www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Jesu-Kristok berak establitu duela
Perfetasunezko estatua

 

        Azken kapituluan erran dut nola komentuetako bizi-moldea deitzen duten Perfetasunezko estatua. Eta hori, ez komentuan sartzea aski delakotz perfet izaiteko, bainan estatu hori delakotz saindutzeko biderik errexena.

        Nork egin du, nork asentatu izan du Perfetasunezko estatu hori?

        Jesu-Kristok berak.

        Egia da Jesu-Kristok ez dituela berak moldatu komentuetako erregela bereziak eta hekien egun bakhotxeko harat-hunatak; bainan xehetasun horietan sarthu gabe, bere eskuez hautatu eta finkatu izan ditu estatu hortako zimenduak, bere eskuez bildurik eta antolaturik ezarri izan ditu harren asentu premiatsuen guziak.

        Jainkoa berarenganik, Jesu-Kristorenganik, atheraia da beraz Perfetasunezko estatu hori. Hola diote Elizako Aitek eta Teologeek. Heretikoak dire bakharrik bestela mintzo; bainan hek ukhatzen dutena, guk sinetsi behar dugu, ezen heretiko diren ber, makhur dabiltza, egiaren etsai eta gezurraren adixkide.

        Bai Jesu-Kristok berak egin eta asentatu izan du Perfetasunezko estatua. Bainan nola eta zer bidez? Lehenik bere irakasmenez, eta gero bizitze hortara bere Apostoluak moldatuz.

        Komentuaren hirur botuak maiz eta maiz aiphatzen ditu Jesu-Kristok Ebanjelioan. Huna zer dion.

        1° Zoaz, sal zaitzu dituzun guziak eta niri jarraik; horra Pobreziazko botua.

        2° Ene ondotik ibili nahi denak, ukho egin dezala bere buruari; horra Obedientziazko botua.

        3° Haizu diren haragiko atsegineri ukho egin diotenak badire, eta hori zeruko erresumaren ariaz: adi dironak, adi beza; horra Garbitasunezko botua.

        Horiek dire Jesu-Kristoren irakasmenak. Ez da hortan gelditu; mintzatu ondoan, lanari lothu da; estatu eder hortan altxatu izan ditu bere Apostoluak. Perfetasunezko estatua hain da premia andiko Jesu-Kristoren begietan, non berak moldatu izan baititu Apostoluak Probreziazko, Garbitasunezko eta Obedientziazko hirur botuen eginbideean, hala-nola oraino ere komentu guzietan buruzagiek moldatzen baitituzte beren meneko gizon ala emaztekiak.

        San Krisostomok komentuar bati erraiten zion: Oi komentuar maitea, zure bokazioneari nola behar zaren jarraiki jakin nahi omen duzu. Ez duzu zeren nonbait ibil argiketa; ezen esku-pean duzu argirik hoberena, Ebanjelioa; eta han ikhusiko duzu bide hoberik ez duzula, baizik ere Jondoni Petrik, Jondoni Jakobek eta Jondoni Joanek egin dutenaren zuk ere berdin egitea, ezen Apostoluek ereman dute komentuarrek deramaten bizi-molde bera: O monache, fac tu quod fecit Petrus, quod fecit Jacobus et Joanes. (Homil., 7, in Matth.). Ab Apostolis impleta sunt quae nunc à monachis implentur (Homil., 69 in Matth.).

        Elhe bera diote San Basilek eta San Bernatek. San Basilek bere denboran erregela bereziak egin zituen komentuentzat, eta huna nola mintzo zitzaioten: Zuen estatu hortan berean altxatu izan ditu Jesu-Kristok bere Apostoluak, nahiz-eta geroko komentuar guzieri irakaspen hoberenak helarazi: Discipulos Christus in hoc elegit, qui hoc vitae institutum aemularentur, ut per eos formam relinqueret eamdem secuturae posteritati. (Constitut. Ascet. c. 5.)

