www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII — KAPITULUA

 

Geroztik ere,
komentuak bethi jende xehearen
adiskide eta laguntzaile agertu izan dire

 

        1° Theodebert erregeak hautatu zuen Trebireko aphezpikutzat Nizier Abadea. Ez zen ordean abade hori athera nahi bere komentutik; ihardetsi zion erregeari: Ezetz, ez zuela kargu beharrik, nahi zela komentuan bizi eta komentuan hil.

        Ba bainan ez baita trufarik jaun handiekin! Erregea sinesten ez duenak beharko du sinetsi lekaioa; eta gogotik ez bada, bortxaz agur eginen du. Samurtzen da Theodebert, komentura igortzen ditu armadako zonbait aintzindari, ekhar dezaten berekin Abadea. Badohazi, hartzen dute eta bortxaz eremaiten.

        Komentutik athera-eta lehenbiziko trikaldian, aintzindariak jausten dire zaldietarik: Uste duzu menturaz zaldiak aberetegian emaiten dituztela? Ez-eta gogoratzen ere!

        Ogi-landa baten erdirat sartzen dituzte, han ase ditezela laboriaren gostuz.

        Ai orduan abade saindua oldartzen zaiote, Hazkarki manatzen diote khen detzatela zaldiak ogi-landa hartarik; berzela eskumikatuko dituela guziak, izanik ere aitoronseme eta jaun handi.

        Bainan gure zamaldunak bihurtzen zaizko. Khexu-khexuak eta erdi trufan, erraiten diote: Zer! ez zare oraino aphezpiku eta uste duzu eskumikatzen ahal gaituzula?

        Eta abadeak: Ez, ez naiz aphezpiku eta ez dut aphezpikutzeko gutiziarik; bainan erregeari berari ez diot nik sekulan gaizkirik barkhatuko. Eta zuek orai-berean athera zaitzue zaldi horiek ogi-landatik. Zer bada, zuen zorokeriagatik, laborariak galdu behar othe du bere urtheko ogia?

        Nahi bazuten eta ez bazuten, khendu zituzten zaldiak, eta zaldaria mañateran janarazi.

 

        2° Theodebert errege beraren denboran, gortheko bizkundetarik lehena, Florus, sarthu zen fraide. Eta huna zer bidez.

        Gorthean zagolarik oraino, bizkunde horrek bere diruz altxatu zuen komentu bat. Komentu hortara jiten zen noiznahi; eta hurbildanik ikhustearekin komentuarren bizitze saindua, hari ere gorthetik atheratzeko gutizia jin zitzaion.

        Bainan nola kargu handiak baitzituen erregearen armadetan, ez ziteken komenturat sar Theodeberten baimena gabe. Aiphatu zion beraz zer xede zuken eta othoi ez zezala gaizki har.

        Erregeak ez zuen ez errexki utzi, bainan bazakien ez zezakela trabarik eman Jainkoaren nahiari, bazakien errege handienek berek onetsi behar dutela bethi komenturateko bokazione saindua. Hortakotz eman zion Bizkundeari galdatu baimena.

        Baimenaz bestalde, erregeak berak komentura lagundu zuen. Ethorri zen Theodebert, gortheko jende handi eta aphaindura eder guziekin. Nahi zuen irakatsi zonbat maite zuen Florus bere adiskidea.

        Hurbiltzera zohalarik, aintzinera athera zitzaion komentuko buruzagia, San Mauro. Sainduak erregeari egin zion ongi-ethorria, eta Theodebert bere aldetik eman zen belhauniko Mauroren oinetan. Benedizionea hartu-eta, sarthu zen komentuan, mintzatu zituen aldizka fraide guziak, eta mahi berean jan zuen hekiekin.

        Florus bizkundeak egin zituen gero bere bothuak erregearen aintzinean. Eta hunek ikhusi zuenean bere adiskidea Benedikanoen soin beltzaz beztiturik, nigarra jauzi zitzaion. Elgar besarkatu zuten eta egon ziren luzaz bata bertzearen besoetan.

        Eta orai hau da miresgarri. Florus, komentuar berriak, egun hartan berean libratu zituen hogoi esklabo.

        Esklabo horiek libratu zituen, ez zeremonia ondoan, bainan hasi baino lehen. Zertako libratu zituen bada aintzinetik? Zeren-eta komentutik ez baitzuten aitoronsemerik botuetarat onesten, zerbait ongi eta laguntza ardietsi gabe jende xehearen onetan.

 

        3° Bertze saindu bat, Aredius, bazohan beilaz bere komentutik San Martinen hobira.

        Dohalarik, heldu zaizko bidera laborariak eta jende beharrak. Asko arrangura aiphatzen diozkote: zerga gaitzak dituztela, ez daitekela nekazailea bizi, othoi erregea mintza dezan, egin detzan ahalak oro hekien onetan.

        Egun hetan xuxen eri zen erregea. Jakinik Aredius komentutik kanpo zela, igorri ziozkan mandatariak, errekerituz hel zakion othoi eta senda zezan. Errege hura zen Chilperik.

        Gure Sainduak laster egiten du, badoha xuxen erregearen jauregira. Heldu denean, othoitz khartsu bat egiten du Jainkoari, eriarengana sartzen da, eta huna zer erraiten dion: Errege, ez dezaket deusik egin zuretzat, non ez dituzun lehenik ttipitzen erresumako zergak.

        Abiaduran erregrak beltzuri egiten du, ez zaio gisa Sainduaren ausartzia hori.

        Nahi baitzen ordean sendotu, ez da arranguratzen eta maltso maltsoa ihardesten dio: Bai hitzemaiten derauzut ttipituko ditudala erresumako zergak. Eta berehala manatzen du ekhar detzazkoten zerga guzien argiak eta irakusten ditu Sainduari.

        Hunek eskuratu dituenean paper lotsagarri horiek, su handi bat phizten du jauregiko athe aintzinean. Sua phizten ari delarik, jende oste bat biltzen da. Eta jende horien bixtan Sainduak aurthikitzen ditu suaren erdirat zerga-titulu guziak.

        Erre direnean, itzultzen da erregearen ohera eta mirakuluz sendotzen du.

 

aurrekoa hurrengoa