www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

X — KAPITULUA

 

Laborantza komentuek dutela
gehienik ederretsi eta maitatu

 

        Benedikanoak izan dire lehenik eta hobekienik laborantzari eman direnak.

        San Benuat agertu aintzinean, gure Europako eremu gehienak oihan eta larre ziren. Erromanoek zerga hain soberanioak galdegiten zituzten, non laboraria ez baitziteken bere lanetik bizi. Hobe zuen bere ontasunak debalde uztea, zeren-eta lanthuz ez baitzuen galtzerik baizen. Eta holaxet, emeki-emeki, herri aberatsak eta jendetsuak hustu ziren, egin ziren bortu; eta, gizonen orde, nausitu ziren basabereak.

        Geroztik ere zer desmasiak ez ziren izan?

        Ipharreko aldetik elemeniaka ethorri ziren jendakia borthitzak, eta kalte handiak egin zituzten. Suaz eta ezpataz xahutu zituzten herrialde osoak. Eta azkenean bazterrak gelditu ziren jenderik gabe.

        Goraxago erran dutan bezala, eskualde gehienak oihan eta larre joanak ziren, zonbait hiri bakhar salbu.

        San Benuatek ez zuen beraz ustegabean erraiten langile bati: Zohazi lanera eta gogo onez jokha zaite.

        Huna zer gerthakariz erran zuen san Benuatek hitz hori.

        San Benuaten komentuan fraide bat bazen agota. Buru eskas aire bat bazuen, bainan hargatik onetsi zuen san Benuatek, eta bere komenturat hartu. Ezen Saindu horrek ez zuen nihor guphidesten baldin irakhasten bazuen perfetasunari jokhatzeko xede zina.

        Egun batez San Benuatek lanerat igorri zuen fraide hori. Ari behar zuen sasi eta elhorri phikatzen, behar zuen larre puska bandi bat aihotzarekin garbitu, eta gero baratze bezala lanthu.

        Larre hori zen uretik hurbil.

        Ur hegira joan zen beraz fraidea bere aihotzarekin eta brauki lothu zen lanari. Ez baitzen errex sasi eta elhorri zahar hekien khentzea, ari zen indarka, jo harat eta jo hunat, izerdi-uretan.

        Bainan izari bat badute gauza guziek, bai eta hoberenek. Eskualdunak dio lehia soberanioa berantgarri dela eta tresna hazkarrenak ere hausten direla sobera bortxatuz.

        Hola gerthatu zitzaion gure fraide agotari. Joitearen bortxaz aihotzaren burdina deslothu zen giderretik eta besainka jauzi uraren erdirat.

        Akhabo beraz laneko tresna! Urak hain barna dire non ez baititeke burdin hura niholaere hatzeman.

        Ai orduan ikharatu zen fraidea! Joan zen San Maurorengana eta bere gerthakuntza aithortu zion.

        San Maurok bidali zion aita Benuati.

        Demendrenik khexatu gabe, ethorri zen San Benuat, fraideari eskutik hartu zion aihotz-giderra eta urean erdizkaxe sarthu. Ordu berean, osin-beheretik altxatu zen burdina, bere giderrari lothu, eta sekulan baino hobeki josirik jarri.

        Irri gozo batekin San Benuatek fraide agotari eman zion osorik bere aihotza. Erran zion:

        Horra non duzun zure aihotza, zoazi berriz lanera eta gogo onez jokha zaite.

        Elhe balios hori entzun dute eta zinez atxiki San Benuaten haurrek. Hek dute Europako lurra berriz lanthu eta bereiz aberastu. Oraiko mendetan miresten ditugun hiri eta kanpo ederrak, Benedikanoen izerdietarik sorthu dire. Bai Frantziako, bai Angleterrako, bai Alemaniako herrialde gehienak athera dire Benedikanoen lanetik.

        Bertze asko Ordrek ere laborantza berdin ederretsi eta maite izan dute.

        Jainkoak bethi lagundu izan ditu batzu ala bertzeak. Zonbat mirakulu eder eta hunkigarri ez ditu egin saristatzeko hekien neke-izerdiak? bai-eta irakasteko munduari, lanean ari zirela, ez aberastu beharrez, bainan bakharrik Jainkozko xedez?

        Beren lan-akhitzetan Komentuarrek ez dute deus bertzerik nahi baizik-ere; 1° Jesusen oinazetan parthedun jarri, 2° beren bekhatuez penitentzia egin, 3° girixtino lagunari eman, ahal dituzten irakaspen eta laguntza hoberenak. Eta hortakotz, Jainko ona heldu izan zaiote bethi kanpo-lanetako behar-orduetan; erran diteke berak xukatu dituela hekien izerdiak eta arhindu hekien neke dorpheak.

        Huna zonbait xehetasun.

        San Ebrulpe aitoronseme aberats eta handi zen. Utzirik ontasunak eta gorapenak, sarthu zen Benedikano komentu batean. Nobiziako denborak egin-eta, abiatu zen oihan beltz bati barna, behar zituela bortu-larre hek garbitu eta lanthu. Bainan oihan hura zen ohoin-zilo ikharagarri bat, ez ziteken nihor han barna mentura.

