www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII — KAPITULUA

 

Ala kanpoz ala barnez
erori behar garela buruzagien nahirat

 

        Ez da aski kanpoz eta itxuraz obeditzea. Gehien-gehienik bihotzez behar da obeditu. Eta gaitzenik hori da.

        Jite bizia duenari erakitzen zaio barnea, baldin zerbait desgogorako manatzen badiote. Jite biziez bestalde, nork ez daki badirela sordiesago ere direnak? Jende khexu bihurri batzu, nihork ez bezala nahi baitituzte gauza guziak? Bertzek bai eta hek ez, bertzek ez eta hek bai, deusik ez zaiote ados heltzen. Hekientzat behar litezke ikhazkinak xuriz bezti, eta eihera-zainak, beltxez bezti.

        Bestalde oraino badire jende minberak, jende gaitzikorrak. Horiek ixil eta maltso daude, ez baditugu kontralde hartzen. Ba bainan ez badituzu pherekatzen ilealdetik, gerla bizia dukezu. Zer-nahi erranen derauzute; eta ixildu ondoan ere, geldituko zaitzu beltzuri ilhun batekin.

        Holakeentzat da gaitz eta neke bihotzetik obeditzea. Kanpoz hobeki agertzen dire, zeren-eta aintzindarien beldurrak eta lagunen irakhas-bidek emaiten baitiote larderia puska bat. Bihotzean dute beren khexua, ez baitute han nihor ikhus dezazkenik.

        Zer diot? Ai Jainkoak ikhusten ditu bai! Eta Jainko horrek berak erraiten derauku:

        Zuen obedientzia bihotzetik ethor bedi. Xuxen, lañoki, deus itzulika gaxtorik gabe, lehia zaitezte manatu guzien egitera. Eta hori, ez bakharrik zuen gogora manatzen derautzuetenean, bainan oraino, eta guziz, khexu bizi batek phizten zaitueztenean, zuen barnea erakitzera eta jauztera dohanean.

        Ez ditugu beraz gure aintzindariak zethabean ibili behar, ikhusteko xuxen ala makhur dohatzinez.

        Ez da guri behatzea zer duten balio; heia diren jakitate handi ala ttipikoak; heia zuhurtasun hedatua ala laburra duten.

        Huna zer ikhusi behar dugun bakharrik:

        Aintzindarien nahiak Jainkoaren nahiak direla, eta guk abiaduran onetsi behar ditugula.

 

        Barzelonen, orai duela bi mende, hamasei ehun eta lauetan hogoi eta hamarrean, bizi zen aphez saindu bat. Izeza zuen Oriol. Ez diteke erran zer gauza espantagarriak egiten zituen.

        Jesu-kristoren hitza da: Ene baithan sinesten duenak eginen ditu nik baino ere ikhusgarri handiagoak.

        Eriak sendotzen zituen, etsai herratsuenak elgarretara biltzen, aspaldiko bekhatore gogortuenak hunkitzen eta phizten; hitz batez, eginkari aiphagarrienak egiten.

        Huna zer gerthatu zitzaion aphez saindu horri.

        Elizan egiten zituen bere mirakuluak. Eta nola, jende oste handiak biltzen baitziren, bazen usu kalapita puska bat.

        Eliza hartako jaun erretora arranguratu zitzaion: sobra arrabots zabilala bere mirakuluekin, ez zaitekela gehiago, ez mezarik erran, ez kofesiorik entzun, ez othoitzik egin.

        Eta debekatu zion deus mirakulurik egitea.

        Oriol, aphez saindua zen, bainan buru española. Barnetik bihurdura gaxto bat erakitzen hasi zitzaion. Gogoak erraiten zion: erretor hura gaizki ari zela, ez zezakela harrek deus trabarik eman Jainkoaren bothereari.

        Bainan hori etsaiaren tentazionea zen. Oriolek zaphatu zuen gogorki, eta demendren hitzik erran gabe obeditu zuen. Ez zuen mirakulurik egin handik goiti.

        Eriak eta jende behartuak heldu zitzaizkon multzoka, bainan alferretan; oro hala-hala gibelerat igortzen zituen.

        Jainkoak ordean saristatu zuen laster obedientzia eder hori.

        Erretor khexua, zerbait behaztopaz erori zen eta zango bat hautsi zuen.

        Ai orduan berehala galdegiten du Oriol saindua, othoi ethor dakion eta senda dezan. Saindua agertu deneko, erraiten dio:

        Behar gabe debekatu dauzut mirakulurik egitea; Jainkoak berak gaztigatzen nu; egin zaitzu egin aintzina mirakuluak, eta niganik abia zaite, senda nezaza!

        Deus arrangurarik egin gabe, Aphez sainduak galdegin zion Jainkoari erretoraren sendotzea. Eta ordu berean sendotu zuen.

 

        Kapitutu hau Imitazionearen hitz eder hotaz hetsi nahi dut.

        «Obedientziatik aldaratzen dena, hastantzen da graziatik. Bere aintzindariak, gogotik eta bihotz onez obeditzen ez dituenak, irakusten du ez duela haragia ongi hezia; bainan muthiria eta maiz izpirituaren kontra altxatzen dena.

        »Ikhas zazu beraz berehala obeditzen zure gidariai, baldin nahi baduzu zure haragiak obedi zaitzan. Kanpoko etsaia laster da garhaitua, barneko gerla iraungitu denean. Ez duzu zure arimaren etsai handiagorik eta gaxtoagorik zeroni baino, baldin, zure izpirituarekin bakean ez bazare. Behar duzu zure burua zin-zinez mesprezatu, nahi baduzu zure haragia eta zure odola osoki garhaitu. Herabe duzu berzeren borondateari osoki arrimatzea; zeren sobra maite baituzu oraino zure burua.

        »Zer da miresteko, zuk, Jainkoagatik obeditzea gizon bati, ez zarenaz geroztik herrauts eta ezdeus baizen? Ni, zure Jainkoa, egin naiz bada zuregatik gizonen obedient, naizelarik guziz gora eta guziz podorosa.

        »Guzietako humilen eta azken egin naiz, ene humiltasuna balia dakizuntzat zure urguluaren garhaitzeko. Herrautsa, ikas zazu beraz obeditzen; lurra, humilia zaite; ongarria, utz zazu zure burua ostikatzerat. Ikhaszazu zure nahi guziei ukho egiten, eta obedientzia guzietarat arrimatzen.»

        Hortik ageri da Jainkoaren zerbitzari leialak, nola dakien gauza guzietan bere buruari ukho egiten eta bere pasionen garhaitzen. Bainan beha zazu nolakoa izanen den nekhe horien ondorioa, zoin guti iraunen duten, eta zoin sari handia darraioten; eta ez zaituzte lotsatuko, aitzitik hazkartuko eta alegeratuko. Ezen, zure nahieri zeren zerbait bortxa hemen egin diozuten, zure nahi guziak betheko dire zeruan.

 

aurrekoa hurrengoa