www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX — KAPITULUA

 

Jaun Iribarne, misionest eta martir

 

        Euskal-herrian misionesta frango eman ditu jendaia paganoeri, hala-nola Bertran Duhalde uztaristarra, Joanes Labartet ainhoarra eta Adraneko aphezpiku hil izan dena, Durizburu beskoiztarra, Jaimes aizurukuarra, Mugaburu gethariarra, Errekarte makaiarra, de Gaztelu iruñarra, Aita Madre hazpandarra, eta bertze asko. Bainan bat bada guzien artean Jainkoak martir bezala hautatu eta goretsi duena. Hura da morde Domingo Irabarne.

        Pagano herrietarat abian diren aphez gaztek, bai-eta hemen berean Misionest egin nahi direnek, martir eskualdun hori hartu behar lukete patroin eta bidaritzat. Hortakotz xehetasun zonbait aiphatu nahi ditut gure herritar Jaun Iribarnen gainean.

        Domingo Iribarne Orzaizen sortu zen, uztailaren zortzian, mila zortzi ehun eta berrogoi eta hemeretzian.

        Goizik hasi zen kanpo-lanetan, eta egun batez alhorrera jin zitzaion herriko aphez saindu bat, morde Larre, eta galdatu zion: Errak, Domingo, ez othe huke aphez egin nahi?

        Haurrak ez zituen oraino hamabi urthe. beizik; harritu zen eta ihardetsi zion: Zer, Jauna, ni aphez! ez du khararik. Nola nahi duzu ene Amak egin detzan kanpolan hok, joaiten banako ni etxetik? Ni beizik ez du nihor!

        Morde Larre ez zen lotsatu. Mintzatu zen lehenik amari, eta haurraren aphezterat irabazi zuen. Are hobeki eta errexki bildu zuen Domingo, eta Hazparneko eskolarat berehala igorri.

        Hirur urthe iragan zituen Hazparnen. Morde Deiheraldek zion: Urhe metak balio ditu Iribarnek eta egun batez ohore eginen dio Eskual-herriari.

        Hazparnetik joan zen Larresoroko seminariorat. Etxe aiphatu hortan jakitate hoberenak ikhasi zituen, bainan guziz harren bihotzeko kharra emendatu zen Jainkoarentzat eta arimentzat.

        Orduan barnetik hasi zitzaion botz bat erraiten: Misionest joan behar haiz pagano-herrietarat!

        Ai eder zitzaion misionest joaitea, ezen gogo suharra zuen Iribarnek; eta non ere ikhusten baitzuen lanik borthitzena, harat ari zen jitez.

        Bainan bere griña suertea bazuen, baizik-eta ez zela gai, bokazione hori soberanioa zela harrentzat; eta maiz bere buruari galdeka ari zen: Martir hiltzeko indarrik aski izanen othe duk?

        Joan zen egun batez Larresorotik Orzaizera, bere ustez amari erraitekotan zer ametsak zituen misionest egiteko. Ba bainan, etxera orduko bihotza ttipitu zitzaion. Ezin menturatu zen amari hitz baten aiphatzera; eta hogoi bat egun thirabira hortan iraganik, Larresororat itzuli zen deusik egin gabe.

        Ondoko urthean Seminario handirat joan zen, eta handik igorri zion amari bere adixkide bat, berri gaitz horren emaitera.

        Entzun dueneko Domingoren mezua, asaldatzen da ama gaixo hori. Berehala abiatzen da etxetik eta joaiten Baionara. Ez da hirian demendrenik gelditzen. Eta egun guzia deusik jan ez edan gabe, joiten du xuxen seminariora, eta oihuz hasten: Non da ene semea? Ekharrazue abian hunat ene haurra!

        Misionest-gai saindua jausten da gelatik; harritzen da bere ama maitea holakaturik ikhustearekin.