        San Ebrulpe oihanean sarthu deneko lotzen zaizko ohoinak, bainan ez diote kalterik egiten. Xoilki erraiten diote: Zertako heldu haiz oihan huntarat? ez duk hemen ohoinik baizen; ohoinak eta Benedikanoak ez dituk elgarrekilako eginak; habil beraz hementik urrun; berzela-ere alde hotako lurrak lur borthitzak dituk, ez duk ogi bihi bat sekulan bilduko ahal.

        Eta bere aldetik Sainduak: Nere bekhatuen garbitzeko heldu naiz hunat, Jainkoaren eskuetan naiz; ez ohoinek, ez akhitzek, ez naute izitzen. Ageriko da zer eginen dugun. Bethi nik dakitana hau da: Jainkoak loretzen dituela mendi-harrokak eta ene hazkurria ere atherako ahal duela bortu idor hotarik.

        Biharamunean ohoin berak ethorri zitzaizkon. Eskeini ziozkoten hirur ogi eta eltze bat ezti. Horra nola Jainkoak ohoinen bidez igorri zuen Benedikano sainduari bere janaria.

        Egun gutirik barnean, ohoin hek guziak konbertitu ziren. Beren eskuez egin zuten komentu berri bat, jarri ziren San Ebrulperen menean, eta oihaneko eremu gehiena lanthurik eta ederturik ezarri zuten.

        Huna bertze mirakulu bat, komentuar laborarien laguntzeko Jainkoak berdin egina.

        San Kolonban zagon Fontaneko komentuan. Landa berri batean erein zuen ogia eta abiaduratik uzta eder bat ekharri zion. Ogi buruak hori-horiak zauden biltzaileari beha. Ba bainan denbora zarrak ari! Gau eta egun ortzi karraskak, uri tulubioak, haize erauntziak; eta landan ogia usteltzen abiatua.

        Khexu zen Kolonban, bere ogia sarthu nahi eta ezin sar! Huna azkenean nola jokhatu zen.

        Jainkoari othoitz khartsu bat egiten dio, eta komentu guziari manatzen du ogi-landara joan diten.

        Guziak espantitzen dire, bainan ixilik eta lasterrik erortzen Aita Kolonbanen erranera.

        Kalerna uharrak erauntsika jausten direla, badohazi, ihitea eskuan, buruzagiaren ondotik.

        Eta huna zer egiten duen saindu handi horrek

        Landaren lau bazterretan emaiten ditu komentuko lau fraide khartsuenak, belhauniko, othoitzean, eta bera ihitearekin abiatzen da ogi phikatzen.

        Lanean hasi deneko, hedoiak urruntzen dire landaren eremutik, iguzki eder bat altxatzen da. Landaren inguruan uria jautsaala ari, eta han demendren xortarik ez!

        Egun hartan berean ogi guzia ebaki zuten eta komenturat sarthu.

 

        Bertze mirakulu bat oraino, San Leonor Abadeari gerthatua. Saindu horrek bere komentua altxatu zuen toki idor eta harritsu batean. Fraide langile frango ethorri zitzaizkon. Bainan ezin deusik athera lur gaxto hartarik! Zer-nahi entsegu eta akhitze ibiltzen, eta guzien buruan probetxurik ez, bizitzekoa nonbaitik erosi behar!

        Egun batez Leonor oro gogotatua zagon, ez jakinez zer egin bere komentuaren hazteko. Jainko onak lagundu zuen. Hegastin xuri pollit bat ethorri zen Sainduaren oinetara, ogi buru eder bat mokoan. Ageri zen hortik bazela hurbil ogi-lur ona eta gizena.

        Fraide bati manatzen dio jarraik dadien hegastinari.

        Oihanaren erditsutan gelditzen da xoria ogi-ondo batzuen artean. Dudarik ez bazela hor lehenago zerbait herri edo ontasun. Zer-nahi izanik, fraidea ez dauke atseginez eta bozkarioz, egiten du laster Aita Leonorrengana eta erraiten dio zer ikhusi duen.

        Komentu guzia toki hortarat aldaratzen da; oihan puska handi bat errotik khentzen dute, lantzen eta ereiten.

        Bainan lan hori lan gaitza eta luzea izan zela diote liburuek. Behin baino gehiagotan lotsatu ziren fraideak. Bai eta asko joan ziren ihesi. Lastima hortan othoitz egin zuen san Leonorrek. Eta Jainko ona berehala heldu izan zitzaion. Hamahi oreña hazkar ethorri ziren oihan barnetik eta uztarrian jarri, idi maltso batzu bezala. Egun guzia lanean iragan-eta, bazohazin beren egon tokira eta biharamunean lanera berriz heldu ziren.

        Eremu guzia lanthurik eta ereinik ezarri arte jarraiki ziren holaxet bortz astez. Orduan San Leonorrek benedikatu zituen eta joan ziren bethikotz oihanerat.

 

aurrekoa hurrengoa