www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII — KAPITULUA

 

Bokazione hainitz baliosa dela
misionest egitea gure eskualde hotan
beretan herriz herri predikatzen ibiltzeko

 

        Aita-Sainduek, konzilioek eta aphezpikuek premia handitan atxiki dituzte bethi misioneak. Eta hemen mintzo naiz, ez pagano herrietan emaiten diren misionez, bainan gure eskualde hotan emaiten direnez. Dudarik ez bokazione hainitz baliosa dela aphez batentzat Misionest izatea, Eliza sainduak hoin beroki onesten eta altxatzen dituenaz geroz misioneak.

        Huna beraz zer dioten misionez Aita-Sainduek, konzilioek eta aphezpikuek.

        Aita-Saindu Pio seigarrenak kondenatu izan du misionen kontrako elhe gaxto hau: Misionek ez dutela behinere menturaz edo arras bakhan beizik egiasko aldamenik egiten arimetan; eta hekien ona eta higialdea, zerbait arrabots egin ondoan, agertu orduko ezeztatzen direla.

        Auctorem Fidei erraiten dioten Bulla batean, Aita-Sainduak girixtino guzieri seinalatzen du elhe hori ausart eta kaltekor bezala; eta dio, elhe horrek laidostatzen dituela Elizaren egin-moldea eta Jainkoaren hitza.

        Geroztik, —1836— Pio bederatzigarrerak izkribatu izan du: Misionek phizten dute herrietan sineste girixtinoa, sustatzen dute berhutea, eta arimak lehiarazten dituzte salbamenduko bidetan. Gure gutiziarik handiena da Jaun Aphezpikuek eman detzaten ahal bezenbat misione. Ez dezakete lan hoherik egin.

        Aurthen berean, agorrilaren hamabian, oraino bizi den Aita-Saindu Leon hamahirurgarrenak, izkribatu diote Hongariako jaun Aphezpileu guzieri:

        Har zaitzue behar diren bideak Misionen usu emaiteko, amoreagatik arimak izan ditezen ungi lanthuak eta arthatuak; eta hortarakotz hauta zaitzue langile bereziak, aphez argitu eta khartsuak, Jesu-Kristoren eta arimen amodioaz oro khaldan daudenak.

        Tolosako konzilioak —1851— erraiten du: Aspaldiko denboretan ohartuak dire guziak probetxu handia dela arimentzat, izan dezaten denborarik denborara laguntza berezi zerbait, ardurako aphezen minixterioaz bestalde. Hortakotz hertsiki gomitatzen ditigu Jaun Erretorak, eman detzaten arteka misioneak beren herrietan.

        Aix-eko konzilioak —1852— dio: Ez xoilki misioneak probetxos dire gehienentzat, bainan oraino hain dire baitezpada beharrak zonbaitentzat, non arima hek bethikotz gal bailitezke laguntza horren eskasean.

        Bordeleko konzilioak: —1852— Zonbat-nahi ederki mintzaturik ere, maiz entzuna den predikariak ez du indar bera, arima hilen higitzeko eta phizteko. Hortakotz behar dire misioneak. Elhe arrotz bat hobeki sartzen da bihotzetan. Orhoit beraz, ez bakharrik on direla misioneak, bainan kasik baitezpada eman behar direla noizetik noizera herri guzietan.

        Kanbreko Arxaphezpikuak aspaldian manatua diote Diosesako erretor guzieri, misioneak eman detzaten borts urthetarik, edo berantenaz zazpi urthetarik.

        San Ligoriok nahi zuen misioneak izan zitezen hirur urthetarik harren Diosesako herri guzietan. Bere aphezpiku lagunak ere hortarat ekharri nahi zituzken; huna zer izkrihatu izan duen hetarik bati: Othoi hirur urthetarik emanaraz zaitzu misioneak zure Diosesako bazter guzietan; eta ez beha misionen kontra mintzo direneri, edo maizegi heldu direla erraiten duteneri; hek ez dakite zer dioten. Ez bada kanpoz eta agerian, bederen Jainkoaren begietan eta arimen barnean, misione batek egiten ditu bethi ongirik handienak.