        Borroka erdiragarri batean hasten dire, semea misionest joan nahi eta Amak niholere ez utzi nahi. Azkenean belhauniko erortzen da semea; Oi ene ama, errazu beraz garbiki ez duzula Jainkoaren nahia onesten, eta ene sutana zure oinetara aurthikiko dut eta jinen Orzaizerat zurekin eta haitzurrari lothuko.

        Ama izitzen da, ez dio ihardesten, beha dago ixilik bere semeari.

        Azkenean bihotz guzia erdiratzen eta trenkatzen bezala zaio, eta nigar-hipetan erraiten du: ene haurra, orai beretik enetzat hila zare; egizu beraz Jainkoak nahi duena!

        Ordu berean Orzaizerat itzuli zen ama gaixo hori, eta geroztik ez du sekulan demendren arrangurarik egin.

        Handik laster Iribarne gaztea Pariserat joan zen eta misionesten seminarioan sarthu.

        Behinere baino khar handiarekin lehiatu zen bokazione horri dohazkon berthute guzietan; eta gehienik eman zen penitentziari. Etsai bati bezala jazarri zen bere gorphutzari eta zehaturik zaukan.

        Ez zuken bada iduriz penitentziaren behar handirik. Adinaren lore-lorean zen oraino, amarekin iragan zituen lehenbiziko bere urthe garbi eta prestuak, gaizkia ezagutu gabe athera zen mundutik, eta sekulan demendren hedoiak ez zuen harren xahutasuna goibeldu. Egiaz, Iribarne gazteari zohazkon Salomonen kantiketako hitz eder hok: Nola lilia lapharren erdian, nola sagarondoa oihaneko zuhaitzen artean, hala ene adixkidea agertzen da gizasemen artean: sicut lilium inter spnias, sicut malus inter ligna silvarum, sic dilectus meus inter filios (Cantic. 2).

        Bainan nahi zen urrundanik martiriora trebatu; bere gorphutza zehatuz, nahi zen hazkartu eta borthiztu bere odolaren ixurtzera Jainkoarentzat eta arimentzat.

        Martir hiltzea, oi zer amets gozoa aphez khartsu batentzat! Jaun Iribarnek ez zuen bertze gutiziarik, nahi zuen bere Jesus odoleraino eta hiltzeraino maitatu; eta zinez harren ahoan eman zitesken phertsu eder hok:

 

                        Oi Jesus dibinoa!

                        Zure amodioa

                        Hain da garbia!

                        Hain da eztia!

                Ixurazu ene gainera,

                Ene bihotza izan dadin goihera

                        Heriora joateko.

 

                        Zureganako

                        Nik dudan lehia,

                        Iduri ithurria,

                        Zurrutaka badoha.

                Ene arimaren bilha

                Zatozte aingueruak,

                        Hunat guziak,

                Eremateko airean,

                Zuen hegalen gainean,

                Zeruko loriara,

                Jesusen ikustera.

 

        Hirur urtheren buruan apheztu zen, bere-ama maiteari egin zazkon adioak, eta gero joan itsasoz gaindi basa herrietarat, mila zortzi ehun eta lauetanhogoi eta hirurean, martxoaren hogoi eta zortzian.

        Huna orai hitzez hitz zer dioten Fedearen heda-berriek morde I ribarnez (I).

        Bada Xinako azken mugetan misionest eskualdun bat guziz aiphagarria, Aita Durisburu. Hogoi eta hamabortz urthe baditu han dela.

        Ezin sinhetsiak dire harek denbora luzez pairatu dituen minak. Ereman ditu urthe osoak misionest lagun bat ere ikhusi gabetarik, gizonaren itxura baizik ez zuten salbaia batzuen artean, belhar erro eta begiz ikhusi ere nahi ez ditugun lurreko ihizi batzuetarik janez bizi zela. Salbaia heiek bezala bezti, bethi ointhutsik ardura urean eta lohian, lur hutsa etzangiatzat, zeru zabala atherbe, arbola ostoak estalgi.