        Eta San Bernatek: Estatu hori izan da Elizaren lehenbiziko bizi-moldea; hortarik hasi eta abiatu izan da Eliza: Ordo monachorum ant religiosorum qui primus fuit in Ecclesia, imo à quo caepit Ecclesia. (Apol. ad Juill. n. 24.)

        Kasianek ere dio: Apostoluen denboratik, hirur botuak egiten zituzten Jerusalemeko girixtinoek; Elizak orduan osoki zeraman oraiko komentuek deramaten bizitze hertsia.

        Azkenik huna zer dion Dom Grea teologo aiphatuak: Noiz ere Eliza atheratu baita Jesu-Kristoren Bihotzetik, ordu-berean hasi eta agertu izan da Perfetasunezko estatua. Egia hori goraki errepikatzen dut, ezen Dotorrek mendez mende irakatsi izan dute: Eliza abiatu dela Perfetasunezko estatutik, estatu eder hori izan dela harren lehenbiziko bizi-moldea.

        Apostoluen denboratik hunat Perfetasunezko estatuak iraun du bethi Eliza sainduan. Bere goiti-beherak izan ditu; mende batzuetan hazkar, bertze batzuetan ez hala; bainan ez da behinere agortu. Eta zer diot ez dela sekulan agortu? oi urrun da, ezen denbora gaxtoenetan ere ithurri aberats horrek eman ditu ur nasaiak, eta ur nasai horietan arimak bethi osteka mainhatu, edertu eta saindutu izan dire: Communis est Patrum sensus statum religiosum à Christi tempore huc usque sine interruptione semper durasse. (Suarez, ibid.)

        Hemendik goiti ere berdin iraunen du Perfetasunezko estatuak. Eta nola lur huntako erregek beren gortherat biltzen baitituzte adiskiderik minenak, berdin mendez mende Jesusek ere bere gortherat bilduko ditu bethi asko arima hautatu; eta arima hautatu hek ezarriko ditu hirur botuen gerizan, hala-nola baratze-zainak atherbean ezartzen baititu bere landare maiteenak; eta hekien artean gozatuko ditu bere Bihotz-Sakratuko atsegin eztienak.

        Nork ez ditu erleak frangotan ikhusi eztiketa ernerik dabiltzala lorez lore? Berdin arimaz arima Jesus badabila oro su eta amodio. Eta nor-ere kautsizen baitu, harren Bihotzari dohakonik, hura hautatzen du, biltzen du, komenturat eremaiten eta han bere espos bezala begiratzen.

 

        Detzagun aipha Estatu eder hortako hirur botuak. Ikhus dezagun zer den Pobrezia, zer den Garbitasuna eta zer den Obedientzia.

        Sainduen bizian irakhurtzen dugu San Ligoriok bere misionetan botu horiek noiz-nahi errepikatzen zituela. Saindu handi eta Dotor guziz argitu horrek bere bizia misione emaiten iragan du. Eta sekulan ez du herri bat utzi, non ez duen bietan bederen gazteriari predikatu, komentuko bizi-molde horren xeheki agertzeko, goresteko eta ahalaz besarkarazteko.

        San Anbrosio izan da Elizan agertu den Dotor eta predikari handienetarik bat. Irakurtzen dugu bada harren bizian, multzoka biltzen zituela komenturateko bokazioneak; eta nola arrantzaile trebeak, itsasoa aro denean, arrain elemeniak hartzen baititu bere saretan, berdin harrek ere bere predikuetan arima andanak hartzen zituela eta Perfetasunezko estaturat sarrarazten. Halako moldez non Aita-Ama batzu lotsa baitziren beren haurrak harren predikuetarat uzteaz.

        Hola-hola egin dute San Basilek, San Augustinek, San Jeromek, San Bernatek, eta bertze hainitzek. Batzuek ala bertzek, liburuetan ala predikuetan, goretsi dituzte bethi Perfetasunezko hirur botuak; eta xeheki agertu dituzte Estatu eder horren probetxuak eta atseginak.

        Guk ere, hekien ondotik eta hekien arabera, zerbait aipha dezagun Pobreziaz, Garbitasunaz eta Obedientziaz.

 

aurrekoa hurrengoa