        Poitieko aphezpiku guziz aiphatu batek, Pio kardinaleak, erraiten zuen: Ene bizian egin dutan obra handienetarik bat izan da, Misionest etxe bat altxatu baitut, eta orai Diosesako eskualde guzietan emaiten baitire misione frango.

        Baionako aphezpiku handienetarik bat, geroztik Tolosan kardinale hil izan dena, morde d'Astros, hainbertzetaraino ohartua zen misionek egiten duten ongiari, non altxatu baitzuen Hazparneko Misionesten etxea. Eta maiz bazohan herriz herri misionestekin; ez zuen prediku bakhar bat huts egiten. Gehiago dena, asko aldiz hek bezala ari zen lanean, ala predikatzen, ala kofesaten, hirietan bereziki.

        Aphezpikuez bestalde, zonbat aphez sainduek ez dituzte misioneak premia handitan atxiki?

        Aldi bat san Bixintxo Paulokua nigarrez pharatu zen, eta zertako? ez zutelakotz gehiago utzi nahi misione emaiten ibiltzera.

        Eskual-Herrian asko aphez jakintsun eta saindu, hala-nola Garat-Pikesarri, Deiheralde, Hirigoien, Kurutxet, eta bertze hainitz, zerk ekharri ditu Misionest egiterat, erretorgua guziak utzirik? A! baitzakiten zer ongi handiak egiten dituzten misionek arimetan.

        Orai duela berrogoi eta bortz urthe, huna zer egin zuen aphez goraxago aiphatu dugun batek.

        Jaun hori erretor zen Avaloneko hirian. Bainan erretor handi izanagatik, bertze ametsik bazuen. Nahi zen erretorguatik atheratu eta Misionest egin.

        Horiek hola, gure aphez khartsua emaiten ela, behinere baino su gehiagorekin, othoitzari, barurari eta bertze asko penitentzieri. Jainkoari galdatzen dio idek eta zabal detzakon bere bokazionerat heltzeko bideak.

        Holaxet othoitz egin-eta zonbait egunez, badoha Jaun aphezpikuarengana eta bere gutizia aiphatzen dio. Othoizten eta errekeritzen du utz dezan bere erretorguatik atheratzerat eta Misionest egiterat. Bainan aphezpikuak ihardesten dio egin detzala lehenik hobeki bere gogoetak; gero ikhusiko dutela.

        Aphez saindua ez da lotsatzen, are hobeki lotzen da othoitzari eta penitentziari. Eta laster Jainko maitea heltzen zaio eta mirakulu batez irakasten dio onesten duela harren Misionest egiteko xedea.

        Abendoaren hamahiruan, mila zortzi ehun eta hogoi eta hemeretzian, ortziraile batez, othoitzean zagon Avaloneko elizan. Aditu zuen Jainkoak berak erraiten ziola: Nahi dut izan zaiten saindu!

        Eta gero iduritu zitzaion Jesus bera athera zela tabernakletik, ete bere eskuaz zeinatu zuela kopetan, bihotzean eta ezpainetan; lehenik kopetan, irakasteko misionesta behar dela izan jakintsun; gero bihotzean, irakasteko zer su eta khar handiarekin ibili behar den arima galduen ondotik; eta azkenik ezpainetan, irakasteko behar dela mintzatu hazkarki, ausarki eta zuhurki.

        Bainan Jauna, dio Erretorak, ez dezaket sinhets bokazione hortarat helduko ahal naizela!

        Jesusek orduan bere bihotza irakasten dio: Huna non duzun ene bihotza berme.

        Aphez dohatsua xoraturik gelditzen da. Bere herria, bere ahideak, mundu huntako ohore eta atsegin guziak, ez zaizko deusik Jainkoaren aldean. Nahi du guzietarik berehala buluzi.