        Bizkitartean maite zuen misionest horrek bere izaitea eta hanbat zitzakoten bere giristinoer estekatua, non haren lagunek ez baitzezaketen ardiets urrun zadin heietarik, osagarriak baitezpada galdatzen zion ephe zerbaiten hartzeko ere.

        Berak ikhusten zuen hargatik bai adinak, bai nekeek, bai eritasunek bazeramatzatela haren indarrak, eta laster bortxaz hustu beharko zuela lekhua.

        Gogoeta horrek goibeltzen zuen haren bihotza, edo zoin neke eta atsekabeek behin ere ilhundu ez khordokatu ahal ez zutena.

        Galdatzen zioten bada Pariseko semenarioko buruzagier ez zezaketenez hatzeman Eskualdun erne eta azkar bat haren ondokotzat. Ezen erraiten ohi zuen eskualdun larrua behar zela han irauteko, eta eskualdun bihotza hango jende guti maithagarriaren maithatzeko.

        Eskualdunik ez ukhanez, edo bertze zerbaitengatik, igorri ziotzaten Aita Durisbururi, bata bertzearen ondotik, bi misionest gazte, ez oraino ondokotzat bainan lagun bezala. Bata eta bertzea, bigarren urthearen bururan, heltzera utzi gabetarik, ereman zituzten hango sukhar gaixtoek. Eta behinere bezala Aita Durisburu berriz ere bakharrik gelditu zen.

        Arte hortan heldu zen gure herritarra Pariseko semenariora. Bazakien aitzinetik zer heinetan zen Aita Durisburu eta nolakoa zen haren nahikundea. Geroztik ez zuen bertzerik amestu ezenez misionest saindu horren lagun eta gero ondoko izaitea.

        Bizkitartean xede hori hanbat zitzakon handia, ederra eta haren merezimenduez goragokoa, non ez baitzen ausart nehori ere aithortzera zer zerabilan gogoan. Jainkoari galdatzen zion bada bere othoitz khartsuetan, nahiz zen berenaz ezdeusa, berak egin zezan xede handi hortakotzat behar zen hezalako.

        Othoitz hori sobera zen Jainkoaren gogorakoa ez onhetsia izaiteko. Ordena sainduak hartu zituen egunean bere buruzagiek misionest gai khartsuari erran zioten Aita Durisbururen lagun izendatua zela.

        Berri on horrekin ethorri zen bere ahaide eta adiskideer azken agurren egiterat. Ez zezaken gorde bere bozkarioa; eta erraiten zion bere lagun bati:

        «Lur huntan gutiziatzen nuen gauza bakharra eman deraut Jainkoak. Ikhusiko dut bada aspaldian urrunetik ezagutzen eta bihotz oroz maite nuen misionest saindu hura! Ni ezdeusa izanen niz haren lagun eta, behar bada, egun batez, haren ondoko. Zer eskerrak zor diotzodan Jainkoari!

        Eta nola bere lagunak orhoit arazten baitzuen nola haren aitzineko bi misionest gazteek ezin iraun zuten lekhu dorphe hartan, ihardetsi zion irri gozo batekin:

        «— Zer erran nahi du luzaz bizi nadin ala ez? Iraunen dut Jainkoak nahi duen bezain bat. Bertze alde, larru zaila dut, eskualdun larrua, Aita Durisburuk galdatzen duen bezala. Goazin aitzina gure bidean: eta hel dakigula Jainkoak nahi duena!»

        Horra zer bihotzeko alegrantziarekin emaiten zuen bere bizia. Ez zen gutiagoa izan misionest zaharraren bozkarioa jakin zuenean berria, bere herritar bat, eskualdun bat igortzen zakotela lagun eta ondokotzat, eta oroz gainetik bere besoetan tinkatu ahal ukhan zuenean Jainkoak emaiten zion aneia gazte hori.

        Aita Iribarnek berak erran derauku letra batean nolakoa izan zen, zoin hunkigarria heien elgarretaratzea. Jadanik aitatzat zaukana eta geroztik aita deithu eta aita bezala maitatu duena ethorria zitzakon bidera. Bata bertzea bezain elgar ikhusi nahiak ziren.

