www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eskaldunak
Jean Martin Hiribarren
1853

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eskaldunac, Jean Martin Hiribarren (faksimilea). Auņamendi, 1971

 

aurrekoa hurrengoa

    Senperen izena da Eskaraz Helbarren,

Nahiz alderdi batek orai duen arren.

Mila eta zazpian, Brunet Senpereko

Gobernadorea zen Baiona hiriko;

Handik laster saldu zen haren jauregia,

Azkenean nausitu hartaz Urthubia;

Bi etxek egin zuten gerlarik luzena,

Zein behar zen agertu Laphurdin lehena.

Urthubiarrak ziren deitzen sabel-zuri;

Senpertarren izena berritz sabel-gorri.

Mila sei ehun eta berroita hamekan,

Urtbubiak Senpere ezarri estekan.

 

    Senperek behar luke Saratar aria,

Hekin kontra delakotz segidan jarria;

Bainan ez du khar bera bederen tratuko,

Nahiz balio duen tontotasuneko.

Merkatua berri du; errateko zer den,

Ez diteke biltzerat egin azienden;

Tratuaren antzeak nihor gutik ditu;

Gehienek hobeko haintzurren segitu.

 

    Ohatze ederra du bederen herriak,

Bainan etxeak oro kasik itsusiak;

Bere haran ederra nihoiz ez beztitu,

Ageri ez duela gusturik izatu.

Lurrean du aspaldi jauregi handia,

Ez behin Urthubia ehortzi nahia.

Joan da Goienetxe, koronel izana,

Hala hulako juie, baldar-aphez ona.

Hari esker da bidez Senpere dohatu,

Hark ere dio ungi oihana beiratu;

Segitzen badiote hark utzi bideri,

Senperek ez galdeko laguntza nihori.

Mende bat bizkarrean Duronea bizi,

Halako buru guti herriak du hazi;

Fabien semea du baldar-aphez jauna,

Omenik garbiena bethi dakharkena;

Ainhoan errotor du Evariste luze,

Zeruko legearen kharrez hedatzaile.

Lafitte Hendaian da errotor higatzen,

Xedea diotela gaxtok ifrenzatzen.

Askainen da errotor Larralde semea,

Zilharra bezalako Senpertar umea,

Izpiritua zorrotx, khartsu arimentzat,

Ximentasun osoan behar guzientzat.

Urrun du haren aitak hedatu omena,

Haroztegitik hartuz hazi hoberena;

Mando tratuari da luzean jarraiki;

Seme premua ere lothua da zinki;

Ez du hark odolari utzi nahi zorrik,

Ez da baliosago nihon haltzairurik.

Anaia notaria hasi da lanean,

Gaiek emanen dute laster gorenean.

Adema bi anaia dire seinalatzen;

Nahiz diren gazteak, biek distiatzen;

Batek aphez arropa dakhar ohorezki;

Miriku da bertzea, ez jarria gaizki;

Biek badute gaindiz izpiritu ona;

Idekitzen zaiote athe ederrena.

Nork ez du ezagutzen Senpertar Lixero,

Ibil ordu zuena pasaian gargoro,

Eginik Donibanen kaia ederrena,

Baionako zubia, fara Kaskoinena?

Aphezpiku bat bazen Aztarritz deithua,

Baionako kadiran mendez higatua;

Aztarritz jauregia, Askain inguruan,

Harena zela dute zenbeitek buruan.

 

    Belhaun muilo handia Senpertarra deitzen

Ordu luke gargoro hasteko aphaintzen;

Behar luke herriak arras aberastu,

Ethorki handienak oihanez baditu.

Badituzte serorak neskatxen oneko;

Hori da eskaler bat, bertzea beharko:

Herrian baditeke urririk eskola,

Antolatze hoberen gauza berehala;

Ethor ditezke gero denbora gaxtoak

Irets detzaketenak herrien gozoak.

 

aurrekoa hurrengoa