www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Ahalaz, Fraiden eta Seroren eskoletarat
igorri behar direla haurrrak

 

        Azken kapituluan erranetarik ageri da, Eskual-Herrian ez dela Buraso hain bihotzgaberik izan behar, non haurrak igorriko baitituzte Jainkorik gabeko eskoletarat.

        Diot holako Aita-Amak bihotzgabeak litezkela.

        Badakit bai gutiz-gehienek maite dituztela beren haurrak, ezen hori beren jiteak berak manatzen diote. Nor nahik, balitz ere basa herrietako zerbait jende borthitz lotsagarri, Aita edo Ama den ber, maite ditu bere haurrak. Eta hori ukhatzen duenak, zer daasan ez daki; harrek bere burua abereak baino sordiesago dauka, ezik nork sekulan ikhusi du bere sabeleko umeak maite ez dituen abererik?

        Beha zakozu gerezi-ondo bati, nola bere aroan ekhartzen dituen gereziak; berdin sagar-ondo bati, nola adar guzietarik sagarra darion uztailari buruz. Hola-hola eta hobeki, Aita baten eta Ama baten bihotzetik jitez sortzen da haurren alderako estekamendua.

        Bainan huna zertan diren Burasoak bide onetik zeihartzen.

        Haurrak maite bai, ez ordean Jainkoari eta arimari buruz, iduri sinesterik ez dutela, iduri gorphutzeko eta lurreko harat-hunatak eginez geroz, oro untsa direla eta hortan akhabo. Ai bada gorago altxa detzatela beren gogoak eta xedeak; eta haurrak maita Jainkoarentzat, arimarentzat, zerukotzat!

        Aita-Amak atxikiak dire haurren salbamenduaz ahalik eta artha hoberenen hartzera; hortakotzat ordean zoin da egitekorik lehen-lehena? Hura da jakitate ona, hura da funtsezko argia Erreligioneko gauzetan.

        Argi eta jakitate hori gabe, nihork ez ditu bere eginbideak bethetzen ahal. Itsuak eginen du bethi itsu lan. Norat-nahi jo dezan, zeihartuko da bide onetik eta bere burua laster xahutuko du.

        Aita-Ama eskualdunak, ez baduzue nahi zuen haurrak bazter ditezen zeruko bidetik, igor zaitzue eskola girixtinoetarat, othoitzak eta katexima irakasten diren eskoletarat, erran nahi baita Fraidetarat eta Seroretarat. Ezen egungo egunean, gobernamenduko eskoletan ez da othoitzik ez kateximarik zilegi; pagano eginak dire, eta Eliza kondenatu izan ditu.

        Oi beraz, Aita-Amak orhoit ditezela egoiteaz hortan atzarriak eta garratz, ezen berzela beren arimak berme izanen dituzte Jainkoaren aintzinean. Oraidanik ere ez dute beren haurreri primantza hoberik uzten ahal, nola baita eskola girixtinoetan ikhasten den jakitate eta bizi-molde ona. Fraidetan edo Seroretan hartu urrats onak baliatzen dire berdin denborako ala eternitateko.

 

        Haurrak behar litezke eskola girixtino horietarat jarraikarazi goizik, gaztedanik. Jendea baithan deus ez da hobeki finkatzen nola lehenbiziko jarkiak eta hazturak. Bihotza gazte, guri, eta ibil-errex duelarik, ohidura onak emaiten badire haur ttipiari, gero ere orhoituko da; eginik ere zerbait eroriko, altxatuko da laster. Bainan haste-hastetik emaiten badiozkozu itzuli herrebesak, ai gero ere bide berari jarraikiko da; gehienetan holako haurretik atherako da gizon eta girixtino sordies bat.

        Jendeak arbola iduri du. Haritz ondoa gazte deno, izanik ere makhur, xuxen diteke. Bainan bere makhurrarekin handitzera uzten baduzu, handiago eta nekezago xuxenduren duzu. Eta hein batetara helduz geroz, alferretan entsegatuko zare. Hola-hola da jendeaz.

        Berdin oraino, landare sorthu berria errotik athera diteke; bainan bego erroen egitera: zure indar guziak ez dire geroztik aski izanen, lurrean tieso egonen zauzu. Orobat da gaizkia haurraren bihotzean: Gazte deno khentzen ahal errexki, bainan zahartzearekin hazkartzen eta borthizten.

        Haurrak beraz goizik igor eskola girixtinoetarat. Eta bestalde, behin abiatuz geroztik, jarraikaraz ongi. Ez egin asko Aita-Amek bezala, egun batez igor, bertze bi egunez etxean atxik; bi egunez eskolan eta lauez kanpo-lanetan; horrek ez du khararik, ikhas bezenbat ahanzten dute haurrek.

        Eskolatik hola gibelatuz huna zer gerthatuko den. Lan pozi baten estakuruan, othoitzik ez kateximarik ez ikhasten; urtheak emendatzearekin, gaxtakeria ere handitzen; gaxtakeriarekin burua gogortzen eta bihotza ez ontzen. Eta ordutik zer-nahi ikhusi behar hek ezin moldatuz. Aitaso bezain handi eginak eta oraino ez jakin komuniatzeko gauzarik premiatsuenak. Mahin saindura joan behar arima garbi batekin, eta jadanik asko zarkerietan trebatuak!

 

        Bertze phundu bat oraino. Haurrek lehen komunionea egin dutea bai, asko Burasoek uste dute debalde dela eskolarat gehiago igortzea. Eta bizkitartean zonbat haur ez dire komuniatu dutenak, frango uzkur eta tonto direlarik kateximan eta othoitzetan? Oi zer probetxua liteken haur horientzat, Fraiden edo Seroren eskolarat jarraikitzea zonbait denboraz!

        Ba bainan handituak dire, muthil gazte eta neska gazte eginak dire! Zer erran nahi du horrek? Gaztetasuna bertze haurtasun suerte bat da; haur handiek egiten dituzte haurkeria handiak. Gaztek ez dute oraino burua aski asentatua; adinak berak eta berotasun erho batek zoratzen eta itsutzen dituzte. Eta sekulan izaitekotz, orduan behar dute norbait bidari eta argizaile, orduan behar dute zaintzaile indartsua, orduan behar dire eremu onetan atxiki. Bertzela, adineko suak makhurra frango eginaraziko diote.

        Bai, komuniatu ondoan ere, haurrek on dute Fraideterat eta Seroretarat zonbait denboraz jarraikitzea.

 

aurrekoa hurrengoa