        Ordukotz zonbeit hilabethe hartan; bere buruzagiek jauts arazia zuten Aita Durisburu bere mendietarik eta emana zuten, han bereko umeetarik misionestzat altxatzen dituzten haurren nausi semenario batean. Haren aldean eman zituen Aita Iribarnek lehen hilabetheak mintzairearen hartzen ari zelarik: harekin ikhasi zuen ikhusiz, adituz baino gehiago, obretarik solasetarik baino hobeki, nola bilhaka misionest khartsu eta saindu. Berak zion ez zezakela nausi ez molde hobeagorik ukhan, nola baitzen hura. Guk erran dezakegu irakasleak merezi bezalakoa zela ikhaslea.

        Misionest bezala lehen urhatsak egin ditu haren semenarioari hurbileko herri batean, eta gorago aiphatu dugun letran erraiten zaukun, arte zuen aldi oroz, bazakiela estakuru zerbeiten hatzemaiten, arinik, mendiari behera, bere Aita maitearen ikhustera joaiteko.

        Zoinak othe zuen atsegin gehiago bertzearen ikhusteaz, aitak ala haurrak. Biak elgarren aditzeko eginak ziren; eta baldin haurrari gozo bazitzaion aitaren ikhustea eta aditzea, ez bide zen gutiagokoa hunen bozkarioa, egunetik egunera hobeki ezagutzen zuelarik, Jainkoak ondokotzat eman zion herritar gaztearen khar saindua.

        Geroxago Aita Iribarne igorria izan zenean mendietan barna, handik zonbeit egunen bidean, Aita Durisbururen aldi zen haren ikhustera joaitea! Bazoakon bada, eskola arte zuenean; iduri zitzaion bere lagun gaztearen aldean, gaztetasuneko urtheetarat itzultzen zela; hanbat zuen bere idurikoa eta khar beraz sustatua!

        Horrela, joan den agorrilaren lehen egunak elgarrekin ereman dituzte bi misionest eskualdunek. Ezen Aita Durisburuk izkiribatu du bere herritarraren ikhusten izanik eta haren berriak jaun aphezpikuari emanik, bere egon lekhurat itzultzera zoala, heldu zitzaionean berria haren semenarioa errea izan zela etsaiez, han utzia zuen misionest lagun bakharra hila, eta Aita Iribarneren eskuko lurretan sarthuak zirela gaixtaginak, bazter guziak odol eta sutan emaiten zituztela.

        Jainkoak egin dio Aita Iribarneri, azken gudua hurbiltzen ari zitzaiolarik bere nausi eta aita maitearen ikhusteko fagorea.

        Bai, berek jakin gabetarik, Jainkoak zerabiltzan bata eta bertzea, eta ez da dudatzeko bataren ahoan eman dituela bertzeak oren hartan aditu behar zituen solasak.

        Zer guerthatu zakon gerotzik Aita Iribarneri, nolakoak izan diren haren azken egunak, ezin dezakegu erran.

        Guk dakigun gauza bakharra da, nahiz ikhusten zituen etsaiak heldu zirela eta nahiz zuen oraino ihes egiteko artea, egon dela bere giristino maiteen artean.

        Ez zuen heriotzeak izitzen; misionestaren ametsa da fedearentzat bere odolaren emaitea.

        Eta amets hori Aita Iribarnek nihork bezain ardura erabili du gogoan. Ihes abiatu da azken orenean, ez beldurrez, bainan bai bere buruzagien manuz. Bai Jainkoak nahi izan dio eman hanbat gutiziatzen zuen saria.

        Dohatsua hura zeren bere odolaz finkatu izan duen, bethi oso begiratu, goraki aithortu eta hain ederki obratu duen fedea.

        Dezotela ardiets, Jainkoarenganik, eskualdun bere herritar maiteer bethi egon ditezen azkar fede berean.

 

aurrekoa hurrengoa