        Hargatik egoiten da oraino bere erretorguan. Segur baino segurrago beharrez, Jainkoari galdatzen dio bere bokazionearen bigarren agergailu bat. Berriz ere Jainkoak irakasten dio misionesguarat helduko dela. Bazituen herrian sei gizon elizatik arras urrunduak; othoitz eta entsegu frango ibili zituen hek bildu nahiz, bainan bethi alferretan. Egun batez erraiten dio Jainkoari: Oi Jauna bekhatoros horiek konbertitzen badituzu, orduan sinetsiko dut misionest egin behar naizela.

        Eta egun hartan berean seiak jin ziren Erretor sainduarengana, eta seiak orduan berean kofesatu ziren.

        Ez du gehiago dudarik. Ardiesten du aphezpikuaren baimena, adioak egiten ditu herriari eta badoha nobiziaren egitera.

        Hori zen mila zortzi ehun eta berrogoiean, agorrilarekin.

        Ez diteke erran zer ongi handiak egin dituen misionest saindu horrek. Halako kharra agertu izan du eta halako obra ederrak moldatu ditu, non harren izena Frantzian eta urrunago ezagutua baita. Ezen aita Muard nork ez du ezagutzen?

        Bekhatoros galduenak zituen gehienik maite. Misionearen hastetik bazohan berehala etxez etxe; jende herrebes eta errebelatu guziak ikhusten zituen; bakhotxarekin lothuko zen borroka, bainan eztiki eta lausengatuz; eta azkenean irabazten zituen gehienak.

        Herri galdu batean hasi zuen misionea; guziek zioten ez zuela han deusik eginen ahal. Hargatik ez zen lotsatu. Nola ez baitzen nihor heldu predikuetara; nola etxetan ere ez baitzuten soberakinik ikhusi nahi, huna zer egin zuen.

        Goiz batez elizan egon zen luzaz eta luzaz, bethi othoitzean, Jainkoari galdeka konberti zezan herri galdu hori. Azkenean oihuz hasten da eta Jesusi erraiten dio: Oi Jauna, ene izaite guzia saltzen derauzut eta osoki emaiten; bainan ordainez, ene buruaren truk, othoi konberti zaitzu hemengo bekhatore gaixoak; berheun bederen galdegiten derauzkizut.

        Jainkoak onetsi zuen aita Muarden tratua. Konbertitu ziren, ez berheun xoilki, bainan herriko gizon eta emazteki gehienak.

        Herri galdu harrek Bermenton zuen izena.

        Aphez khartsu horrek berak bildu eta asentatu izan ditu Benedikano-Predikariak. Ez nahiz nola-nahika jokhatu egintza handi hortan, joan zen lehenik Arzeko jaun Erretorarengana eta bere argiak galdatu ziozkan.

        Morde Vianney Arzeko erretor hori zen saindu bat, zer-nahi mirakulu egiten zituena. Frantziako eta Europako bazter guzietarik heldu zitzaizkon jendeak; eta hasirik goizeko bi orenetan, egun guzia berant arte ari zen bethi kofesatzen, predikatzen, eri sendotzen.

        Bana-bertze, egunean hemezortzi oren iragaiten zituen kofesionalean.

        Ez zuen sekulan jaten esne izpi bat beizik, eta bakhar aldi batzuez lursagar egosi zonbait.

        Aita Muard heltzen da beraz erretor saindu horrengana. Aiphatzen diozka bere xedeak eta errekeritzen du othoi erran dezakon hea bide onean ala gaxtoan sartzerat abiatu den.

        «Ez lotsa, ihardesten dio Sainduak; obra hoberenetarik bat egitera zoazi; Jainko onak lagunduko zaitu.»

        Eta hola gerthatu da. Benedikano-Predikariak hainitz emendatu dire. Badituzte orai zazpi komentu, bortz Frantzian, bat Ameriketan eta bertze bat Angleterren.

        Zazpi komentu horietarik hazkarrena, bokazione gehienik biltzen duena, gure eskualdetan dugu, Bastidan.

 

aurrekoa hurrengoa