    Eskaldun kopletato aiphatu gustua,

Izan dela diruri bethi bardintsua;

Mihiak nahi ahal musikan agertu,

Grazia berak segur bertzela ez ditu.

 

    Aiphatzen Diodorok, jakin araberan,

Zelten Iberiarat heltzea denboran;

Ez ahantzi gerlate izan zituztenak,

Odolezko nigarren orhoitzapen minak.

 

    Zamariz ala oinez gerlari lehenak,

Herritarrek ez gorde besotako zainak:

Egin behar nor nahik gerla beharrean,

Etsaia hondatzerat heldu zaienean.

 

    Oinezkoa zaldiek nahastearekin,

Zaldunak jausten ziren erresekarekin,

Ehorzteko errekan soldadu zaurthua,

Beldurrez jadaneko odol gabetua.

 

    Ardi ilezko kapa zuten estalkia;

Kobrezko arruda bat bulharrei josia;

Zanpelez gerrikoa, abarkak zangotan;

Burdinazko kaskatik plumaia gorritan.

 

    Bi aldetarik aho ezpata zabalak,

Burdin pikadin nola bizarra nabalak;

Garbi behar zituzten janari guziak;

Soinekoak guziek zilhar iduriak.

 

    Egiten edaria sagarrez urean;

Etzuten nafar biltzen aldeko lurrean;

Edaten zuten xorta arno sudunetik,

Ekharria izaten nonbait urrunetik.

 

    Bakhotxari puskaka ontasun izartzen;

Heldu zen janaria guziei hedatzen;

Biziaz zohan deusen nihork gordetzea;

Mentan, orai bezala, lehen mandotzea.

 

    Kanpokoei zein lehen atherbe ematen;

Ungia bihotz onez hauzoei egiten;

Elkhar maite handizki, ez jelosiarik;

Patriarkek ez izan ondoko hoberik.

 

    Maite zuzten fandango eta saltokako,

Gorphutz zaluenentzat eginak hasteko;

Biltzarretan emaztek lanak erakusten;

Urthe guziz hortako bilkhuiak egiten.

 

    Sari handia zuen lanik hoberenak;

Haren nahiak khentzen alferrari minak;

Emazteak prezatzen bere lanetarik;

Deusetako zenak ez basan egoterik.

 

    Gizonentzat ahalke tripa handiegi;

Gorphutzak ez ikusi nahi pisuegi.

Burdinazko gatheak emaztek lephotan;

Motho gora batzuek kaikuen moldetan.

 

    Feniziarrak lehen hetan agertzean,

Non nahi zen dirua hekin menditzean;

Ez deuskerien kontra zuten ganbiatzen,

Balios zitekela guti gogoratzen.

 

    Hekiekin untziak aise aberastu,

Aingura herdoilduak urre ganbiatu:

Holako zerbeit zuen egin Españolak,

Kaustean Ameriken urrezko hegalak.

 

    Zelten kontrato gerlak, anaien galtzeak,

Iberian hersitu lehen baratzeak,

Pirenen bi aldeak itxiki berenak,

Aitek izatu lurren ez hogoi-garrenak.

 

    Eskaldunak han kanta lehen Iberia,

Zeinak hartu segidan izen Kantabria,

Izan ondoan gaizki, kasik hagonian,

Su eta odolezko gerla izurrian.

 

    Kantabria ez dela kanta Iberia,

Zenbeitek errateko naski gutizia,

Ez dut nahi bortxatu nihor sinhesterat;

Itxurak nau ekharri horren erraterat.

 

    Izan zen Iberia bi zathi egina;

Zeltiberia batek beiratu izena;

Menturaz bertze kantal deithu Kantabria,

Denborak janez hitzen haro sobrania.

 

    Zaharren erran oro sinhesten badire,

Iberian errege asko izan dire.

Berosen arabera, huna pulikisko:

Ibero, Tubal, Brigo, Jubal, Orma, Beko,

 

    Gerio, Hispal, Hispañ, Hespero, Atala,

Sicano, Sizel, Luso, Hercul, Romo, Tesla,

Palatu, Eritreo, Habido, Gargari:

Iberiar zirela ez sobra ageri.

 

    Izan badire nihoiz izen hoik guziak,

Etzituzken errege oro Iberiak;

Zabilanean zenbeit munduz pasaietan,

Eman zuketen zango haren bazterretan.

 

aurrekoa hurrengoa